Tokio 2020. Ander Elosegi. Piraguista

«Emaitza ez da hain ona, baina egindako lana bai»

Ez du lortu nahi zuen emaitza, baina, hori alde batera utzita, bere gaitasunen neurriko jaitsiera egin ez izanaren sentsazioa geratu zaio. Hala ere, uste du ondo prestatuta iritsi dela eta jaitsierak ondo planteatu dituztela.

ENRIC FONTCUBERTA / EFE.
jakes goikoetxea
Tokio
2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Lehiaketa bukatuta, azken egunetako tentsioaren zama arindu egin zaio Ander Elosegiri (Irun, Gipuzkoa, 1987). Zortzigarren postua lortu zuen herenegun kanoen ur bizietako jaitsieran.

Zer-nolako gorputzaldiarekin jaiki zara, herenegungo finala eta gero?

Ondo. Kirolarioi askotan gertatzen zaizkigu horrelako gauzak, eta badakigu zer den. Onartu beharra dago. Zortzigarren postua lortzeak esan nahi du zazpi piraguista ni baino hobeak izan zirela.

Aho zapore mikatzarekin zaude oraindik?

Pixka bat bai, uste baitut finalean maila hobea eman nezakeela, finalerdian erakutsi nuen moduan. Pena ez dut postuagatik, baizik eta ezin izan nuelako nire maila eman. Maila ez ematea baino gehiago, uste dut pixka bat hobeto egiteko gai nintzela, baina ez nuela egin. Pena hori dut. Emaitza bera lortuko banu, baina beste jaitsiera batekin, beste sentsazio bat izango zen.

Tentsio handiko egunak izan dira. Gauean lo egin zenuen?

Bai. Gorputzak ere azken egunetako tentsio horretatik ihes egitea eskatzen du, lasai lo egitea, nahiz eta emaitza ez zen hain ona izan.

Animo mezu asko jaso dituzu?

Bai, espero nituenak baino gehiago. Eskertzekoa da; ikusten duzu jendea adi egon dela.

Buelta asko eman dizkiozu finalari? Zeure burua zigortu duzu, hobeto egin zenezakeelako?

Ez, egindakoa egina dago. Emaitza hori da. Aurrera begira, bai, egindakoa ondo aztertuko dugu entrenatzailearekin, batez ere ikusteko zer hobetu dezakegun, zer egin dugun ondo, zer ez...

Jaitsiera zehatz-mehatz aztertzen duzue?

Finala ez dugu momentuan bertan aztertzen, denboraldi berriari begira baizik, ikuspegi zabalago eta lasaiago batekin. Finalerdiaren azterketa, bai, hori han bertan egin genuen, finalari begira zerbait aldatu behar zen ikusteko.

Asko begiratzen zaio azken emaitzari. Zuek, ordea, emaitza baino gehiago, emaitza horretara iristeko egindako prozesu guztia aztertzen duzue?

Kanpotik, bai, emaitzari begiratzen zaio, baina autokritikak beste modu batekoa izan behar du.

Ez da ahaztu behar aurretik egindako lan onaren emaitza dela Olinpiar Joko batzuetan egotea. Ez da erraza.

Bai, jakina, guk ere hori badakigu, baina, hemen egonda, beti nahi dugu gehiago. Helburua garbia zen: domina lortzea. Hala ere, bagenekien oso zaila zela, eta horretarako gauzak ondo egin behar zirela. Horretan zentratu ginen, analisi on bat egiten, jaitsiera nola egin nahi genuen ondo zehazten. Alde horretatik, pozik gaude, lanak ondo egin ditugu. Egia da azken jaitsieran gauzak ez zirela hain ondo atera eta emaitza ez dela hain ona. Hala ere, egindako lana ona izan da, eta pozik gaude.

Finalean arriskatu egin behar da.

Arriskatu baino gehiago, finalerdiaren erreferentzia duzunez, badakizu zertan hobetu dezakezun, eta, finala izanda, denbora aurrezteko lekuak bilatzen saiatzen zara. Eslalomaren zailtasunarekin erraza da akatsak egitea, eta hori gertatu zitzaidan: akats txiki batzuk pilatu zitzaizkidan; denbora galdu nuen, eta, gainera, ate bat jo nuen. Emaitza ez da hain ona, baina kirola da.

Jaisten ari zarela, horretan guztian pentsatzen duzu? Ondo zoazen, gaizki...

Badakizu, baina ezin duzu horretan zentratu, bestela edozein akats txikirekin lehiatik kanpo geratuko zinateke, eta ezin da hori gertatu. Azkenean, 25 ate daude, eta beheraino iritsi behar da, nahiz eta jaitsiera ona ez izan. Dena eman behar da bukatu arte.

Jendea jabetzen da ur bizietako jaitsieren zailtasunaz? Korronteak, zurrunbiloak... eta, hala ere, ateetatik zentimetro gutxi batzuetara pasatu ahal izatea, ukitu gabe?

Ez dakit jendeak nola ikusten duen. Uste dut ez dela ikusten zer zaila den hor egotea; ziur aski zailtasun hori ez da ondo ikusten, baina jendea jabetzen da ez dela batere erraza.

Beste lehiaketa batzuk ere izaten dituzue, baina Olinpiar Jokoak dira garrantzitsuenak. Bukatu eta gero, zama bat arindu izana sentitzen duzu?.

Bai, azken egunetako tentsioak eta urduritasunak nolabait ihes egiten dutela sentitzen da. Emaitza ona edo txarra izanda ere, denok sentitzen dugu bukatu dela. Orain, atseden hartu, eta hurrengora arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.