Gaur da eguna. Gaur jokatuko dituzte Emakume Master Cupeko Lau eta Erdiko Txapelketako bi final nagusiak, pilota gozokoa eta pilota mistokoa; azken hori, lehenbiziko aldiz. 12:00etan da ekitaldia, Barakaldoko (Bizkaia) udal pilotalekuan, eta ETB1ek zuzenean emango ditu bi partidak.
29 pilotarik ekin zioten bi maila horietako txapelketari: hamarrek pilota gozokoan, eta hemeretzik mistokoan. Asteek aurrera egin ahala, galbaheak lana egin du, eta, azkenean, lau pilotari ailegatu dira azken partidara, txapelak jokoan egongo diren norgehiagoka erabakigarrira. Patri Espinar eta Leire Etxaniz ariko dira pilota gozoarekin lehen finalean, eta Miren Larrarte eta Miriam Arrillaga mistoarekin, bigarrenean.
Espinarrek txapela jantzi zuen iaz, baina Etxaniz aurkari gaiztoa da, lau txapel jantzi baititu azken hiru urteetan: hiru binakakoan, eta bat lau eta erdikoan. Espinarren oldarkortasunaren eta Etxanizen sendotasunaren arteko lehia izango da.
Norgehiagoka oso berezia izango da, berriz, Larrarteren eta Arrillagaren artekoa. Izan ere, talde berekoak dira biak, Anoetako (Gipuzkoa) Su-Berrikoak, eta elkarrekin entrenatzen dira. Beraz, sekretu gutxi dago bataren eta bestearen artean. Arrillagak sakea eta joa ditu indargune, eta Larrartek, lehiakortasuna.
Emakume Master Cupeko bi finalak, gaur, Barakaldon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu