Eskubaloia. ABF liga

Elkarren ispilu eta babes

Elkarrekin hasi ziren, baina eskubaloiak bakoitza talde batera eraman ditu, berriz ere, ahizpa bikiak: Patri Pinedo Itxakon ari da, eta Eli Bera Berara itzuli da.

edurne elizondo
Iruñea
2011ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Zaila da nor den nor asmatzea. Ahizpa bikiak dira Eli eta Patri Pinedo (Amurrio, Araba, 1981), eta antz handia dute itxuran. Izaeraz ezberdinak direla diote, ordea. Isilagoa eta lotsatiagoa dela Patri, Eli baino. Ahizpari buruz hitz egiten dutenean, hala ere, ia hitz berberak errepikatzen dituzte batek eta bertzeak. «Oso garrantzitsua da ahizparen laguntza», erran du Patrik. «Nire babesik inportanteena da», zehaztu du Elik. Ia egunero hitz egiten dute elkarrekin, aitortu dutenez. Elkarren ispilu eta babes direlako.

Danimarkatik itzuli da Eli oraintxe hasiko den sasoian Bera Berarekin aritzeko. Ez da talde berria Donostiakoa jokalari arabarrarentzat. «Ahizparekin egon nintzen Bera Beran. 18 urterekin hasi, eta 24 nituenean joan nintzen». Etxera itzuli dela sentitzen du orain. «Lagun asko dut hemen, eta primeran nago, oso gustura».

Danimarkatik pozik itzuli da Euskal Herrira, baina hango ligan aritzea esperientzia polita eta aberasgarria izan dela nabarmendu du Elik. «Emakumezkoen eskubaloirik onena da hangoa; pozik nago hara joateko urratsa egin nuelako». Lehen hilabeteak, dena den, ez ziren errazak izan. «Hizkuntza ez nuen ezagutzen, eta bakarrik nengoen». Hasierako une horiek ahaztu ditu jada, eta esperientziaren alderdi onei eman nahi izan die garrantzia itzuli denean.

Eli Danimarkan zegoenean, Internet bilakatu zen ahizpen arteko zubi nagusi. Ahizpa Donostiara itzuli izanak biziki poztu du Patri. «Ahizpa ordubetera izatea pozgarria da, niretzako babes handia delako, beti izan da».

Elik Itxako utzi aurreko sasoian ailegatu zen Patri Lizarrako taldera. Denboraldi bakarra aritu ziren elkarrekin. Aurreko sasoian bakarrik zen Patri Pinedo Itxakon. Denboraldi garrantzitsua izan zen arabarrarentzat. Gauzak ezin hobeki atera zitzaizkion. Aurrekoa izan delako Itxakok inoiz egin duen denboraldirik onena. ABF liga eta Espainiako Kopa eta Superkopa irabazi zituen; Txapeldunen Ligan, gainera, finalean aritu ziren nafarrak. Larvik Norvegiako taldearen aurka galdu egin zuten.

Pinedo ahizpek aurreko sasoian Itxakon elkarrekin jarraituko zutela uste zuten hasieran. Ezustean harrapatu zuen Patri taldeak ahizpa bazter uzteko hartutako erabakia. «Kolpe gogorra izan zen niretzat», azpimarratu du. Lizarran gustura zegoelako; erabat murgilduta taldean eta herriko eguneroko bizitzan. Kirolaren esparruan, gainera, erronka politak zituen aurrean. Eta erronka horiek ahizparekin partekatzeko aukera, gainera.

Usteak, ordea, hutsean gelditu ziren. Orduan bizi izandakoak gogoratzen dituenean, sumatzen zaio Eliri Itxako uzteko garaiak utzitako arrastoa, baina jokalariak ez du atzera tristuraz edo saminez begiratu nahi. «Gauza onak gogoratu nahi ditut, eta aurrera begiratu. Oraindik ez dakit zein izan zen ni taldetik kanpo uzteko arrazoia, baina ez dut horretan gehiago pentsatu nahi». Itxakorekin ari zenean bere ibilbidea han amaituko zela uste zuela onartu du Elik, eta hori nahi zuela; baina gauzak ez ziren pentsatu bezala gertatu, eta orain, Danimarkan bizitako esperientziak utzitako lezioei zukua atera eta gero, indarrez erran du jokalariak Bera Berara itzultzea hagitz polita izan dela. «Etxean naizela sentiarazi didate denek». Aurrera begiratzeko, lanean jarraitzeko prest da.

Itxakoren erronka

Hirugarren denboraldia du orain hasi dena Patrik Itxakon. 2009ko udan ailegatu zen Nafarroara, eta onartu du ahizpa Lizarran egoteak «pisu handia» izan zuela Itxakorekin bat egiteko erabakia hartzerakoan. «Kirol esparruko erronka izan zen hona etortzeko arrazoi nagusia, baina bigarrena, zalantzarik gabe, ahizpa».

Horregatik, Patrirentzat ere gogorra izan zen ahizparen agurra. Halako egoerak kirolaren munduan «ohikoak» direla azpimarratu du, hala ere, eta ezin dutela jokalarien jarduera baldintzatu. Aurrera egin behar dela azpimarratu du, ahizpak bezala.

Aurrera egin zuen Patrik, eta Itxakorekin sekulako denboraldia egin zuen Lizarrara ailegatu eta bigarren sasoian. Bide beretik urratsak egiten jarraitzea da orain jokalariaren asmo bakarra. Jakinda, dena den, aurreko sasoiko emaitzak berriz lortzea hagitz zaila izanen dela. Jokalariek beren buruaren kontra egin beharko dute lan, aurreko denboraldian lortutakoa gainditzen saiatzeko. Ez da erronka batere erraza hori. Oraingoz, ezin hobeto hasi dira, dagoeneko lehen titulua irabazi baitute: Espainiako Superkopa, hirugarren aldiz.

Ilusioz eta gogoz beteta dago, behintzat, Patri. Itxakok aurreko denboraldiko taldearen bizkarrezurrari eutsi diola erran du, eta jokalarien arteko giroa ona dela gaineratu du. Badaki giro horrek garrantzi handia izanen duela sasoiak aurrera egin ahala. Taldeko giroa izaten dela pistan golak egiteko pizgarri nagusietako bat. Itxakok aurreko sasoian lortutako emaitza onen zati handi batek jarreran izan baitzuen oinarria. Jokalarien bat egiteko gaitasunean, eta batasun hori pistan islatzeko moduan.

Aurreko sasoiko lorpenik garrantzitsuenetako bat Txapeldunen Ligako finalerako sailkatzea izan zen. Galdutako final horren arantza ateratzeko gogoz da Patri. Ahizpa, halaber, Itxakoko jokalariaren arrakastak txalotzeko irrikan da. Aurreko denboraldiko finalean ere Iruñean izan zen haren ondoan. «Arraroa izan zen, baina polita. Lan handia egin zuten jokalariek, eta pena izan zen finala galtzea».

Patri Europan bertze final bat jokatzeko irrikan da. Ahizpa Europan ikusteko ere bai. Bera Bera EHF kopan ariko da sasoi honetan, eta Patrik ahizparen taldea urrun ailegatzea bertzerik ez du nahi.

Europako lehiaketez, ABF ligaz eta bertze hainbat kontuz hitz egiteko aukera izanen dute ahizpa bikiek. Telefonoz, bai eta aurrez aurre ere. Ligako bigarren jardunaldian, hain zuzen ere, Itxakoren eta Bera Beraren arteko derbia jokatuko da Lizarran. «Oraindik ez gara elkarren kontra jokatzera ohitu», erran du Patrik. Derbien aurreko egunetan eskubaloiaz ez dutela hitz egiten argi utzi dute biek. «Profesionalak gara».

Gurasoak ere haien arteko partidez gero eta gutxiago mintzatzen direla gaineratu du Elik, barrez. «Ni lehen Itxakon nengoen, eta ahizpa Bera Beran; eta orain alderantziz gaude. Jada ez dakite nor animatu. Partidara joan, ikusi, eta kito, besterik ez dute egiten».

Alabak ikusteko hamaika aukera eskainiko die oraintxe hasi den denboraldiak Pinedo ahizpen gurasoei. Jokalariak pistara ateratzeko irrikan dira. Bera Berako etapa berriak ilusioz bete du Eli, eta bere jokorik onena erakusteko prest da. «Taldeak lehen postuetan egoteko lan eginen du, horretarako gaitasuna dugula uste dut».

Itxakorekin sasoiko lehendabiziko txapela lortu du jada Patri Pinedok. Espainiako Superkopa alegia. Denboraldia ongi hasi da harentzat. Ezin hobeki. Bide beretik jarraitzea izanen da kontua orain. Erronka ez da batere erraza, baina hari indarrez aurre egiteko prest da arabarra. Nork lagundu ez du faltan izanen. Eskubaloiaren munduan elkarrekin murgildu ziren Pinedo ahizpak, eta aspaldi bakoitzak bere bideari ekin bazion ere, bien arteko harremana estua dela sumatzen da jokalarien hitzetan. Elkarrekin hasi ziren, elkarri lagundu diote, eta elkarri indarra emateko prest dira biak. Bat Lizarratik. Bertzea Donostiatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.