Brontzezko dominatik 5,748 segundora geratu ziren atzo Asier Maeztu eta Unai Elorriaga Pistako Munduko Txapelketan, Minsken (Bielorrusia), taldekako jazarpenean. Eloy Teruelek eta Sebastian Morak osatu zuten Espainiaren laukotea, eta sailkapen proban dotore aritu ondoren —Errusiaren hutsa baliatu zuten lau onenen artean sartzeko—, brontzea lortzeko borrokan nagusi izan zen Danimarka. Ezustean, Australiak lortu zuen urrea, eta Britainia Handiak zilarra.
Maeztuk eta Elorriagak bezala, Tania Calvok ere lan ederra egin zuen atzo. Helena Casasekin batera, taldekako esprintean aritu zen arabarra, Espainiako selekzioarekin, eta zazpigarren postuan amaitu zuen saioa (Alemania, txina eta Britainia Handia igo ziren podiumera). 20 urte besterik ez dauzka gasteiztarrak. Emaitzei dagokienez beste puntan, Maeztu, Elorriaga eta Calvo baino makalago ibili zen Sergio Aliaga. Kilometroko saioan aritu zen nafarra, eta denborarik txarrena egin zuen. François Pervis frantziarrak lortu zuen urrea. Aipagarria izan zen Sarah Hammer estatubatuarrak jazarpenean lortu zuen bosgarren urrea ere.
Gaur ere lau euskal txirrindulari ariko dira lehian. Bakarkako jazarpenean parte hartuko du Maeztuk, taldekako esprintean Juan Peraltak eta Hodei Mazkiaranek, eta 500 metrokoan Calvok.
Valverdek, etapa eta nagusia
Andaluziako Itzuliko hirugarren eta azken etapa jokatu zen atzo, eta Alejandro Valverdek (Movistar) dotore biribildu zuen azken egunotako lan ona. Espainiarrak irabazi zuen azken etapa, Rincon de La Victorian, hamabi txirrindulariko multzoan nagusituta, eta Jurgen Van den Broeck (Lotto) eta Bauke Mollema (Blanco) igo ziren, azkenean, Valverderekin batera podiumera. Ion Izagirre (Euskaltel-Euskadi) izan zen euskaldunik onena azken etapan —erasoa jo zuen kilometro eskas falta zela, baina taldetxoak ez zion baimeni eman—, eta Mikel Nieve (Euskaltel-Euskadi) sailkapen nagusian, 12. postuan, Valverderengandik 53 segundora.
Elorriagak eta Maeztuk laugarren postua lortu dute jazarpenean
Danimarkak kendu dio domina Espainiari Pistako Munduko Txapelketan; esprintean 7. izan da Tania Calvo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu