Bikotea osatzen badute menderaezinak direla pentsa liteke. Hala diote datuek. Hiru aldiz osatu baitute Dan Necolek (Saint Geours de Maremne, Frantzia, 1989) eta Iñaki Urrutiak (Armintza, Lemoiz, Bizkaia, 1994) bikotea palako Kutxabank Ligan, eta hiruretan txapela jantzi dute. «Bikote orekatua osatzen dugu. Berak abiadura ematen dio jokoari, eta nik atzean ondo eusten diot», azaldu du Urrutiak. «Oso erregularrak izan gara. Gure jokoak ondo uztartzen dira», dio Necolek. Kutxabank ligako zazpi final jokatu ditu jarraian frantziarrak, eta bost daramatza elkarren segidan bizkaitarrak: lau txapel ditu bakoitzak. Iaz, Pablo Fustorekin txapela jantzi zuen Urrutiak, finalean Necol eta Iker Gordon menderatuta.
Profesionaletara jauzia egin aurretik, elkarrekin txapelketa bat irabazitakoak ere badira. «Promozioko torneo bat irabazi genuen. Euskal Herrian jokatu nuen lehendabizikoa izan zen, eta Iñakirekin aritu nintzen. 21 urte izango zituen berak, eta 26 nik. Ordutik, gauza asko partekatu ditugu, eta elkarrekin jokatzeaz gozatu egiten dut», ekarri du gogora Necolek. Urrutia ere akordatzen da hastapen haietaz: «Hasieran, ez zekien gaztelaniaz, eta, beraz, komunikazioa ez zen ona. Oso harreman ona daukagu, eta esan genezake begirada soil batekin elkar ulertzen dugula».
Necol-Urrutiak 2019an irabazi zuten elkarrekin lehenengo txapela. 2020an balentria errepikatu zuten, eta, gainera, liga osoan partida bakar bat ere galdu gabe. «Irabazi ditugun hiru txapelketak oso ezberdinak izan dira. 2020ko aldian, neurketa guztiak irabazi genituen: uste dut beste inork lortu ez duen zerbait dela. Nire ustez, irabazi ditugun hiru ligak aztertuta, azkena izan da zailena. Beste urte batzuetan baino lasaiago ekin genion txapelketari, baina finalera sasoi betean heldu ginen». Baiezkoan da Urrutia: «Txapelketa oso gogorra izan da. Ni ez nintzen oso ondo hasi, baina azkeneko hiru partidak bikainak izan dira. Fase garrantzitsuenera sasoiko iritsi ginen». Txapelketa luzea izateak «mesede» egiten diela uste du aurrelari frantziarrak: «Horrelako torneoak bikote erregularrenak irabazi ohi dituelako».
Elkar oso ondo ezagutzen dutenez, batak bestearen analisia erraz eta zehatz egin du. Urrutia hasi da: «Dan indar handiko pilotaria da. Eskuinez kolpe handia du, erritmo handian jokatzea gustatzen zaio, eta fisikoki oso ongi prestatuta dago. Ezkerrarekin asko hobetu du azken urteotan. Pilotari osoa da». Necolek ere sakon aztertu du Armintzakoa: «Errespetu eta konfiantza handia ematen didan jokalaria da. Teknika ona du, defentsan ondo moldatzen da, eta oso erregularra da. Hori funtsezkoa da niretzat. Nire gisa, pilota pasioz bizi du, eta irabazteko gogoa du».
Bizkaia pilotalekua
Pilotalekua ere bada bikotearen arrakastaren zergatietako bat. «Guretzat aproposa da, erritmoa emateko pilotaleku ona delako. Mungian, Iñaki ez zen bere mailan aritu, eta Gallartan ligako partida jokatu genuenean, neurketa txarra egin genuen», azaldu du Necolek.
Bizkaia pilotalekuan «eroso» aritzen da Armintzako atzelaria: «Etxean bezala jokatzea da. Erraz ateratzen zait nire jokoa». Necolek astero 800 kilometro egiten ditu Bilbora joan-etorrian, baina, palarekin gozatu egiten duenez, ez zaio asko axola. «Iñakiri beti esan izan diot egiten dugunaz gozatzea dela irabazteko gakoa».
Elkarrekin garaiezinak dirudite
Dan Necolek eta Iñaki Urrutiak hiru aldiz irabazi dute elkarrekin Kutxabank pala liga. Bi palisten iritziz, bikote «orekatua» osatzen dute, eta Bizkaia frontoia «aproposa» da haien jokoarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu