Egunak bete-beteak izaten ditu Laida Zaballak, Barakaldoko Zuazo taldeko jokalariak (Irun, Gipuzkoa, 2004). Goizean unibertsitatera joan ohi da, eta arratsaldean entrenamendua izaten du. Martxa hori fisikoki eta mentalki «gogorra» dela azaldu du erdikoak. «Baina ahaleginak merezi du, ilusio handia egiten baitit onenen kontra lehiatzeak». Lehen denboraldia du Ohorezko Mailan.
Europako Txapelketa dela-eta izandako hilabeteko etenaren ostean, bihar hasiko zarete berriz lehian. Gogoz egongo zarete, ezta?
Dudarik gabe. Izan ere, lagunartekoak jokatu ditugun arren, motibazioa ez da bera. Aldea dago lagunarteko bat prestatu edo ligako partida bat prestatu.
Sailkapenaren zuloan egonda, zer landu duzue aste hauetan?
Arlo asko landu ditugu, baina batez ere defentsako oldarkortasuna eta baloiaren mugimendua. Izan ere, bizkorrago mugitu behar dugu. Fisikoa ere asko landu dugu. Gustura gaude egin dugun lanarekin.
Taldea denboraldi honetan igo da berriro, eta zuetako askok lehen esperientzia duzue Ohorezko Mailan. Abiaduran eta fisikoan nabaritu duzue alderik handiena?
Dudarik gabe. Baina pixkanaka ari gara ohitzen, eta uste dut aurrerapausoak eman ditugula denboraldi hasieratik. Etenaldi honetan jokatu ditugun lagunarteko norgehiagoketan taldea hobeto ibili da bi arlo horietan. Mentalki ere freskoago ikusi dut.
Etenaldira bitarte nola jokatu zenuten kontuan hartuta, uste duzu merezitako lekuan zaudetela?
Emaitzak hor daude. Baina jakitun gaude gure maila hobea dela, eta zertxobait gorago dauden hainbat talderen aurka buruz buru lehiatzeko moduan gaudela. Gijoni irabazi genion, eta Aula eta Elda, adibidez, gertu ditugu.
Itzultzeko partida erakargarria duzue: Bera Beraren aurkako derbia, Donostian.
Hala da. Polita da halako neurketa batean itzultzea. Nik zuzenean ikusitako lehen eskubaloi partida Bera Beraren neurketa bat izan zen, eta orain haien aurka jokatzea oso berezia da. Irungoa izanik, lagunak eta familia partida ikustera joango dira, eta horrek ere egiten du berezi.
Nola ikusten duzu Bera Bera?
Argi dago Bera Bera talde indartsua dela, eta min handia egiten duela, batez ere kontraerasoan. Ez diegu korrika egiten utzi behar, eta korrika egiten dutenean bizi itzuli behar dugu defentsara. Bestalde, haiek etenaldian hainbat jokalari izan dituzte selekzioekin, eta agian ezin izan dute guk bezainbeste lan egin. Hori ere baliatu behar dugu.
Eta zein dira zuen indarguneak?
Ez gara oso talde garaia, eta baloia bizi mugitzeko gai bagara, min egin diezaiekegula uste dut.
«Ez gara talde garaia, eta baloia mugitzeko gai bagara, uste dut Bera Berari min egin diezaiokegula»
Aurreko denboraldian goian ibili zineten, eta ia partida gehienak irabazi zenituzten. Oraingoan, bederatzi partidetatik bat irabazi duzue. Nola daramazue?
Egoera zaila da, eta zama hor dago. Baina multzo gaztea gara, oso batuta gaude eta naturaltasunez daramagu. Jakitun ginen ezusterik ezean egoera honetan egongo ginela, eta galdu arren mentalki indartsu eustea da gakoa. Partida bakoitzetik asebeteta atera behar dugu egindako lanarekin. Helburua ahalik eta puntu gehien biltzea da, jaitsiera saihesteko kanporaketetan aukera gehiago izateko.
Lehen urtea duzu Espainiako Ohorezko Mailan. Nolakoa da esperientzia?
Fisikoki eta mentalki gogorra, inplikazio handia eskatzen baitu. Gainera, Zuzenbidea ere ikasten ari naiz. Ondorioz, denbora gutxi dut etxekoekin eta lagunekin egoteko. Baina ahaleginak merezi du, onenekin lehiatuz asko disfrutatzen baita. Ondo antolatzea funtsezkoa da, eta, alde horretatik, aurreko denboraldiko esperientziak, Ohorezko B Mailan izan arren, asko lagundu dit. Izan ere, helburua igotzea zenez, astean bost egunetan entrenatzen ginen orduan ere. Agian, aldea da gimnasioko saioak luzeagoak direla orain. Baina horiek, normalean, goizez egiten ditugu.
Eta jokalari moduan, asko aldatu zara denboraldi hasieratik?
Bai, aurrerapauso bat eman dudala uste dut, batez ere fisikoki, eta hobeto eusten diet lehiei. Bestalde, onenen aurka aritzeko erasoan teknikoki eta taktikoki baliabide gehiago izan behar dituzu, eta horretan ere urrats bat egitera behartuta zaude.
«Fisikoki hobeto eusten diet lehiei, eta teknikoki eta taktikoki ere urrats bat egitera behartzen zaitu onenen aurka jokatzeak»
Gustuko duzu Joseba Rodriguez Haito-k jokatzeko ezarritako modua?
Bai. Jokalariok asko pentsatzera behartzen gaitu, eta horrek ere hazten eta ikasten laguntzen digu.
Kanpoan jokatzen duzunean, bidaiak ikasteko aprobetxatzen dituzten horietakoa zara?
Bai. Nik eta nire taldekide gehienek. Autobusa gure ikasgela bilakatu dugu.
Erdiko postuan zeintzuk dira zure erreferenteak?
Bi ditut: Stine Bredal Oftedal eta Jon Azkue.