Behobia-Donostia

Emakumeen parte hartzea, inoizko handiena

Igandean jokatuko da Behobia-Donostiaren 58. aldia, eta 30.000 lagunek hartuko dute parte. Emakumeen proportzioa gero eta handiagoa da: aurten %29,2koa izango da.

Hiru emakume lasterketa iazko Behobia-Dontian. JON URBE/FOKU
pettan uralde
2023ko azaroaren 7a
14:10
Entzun

Behobiaren bila da aurtengo Behobia-Donostia lasterketaren leloa, eta lasterketaren ibilbidea marraztu dute aurtengo elastikoan. Altxor baten mapa da, eta horren bila arituko dira korrikalari guztiak, «lasterketa garrantzitsu honek ematen duen altxorraren bila». Antolatzaileek jakinarazi dutenez, «lasterketa girotzen duen pirata famatua» omendu nahi izan dute, «lasterketari eman dion guztiagatik». Azaroaren 12an jokatuko da lasterketa ospetsua, eta gaur egin dute haren inguruko aurkezpen teknikoa, Fortuna kirol elkartearen egoitzan.

58. aldiak iazko probaren datu antzekoak izango dituela adierazi dute antolatzaileek. 30.000 parte hartzaileren muga berdindu da aurten ere, baina izen emateak oraindik ere azkarrago itxi dira, ekainean. Parte hartzaileen ia erdiek (%48) lehen aldia izango dute lasterketan, eta, batez besteko adina igo egin den arren, erreleboa izaten ari den zantzuak ikusi dituzte. Emakumeetan, halaber, 27 eta 30 urteko adin tartea da nagusi. Orokorrean, lasterketa oraindik ere «osasuntsu» dagoela azpimarratu nahi izan dute.

Azken urteetan, berebiziko garrantzia hartu du emakumeen parte hartzeak, antolatzaileen hitzetan. Hasieran, %30en langa gainditu zen, lehen aldiz, baina pena handiz iragarri dute azkenean %29,2ra jaitsi dela. Aldarte psikologikoa aipatu dute baja horien inguruan, baina ontzat jo dute ehunekoa handitu izana. Behobia-Donostia lasterketak parekidetasunaren aldeko hautua egin du, eta 50/50 proeiktua jarri du martxan 2025. urteko aldirako.

2022an, lehen aldiz, Behobia-Donostian izena eman zuten kataluniarren kopurua gipuzkoarrena baino handiagoa izan zen. Baina, aurten, Gipuzkoak Kataluniak baino parte hartzaile gehiago izango ditu. Lasterketako korrikalarien %22,3 gipuzkoarrak izango dira; 2022an, ordea, %19,5 izan ziren. Ia hiru puntu handitu da kopurua. Edo, bestela esanda: igandean, hamabi hilabete lehenago baino 808 parte hartzaile gehiago izango dira.

Lasterketaren ibilbidea azken urteetako bera da: hogei kilometro ditu; Behobian hasiko da, eta Donostiako Bulebarrean amaituko. Ordutegiak ere iazko berberak dira: esku bizikletakoak irtengo dira lehenbizi, 09:30ean, eta 09:35ean, patinatzaileen txanda izango da. Bihar emango dituzte parte hartzaileen datuak eta modalitate horien inguruko xehetasunak.

Korrikalariei dagokienez, emakumezkoen proba 09:55ean hasiko da, eta gizonena, 10:00etan. Emakumezkoenean, Aroa Merino eta Helene Alberdi dira nabarmenenak: Merinok hiru bider irabazi du lasterketa, eta Alberdi triatleta sasoi onean dago. Gizonezkoetan, berriz, iazko txapeldunak hartuko du parte, Nan Oliverasek. Hura ere sasoi onean dago, eta irabazteko asmoa du, gainera. Lehen postuaren lehian, Iraitz Arrospide eta Pablo Sanchez ere arituko dira. Sanchez azpimarratu dute antolatzaileek faborito moduan. Txakib Latxgar 2019ko irabazlea ere ariko da igandean, nahiz eta Indiatik datorren, 50 kilometroko Munduko Txapelketa irabazita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.