Pilota

Elordi eta Zabaleta abiada hartzen hasi dira

22-15 irabazi diete Peio Etxeberriari eta Martijari Labriten. Bigarren garaipena dute jarraian. 2-8 joan dira galtzen, baina partida irauli dute gero.

Aitor Elordi. IÑIGO URIZ / FOKU
Aitor Elordi, tanto bat ospatzen, gaur, Labriten. IÑIGO URIZ / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko abenduaren 14a
20:00
Entzun

Binakako Txapelketa jokatuko duten bikoteen berri eman bezain laster jo zituzten txapela irabazteko faboritotzat Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaleta. Bi arrazoi zeuden uste horretarako: bata, Zabaleta nagusi dela binakako lehian; hura izan da azken hamarkadako atzelaririk onena, eta horren erakusle da bost txapel irabazi dituela binaka. Beste arrazoia zen Elordi eta Zabaleta elkarrekin aritutakoa zirela, 2022-2023ko denboraldiko ekitaldian, eta txapeldun izan zirela.

Baina, kirolean, izenari izana gehitu behar zaio, eta txapelketako lehen partidan, Beasainen (Gipuzkoa), eskas aritu ziren, eta Joseba Ezkurdiak eta Beñat Rezustak nagusitasunez irabazi zieten: 22-12. Ezustekoa izan zen, galdu izanagatik baino gehiago, galtzeko eragatik. Euren buruarekin haserre bukatu zuten.

Baina haserrea akuilu bilakatu dute gerora. Gora egin dute nabarmen, eta hurrengo bi partidak irabazi dituzte. Joan den astean, hiruan utzi zituzten Jokin Altuna eta Aitor Aranguren Donostian, Atano III.ean. Gaur, berriz, 22-15 nagusitu zaizkie Peio Etxeberriari eta Julen Martijari Iruñean, Labriten. 

Gaur irabazi eta gero, hirugarren dira ligaxkako sailkapenean, bi garaipen lortuta. Aldiz, azken-aurrenak dira Peio Etxeberria eta Martija, garaipenik eskuratu gabe. Txapelketa hasi besterik ez da egin, baina lehenbailehen suspertu beharra dute, eta puntuak biltzen hasi, urduritasuna eta presa saihesteko.

Labriteko neurketak bi zati izan ditu. Aurrenekoan, Peio Etxeberria eta Martija nagusi izan dira, eta 8-2 jarri dira. Ezinean aritu dira Elordi eta Zabaleta. Baina, 2-8koarekin, aldagelara joan dira, Zabaletari lentilla mugitu baitzaio, eta handik bueltan, goitik behera aldarazi dute lehia. Zabaleta agintzen eta aukerak sortzen hasi da, eta Elordik bikain aprobetxatu ditu aurrean. Ziztu bizian eman diote buelta emaitzari: 2-8tik 19-12ra. Galtzaileek azken susperraldia izan dute, baina alferrikakoa izan da. 

Bihar jokatuko dute hirugarren jardunaldiko azken partida, Bartzelonan. Altuna III.a eta Aranguren Ezkurdiaren eta Rezustaren aurka ariko dira. Aurrenekoek garaipen bat lortu dute; bigarrenek, berriz, bitik bi irabazi dituzte. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.