Sei bikote misto ariko dira berriro Masters txapelketan: Elordi-Albisu, Altuna III.a-Imaz, Ezkurdia-Mariezkurrena II.a, Larrazabal-Zabaleta, Jaka-Martija eta Peña II.a-Rezusta. Iazkoaren aldean, Elordi, Peña II.a eta Larrazabal ariko dira Irribarriaren, Urrutikoetxearen eta Lasoren ordez.
Larrazabal da berrikuntza nagusia. Baikok itxaropen handia du harengan, eta horren erakusle da haren alde egin duela. Lehen aldia du aurrelari amurrioarrak, eta, babestua egon dadin, atzelaririk indartsuena jarri diote: Zabaleta. Elordi ere lehen aldiz ariko da Masters txapelketan, baina harena ez da ezustekoa, egungo buruz buruko eta binakako txapelduna baita.
Sei bikoteek bost jardunaldiko ligaxka bat jokatuko dute, eta lehen bi bikote sailkatuak finalerdietara igaroko dira. Hirugarren eta seigarren arteko sailkatuek, berriz, kanporaketa bat jokatuko dute, eta irabazleak finalerdietan ariko dira. Finalerdiak eta finala asteburu berean izango dira, Iruñean, Nafarroa Arenan: finalerdiak, irailaren 29an, eta finala, urriaren 1ean.
Iaz, Ezkurdiak eta Mariezkurrena II.ak irabazi zuten txapela, finalean Altuna III.ari eta Imazi 22-15 irabazita. Hain zuzen, bi bikote horiei eutsi diete aurten ere. Beste lau bikoteak, ordea, berriak dira.