Emakume Pilota Elkartea (EPE) errealitatea da dagoeneko. Emakumezkoen pilotak azken lau urteetan izan duten hazkundea ikusita, modalitate ezberdinetako 80 pilotarik bat egin dute euren jarduna «bultzatu, kudeatu, arautu eta egituratzeko». Elkarte berriaren eragina oinarritik eliteraino zabaldu nahi dute; beheko mailatik eta teknifikaziotik hasita, jarduera profesionaleraino. Horrela, emakumezkoen pilota eredu «duin eta justuagoa» sortu nahi dute.
Oteizaren pilotalekuetan (Azkoitia, Gipuzkoa) eman zuen bere burua ezagutzera EPEk. Balio sinboliko handiko lekua aukeratu zuen, Patri Espinar elkarteko kideak deskribatu zuen bezala, «pilotaren historian mugarri bat ezartzeko». Elkartean 80 bat pilotari daude, palistak eta esku-huskakoak, baina beste jokamoldeetakoak ere erakarri nahiko lituzkete. Bere lehen pausoetan, besteak beste, Euskadiko, Nafarroako zen lurraldeetako pilota federazioen babesa jaso dute; baita Eusko Jaurlaritzarena, Nafarroako Gobernuarena eta Emakunderena ere. Avento kirol aholkularitza bulegoaren eta Azkoitiko Udalaren laguntza ere eskertu zuten.
Emakumezko pilotarien hausnarketa prozesu baten ondorioa da EPE. Emakumezko pilotariak euren jardunaren oihartzuna handitzen ari dela sumatu dute, baina uste dute «egitura ahula» dela, eta hor eragin behar dela. Era berean, euren hitzak pisu handiagoa izatea nahiko lukete: «Zeresan handia dugu, baina esateko aukera gutxi. Emakume pilotariok kantxetan protagonistak izan arren, ikuskizunaren parte baino ez gara. Gure jarduna jokora soilik murrizten da», nabarmendu zuen Espinarrek. Hark eta Maider Mendizabalek egin zituzten bozeramaile lanak aurkezpenean. Mendizabal munduko txapeldun izandakoa da palaz, eta egun, erreminta partidak esku-huskakoekin uztartzen ditu.
Esku-huskako jardunak jarri du erakusleihoan emakumeen pilota, baina EPEk haratago zabaldu nahi du bere eragina. Gizartearentzat «ikusezin» diren jokamoldeak ere ezagutarazi nahi ditu. Esaterako, gomazko paleta ezker-horman, edo paleta argentinarra trinketean. Historikoki emakumezkoek jokatu izan dute modalitate horietan, eta gizonezkoen erremintak baino oihartzun txikiagoa izan dute. Era berean, emakumezko pilotaren «erreferente» bilakatu nahi dute, gazteen eredu bihurtzeko.
Alde horretatik, EPEk federazio eta pilota sustatzen duten erakundeekin harremanetan jarri nahi du. «Lurralde ezberdinen artean dagoen desoreka konpondu behar da. Federazio guztiekin hitz egin behar dugu. Askoz aberasgarriago egingo du jarduna», aurreratu zuen Mendizabalek. Baina ez bakarrik eragile publikoekin, baita pribatuekin ere. Baiko Pilota sortu zenean emakumezko pilota jaialdiak antolatzeko asmoa plazaratu zuen, eta, bozeramaileek argitu zutenez, harekin harremana izateko prest daude. «Udako jaialdietan topo egingo dugu. Baikorekin edo partidak antolatu nahi dituen edozeinekin. Gu antolaketa hobetzeko gaude, eta gure aletxoa jarri nahi dugu».
EPEk, izan ere, «lehiaketa egutegi egokia» eratu nahi du federazio, klub, eta torneo pribatuen antolatzaileekin batera. Orain arte emakumezkoen jaialdiak antolatu nahi dituzten elkarte edo udalek pilotariei zuzenean deitzen zieten, eta EPEk hori bukatu nahi du: «Udalei bidali diegu txostena dagoeneko. Hemendik aurrera emakumezkoen pilota jaialdia antolatu nahi duenak gure bitartez lotu behar du», aurreratu zuen Espinarrek.
Elkartean 80 pilotari daude, eta zuzendaritza batzorde bat du buruan. Zazpi kide ditu, eta denak pilotariak dira. «Guk hartu nahi dugu lidergoa», aldarrikatu zuten bozeramaileek. Elkartean hiru mailako pilotariak daude: lehen eta bigarren mailakoak, eta hastapenekoak. Helburua denek lehiaketa egutegi horretan tokia izatea da. Antolakuntza ereduak Bertsozale Elkarteak sorturiko Lanku enpresarenaren antza du, eta zuzendaritzako kideek ez dute ukatu elkarte horren antolakuntza eredua inspirazio iturri izan zela. Jaialdiak antolatzeko garaian, gainera, lehen mailako pilotariek egun bateko kontratuak sinatu ditzatela da asmoa. Egun, torneo batzuetan sinatzen dituzte.
Emakumeek hartu dute lema
Modalitate ezberdinetako 80 pilotarik Emakume Pilotarien Elkartea sortu dute. Euren jarduna «arautzea eta egituratzea» dute helburu; oinarritik hasi, eta profesionaletaraino
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu