Izerditan blai bukatu zuen asteazkeneko entrenamendua Iñaki Beak (Amurrio, Araba, 1978), jokalari lanak egiten jarri zuelako bigarren entrenatzailea Jose Luis Mendilibarrek Eibarren lan saioan. Giroa hotza zenez, ahotik lurruna zeriola ekin zion solasaldiari.
Nola aldatu zaion egoera Eibarri pare bat astean.
Garbi dago garaipenek lasaitasuna eta konfiantza ematen dutela. Baina gaizki hasi baginen ere ligan, banuen ustea gauzak ondo egiten ari ginela, eta ez zitzaidan iruditzen puntuek erakusten zuten bezain gaizki ari ginenik jokatzen.
Esaten ari zara emaitza txarren bolada luze hartan bazenuela gauzak aldatuko ziren ustea?
Bai. Niretzat, mugarria Levanteren aurkako partida izan zen. 0-2 galduz joan eta gero, bina berdintzeko gai izan ginen. Hori baino garrantzitsuago izan zen beste hau: galduz joanda ere, bigarren zatian lasai jokatzeko gai izan ginen, presarik gabe. Taldean nuen fedea, handia izanagatik, indartu egin zitzaidan partida hartan.
Zazpi partida segidan egon zineten irabazi gabe, eta eguneroko lanean ondo jarraitu zuen taldeak. Zenbateko eragina dauka horren oraingo bolada onean?
Lan egiteko modua ez da aldatu denboraldia hasi genuenetik. Bolada txarrean, jokalariek ikusi zuten entrenatzaileok lasai geundela, eta guk ere lasai ikusi genituen jokalariak. Ikusi genuen gurekin konfiantza zutela, eta batasun hori ez galtzea oso garrantzitsua izan da.
Baina konfiantzaren marra hori erraz haustekoa izaten da halako bolada txar luzeetan, ezta?
Jakina. Ezagutu izan ditut horrelako egoerak, zeinean entrenatzaileak kalean egoteari utzi eta lanean segitzeari ekin dion, emaitza on bategatik. Adibidez, gu Valladoliden geundenean [Bea jokalari, eta Mendilibar entrenatzaile], Lotina estu zen Deportivon, baina beraiek irabazi ziguten, eta sailkapenaren erdian lasai bukatu zuten liga. Guk, aldiz, komeriak izan genituen mailari eusteko.
Bolada txarrean, besteetan baino gehiago hitz egin zenuten jokalariekin, konfiantzari eusteko?
Ez. Beraiek galdetzen zuten gauza gehiago. Entrenatzaileongan aurkitu nahi izaten dute halakoetan segurtasuna; eta guk eman egin genien, erabat sinesten genuelako. Emaitzak txarrak izan ziren bolada luzean, baina jokoa ez zen hain txarra izan beti. Eguneroko lanean ez gara aldatu, ez dugu arlo bat bestea baino gehiago landu. Jai egunak ere beti bezala egin ditugu. Egoera txarretan eta onetan ez dugu aldatzen hori, lan gehiago egitearekin ezin delako itsutu gure ustez. Jokalaria ez dugu zoratu behar, eta oreka behar da, onean eta txarrean.
Sistema aldatu zenuten, eta erdiko hiru atzelarirekin jokatzen ibili zineten. Zer nahi zenuten lortu?
Sistema horrekin jendeak pentsatzen du defentsan sendoagoa izaten dela taldea, baina Mendiri beti gustatu izan zaio arriskuak hartuz defendatzea, hobeto egiten delako lan hori, kalitate eta elkartasun handiagoa duelako, jokalari asko atzean pilatuta jartzen direnean baino. Dinamika aldatu nahi izan genuen, jokalariei berritasunen bat eskaini, eta hegaletatik erasoan joko gehiago sortzeko ere erabili genuen. Nahiko ondo atera zen sistema aldaketa, baina baloia ez zen sartzen, eta orain, berriz, baloia sartu egiten dugu. Uste dut sistema horrekin jarraitu izan bagenu garaipen hauek berdin lortuko genituela.
Zergatik itzuli zarete lau atzelariko sistemara?
Erosoen horrela dago taldea, eta beste sistemarekin emaitza onak ez genituen atera. Gainera, Betisek jokatzen duen bezala, hobeto etortzen zitzaigun 4-4-2 sistema erabiltzea, ondo landuta daukagulako Betisen jokatzeko modua azpiratzeko. Jokalariek erakutsi zuten sinesten dutela gure jokatzeko ereduan.
Hiru garaipen hauek aldatu egin dute neguko fitxaketen aldirako plangintza?
Klubak ondo ikusia du jokalariren bat, baina etortzekotan, egindako jokalaria izan behar du, orain lagunduko diguna. Gainera, datorren denboraldirako ere balioko duena. Orellana bezalakoa, adibidez.
Ez al da arriskutsua taldearentzat bolada onean denean jokalari berriak ekartzea?
Etortzekotan beste bat gehiago etorriko da, eta ez da etorriko apusturen bat, eta hori da garrantzitsuena.
Ze lekutan jokatzen du jokalari horrek?
Aurrean eta zelai erdian ondo gaude. Fitxaketa honekin etorkizunera ere begiratu behar da.
Etorkizunaz ari zara Mendilibarrek eta zuk jarraitu egin behar bazenute bezala.
Gu klubeko langileak gara, eta jarraitu edo ez, gure lanak klubarentzat izan behar du.
Iñaki Bea. Eibarreko bigarren entrenatzailea
«Emaitza txarren boladan, banuen gauzak aldatuko ziren ustea»
Eskarmentua nahi beste du Beak. Jokalari bat ematen du aulkian, eta ez bakarrik prakamotzetan egoten delako. Neurriko zapata da Mendilibarren jenio biziarentzat, izaera alaiaz beti ari baita txantxetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu