FUTBOLA

Elkarreraginaren onura xede

Realak eta Alavesek gaur jokatuko dute Espainiako Ligan. Gipuzkoarrek Mallorca bisitatuko dute; arabarrek, berriz, Betis.

(ID_13463969) (Andoni Canellada/@FOKU) 2024-01-02, Donostia. Futbola
Gebara, Le Normand eta Guridi, Realak eta Alavesek Anoetan jokatutako partidan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jon Ander De la Hoz.
2024ko otsailaren 18a
05:10
Entzun

Realak eta Alavesek nork bere onura bilatuko dute gaur arratsaldean jokatuko dituzten partidetan, baina baliteke bi norgehiagokek elkarreragina izatea bi taldeentzat. Izan ere, txuri-urdinak Europako postuen peskizan dira aspaldian, eta Betis dute aurkari behinenetako bat lantegi horretan. Bada, babazorroek Manuel Pellegriniren taldea izango dute aurkari 21:00etan (Dazn). Aurrez, donostiarrek Mallorca bisitatuko dute 18:30ean (Movistar La Liga). Sailkapenaren mamua uxatu nahian ari da Javier Agirreren multzoa, baina Realak irabazteak haiengandik aldenduko luke Alaves.

Besteari begiratu aurretik, ordea, talde bakoitzak bere norgehiagokan lortu behar du arratsaldeko helburu nagusia. Irabaztea, alegia. Izan ere, gipuzkoarrek hiru partida kateatu dituzte ligan gailendu gabe; arabarrek, berriz, bi. Realak Txapeldunen Ligako kanporaketa izan du jomugan azken egunetan. Kanporaketa izartsua abiatu zuen asteazkenean, Paris Saint Germainen kontra — 2-0 galdu zuen final-zortzirenen joanekoan—, baina txapelketa erregularrari heldu behar dio urte amaierarako xedea lortzekotan.

Uste hori du Imanol Alguacil entrenatzaileak: «Hiru egunean behin jokatzen dugu, eta beti lehiakor aritzen gara. Batzuetan hobeto, bestetan okerrago, baina borrokan gaude. Gainera, final batera ailegatzeko aukerak ditugu, eta Txapeldunen Ligan ari gara. Ilusioak bere horretan segitzen du».

Realari bolbora busti egin zaio erasoan, azken partidei erreparatuz gero batik bat. Ez alferrik, Imanolen taldeak ez du golik sartu azken bost norgehiagoketan. Irabazteko ezinbesteko aldagaia da kontrarioaren atearen aurrean asmatzea, baina teknikari oriotarrak talde osoaren lana dela azpimarratu zuen atzoko prentsa agerraldian: «Ez dut aurrelariengan soilik jarriko arreta, gola guztien artean sartu behar baitute. Zorionez, horretarako aukerak izaten ari dira. Hori bai, sortzen ditugun aukera guztiekin ez sartzeak higatu egiten gaitu. Gol gehiago sartzea gustatuko litzaidake, baina jokalariei ezin diet askoz gehiago eskatu».

Realak Mallorca izango du aurkari. «Talde lehiakor bat», prestatzailearen esanetan, eta nabarmendu zuen ezaugarri hori izango duela Son Moixeko norgehiagokak ere. Imanolen arabera, «neurketa gogorra izango da, [Espainiako] kopakoa bezalaxe. Irabazi egin nahi dugu, garrantzitsua baita goiko postuetan segitzeko». Hain justu ere, bi taldeek hutsean berdindu zuten kopako finalaurrekoen joanekoan. Hilaren 27an jokatuko dute itzulerakoa, Donostian. Gaurko deialdiari dagokionez, Imanolek zerrendan sartu ditu Mikel Merino eta Hamari Traore, baina kili-kolo daudela aurreratu zuen prentsa aretoan. Kieran Tierney eta Mikel Oiartzabal osatze bidean daude, baina etxean geratu dira. 

Alavesek, berriz, hezur gogorra bisitatuko du. Betis izango du aurkari Benito Villamarin estadioan. Sailkapenaren atzeko postuetatik urruntzeko eta patxada handiagoko postuetan egonkortzeko aukera bikaina du Luis Garcia Plazaren taldeak. Joan zen astean Vila-realen aurka egindako partida duina itsasargi duela ariko dira; ordukoan maila onean aritu zen Alaves, baina berdindu egin zuen (1-1).

Hargatik, garaipenaren bidera itzuli nahi du bi partidaren ostean: «Salbazioaren helburua ez dugu lortu oraindik: 27 puntu ditugu. Hilabete hau hil ala bizikoa da. Betis ez da gure mailako taldea, baina hurrengo partidetan Mallorcaren, Osasunaren eta Rayoren aurka jokatuko dugu. Gaur puntuak batuz gero, helburua bideratuta egongo da. Bestela, egutegi gogorra izango dugu gero».

Alde horretatik, teknikariak lanak aurreratu nahi ditu Betis menderatuta. Nolanahi ere, Garcia Plazak nabarmendu du aurkaria goseti egongo dela: «Zaleen aurrean ariko dira, eta Konferentzia Ligako zapore txarra hobetu nahiko dute. Neguan hobekien indartu den taldea da». Alavesek Javi Lopez, Carlos Benavidez eta Rafa Marin berreskuratuko ditu partidarako.

Athletic, bihar

Athleticek Girona jasoko du bihar (21:00, Dazn eta Gol). Joan zen asteko emaitza eskasa irauli eta Txapeldunen Ligako postuetan jarri nahi dute zuri-gorriek; horretarako, talde kataluniarra menderatu behar du San Mamesen, eta hura ikusgarri ari da. Partida horrek osatuko du 25. jardunaldia. 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.