Atletismoko emakumezkoen goi mailako probetan parte hartu nahi duten atletek test genetiko bat egin behar izatea aztertzen ari da Nazioarteko Atletismo Federazioa. Hala zabaldu du El País egunkariak. Ezusterik ezean martxoan egingo duen bileran hartuko du erabakia. Test hori listuaren zein odolaren bidez egingo zaie, eta horren bidez SRY genearen presentzia neurtuko da. Gene hori Y kromosomarekin lotuta dago, eta testosterona mailaren adierazle gisa erabiltzen da.
Hala, aztertzen ari da goi mailako probetan honako atleta hauek soilik parte hartzea: batetik, sexu biologikoari dagokionez emakumezkoak direnek, eta, bestetik, sexu biologikoari dagokionez gizonezkoak izanda ere testosteronaren ondorio androgenikoekiko sentiberak ez direnek.
Egun, pertsona hauek soilik dute probetan parte hartzeko aukera: hormonen tratamendua pubertaroa baino lehen edo 12 urte bete aurretik egin duten transexualek eta testosterona maila litroko 2,5 nanomol baino baxuagoa dutenek. Halaber, probetan parte hartu dezakete jaiotzean emakume sexua esleitu zieten baina barne barrabil erabat funtzionalak dituztenek.
Araudi berria egun indarrean dagoena baino zorrotzagoa da, eta ez du kontuan hartuko ez testosterona kontzentrazioa, ezta hormonen tratamendua noiz egin zuten ere. Geneak eta testosteronarekiko sentiberatasun maila soilik barne hartuko ditu.
Sebastian Coe da egun Nazioarteko Atletismo Federazioko presidentea, eta beti agertu izan da neurriak zorroztearen alde. «Helburua ez da atleta baten sexu edo genero identitatea epaitzea edo auzitan jartzea, baizik eta lehiaketa justu bat bermatzea», esan izan dute haren zuzendaritza taldetik. Hainbat ikerketa hartu dituzte kontuan. Horietako baten arabera, pubertaroa baino lehen jada gizonezkoen gaitasun atletikoa emakumezkoena baino %3 handiagoa da. «Testosteronak desberdintasunak sortzen ditu garaieran, gorpuzkeran, pelbisean eta gorputz adarretan».