Denbora zeraman Nazioarteko Atletismo Federazioak gaia ikertzen, eta gaur hartu du erabakia. Atletismoko emakumezkoen goi mailako probetan parte hartu nahi duten atletek test genetiko bat egin behar izatea onartu du. «Emakumezkoen maila babesteko» hartutako neurria dela esan du Nazioarteko Atletismo Federazioak.
Test hori listuaren zein odolaren bidez egingo zaie, eta horren bidez SRY genearen presentzia neurtuko dute. Gene hori Y kromosomarekin lotuta dago, eta testosterona mailaren adierazle gisa erabiltzen da. Irailean jarri nahi dute abian neurria, Tokion Munduko Txapelketa jokatuko dela baliatuta.
Nazioarteko Atletismo Federazioak onartutakoaren ondorioz, goi mailako probetan honako atleta hauek soilik parte hartuko dute: batetik, sexu biologikoari dagokionez emakumezkoak direnek, eta, bestetik, sexu biologikoari dagokionez gizonezkoak izanda ere testosteronaren ondorio androgenikoekiko sentiberak ez direnek.
Gaur egun, pertsona hauek soilik dute probetan parte hartzeko aukera: hormonen tratamendua pubertaroa baino lehen edo 12 urte bete aurretik egin duten transexualek eta testosterona maila litroko 2,5 nanomol baino baxuagoa dutenek. Halaber, probetan parte hartu dezakete jaiotzean emakume sexua esleitu zieten baina barne barrabil erabat funtzionalak dituztenek.
Araudi berria egun indarrean dagoena baino zorrotzagoa da, eta ez du kontuan hartuko ez testosterona kontzentrazioa, ezta hormonen tratamendua noiz egin zuten ere. Geneak eta testosteronarekiko sentiberatasun maila soilik hartuko ditu barne.
Sebastian Coe da egun Nazioarteko Atletismo Federazioko presidentea, eta beti agertu izan da neurriak zorroztearen alde. «Helburua ez da atleta baten sexu edo genero identitatea epaitzea edo auzitan jartzea, baizik eta lehiaketa justu bat bermatzea», esan izan dute haren zuzendaritza taldekoek. Hainbat ikerketa hartu dituzte kontuan. Horietako baten arabera, pubertaroa baino lehen, gizonezkoen gaitasun atletikoa emakumezkoena baino %3 handiagoa da jada. «Testosteronak desberdintasunak sortzen ditu garaieran, gorpuzkeran, pelbisean eta gorputz adarretan».