Barreari eutsi ezinda kontatu du Gorka Etxeberriak (Orio, Gipuzkoa, 1995) nolakoa izan zen binakako pentatloia prestatzeko asmoz hark eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a-k egin zuten lehen entrenamendua (Aia, Gipuzkoa, 1993). «Andonik esan zidan haren entrenatzaileak elkarrekin nola moldatzen ginen ikusi nahi zuela, eta, horretarako, finaleko lan bera egingo genuela. 'Nola, lehen egunean? Hi kaskatuta hago! Puskatu egingo gaituk!', bota nion». «Ez zen izan horrenbesterako; astakeria handiagoak egin dizkiagu», zehaztu du Izeta VI.ak, barrez hura ere.
Azkenean, aiarrak bizilaguna konbentzitu zuen, eta finaleko ia lan osoa egin zuten. «Nahiko txukun aritu ginen, baina argi geratu zitzaigun zertan hobetu behar genuen. Horretan aritu gara urtarriletik ekainera arte, jo eta ke, eta lan gogor horrek saria izan du azkenean: txapela», azpimarratu du Etxeberriak. «Marka hobetzea errematea izan da», aitortu du Izeta VI.ak. Joan den igandean lortu zituzten biak, Tolosako zezen plazan (Gipuzkoa).
Lehena du herri kirolari oriotarrak, eta horrek «berezi» egin du dena; baita ospakizuna ere. «Ondo ospatu genuen. Igeltseroa naiz, eta etxekoekin eta nagusiarekin bazkaldu genuen. Segituan esan zigun lankideari eta bioi astelehena jai hartzeko. Portatu egin zen. Horri esker, parranda pixka bat egin ahal izan genuen».
Aiarrak ere «gustura» ospatu zuen. Ohituagoa dago ospakizunetara: hirugarren txapela du. Binakako pentatloiaren hiru txapelketak irabazi ditu, bakoitza bikotekide batekin: duela bi urte, Xabier Orbegozo Arria V.a-rekin, eta, iaz, osabarekin, Jexux Mari Iruretagoiena Izeta III.a-rekin. Harekin egin zuen markarik onena (40.24), baina koska handia kendu diote hark eta Etxeberriak aurten: 39.45. «Txapel guztiak dira bereziak, eta hau ere halakoa da. Ilusio handia egin dit Gorkarekin irabazteak: ondoko herriko gaztea da, gogor saiatzen da... Gozamena izan da harekin aritzea». Ados daude biak: «Bikote ona egin dugu. Hori izan da gakoa txapela lortzeko».
Kiloak, kendu eta hartu
Biek nabarmendu dute «lan handia» egin dutela. «Urtarrilean hasi ginen. Ni oso berde nengoen: 96 kilo pisatzen nuen, eta segituan betetzen nintzen. Aizkoran ere eskas aritzen nintzen. Bederatzi kilo galdu behar izan ditut: 96 kilotik 87ra jaitsi naiz. Ez dut elikadura aldatu; garbi jan dut, baina asko entrenatu naiz: lehen, astean bi saio egiten nituen harriarekin, eta, azken hilabeteetan, bost egin ditut: korrika, aizkorarekin, mendian... Horri esker, asko hobetu dut aizkoran eta giza proban», azaldu du Etxeberriak. Bikotekideak hartu ditu hark galdutako kiloak. «Harri jasotzean eta giza proban bete-betean aritzeko, kiloak hartu behar nituen, eta sei bat hartu ditut: 88tik 94ra pasatu naiz. Mesede egin dit bi proba horietan hobeto aritzeko».
Hain zuzen, bi proba horietan jo zuten kolpea. «Bagenekien lehen bi probetan aldea egin genezakeela. Eta egin genuen. Ni bete egin nintzen pixka bat aizkoran, baina Gorkak bikain lagundu zidan. Ikusgarri aritu zen. Izugarri hobetu du aizkoran eta korrika. Gozamena izan zen hura plazari itzuliak ematen ikustea».
Azkenean, horixe baita binaka aritzea: elkarri laguntzea. «Ez dago beste sekreturik; hau elkarlana da: bikotekidea larri dagoenean, lagundu egin behar zaio. Oso garrantzitsua da komunikazio ona izatea ere, egoera onean zein txarrean», esan du Etxeberriak.
Ondo kudeatu dute presioa ere: Izeta VI.ak hirugarrenez irabazi nahi zuen; Etxeberria, berriz, azkena izan zen iaz banaka, eta horrek txapeldunarekin aritzeko aukera eman zion. «Ardura handia zen, baina baita aukera polita ere. Kepa [Peñagarikano] eta biok azkenak izan ginen iaz finalean. Ez nuen batere gustura amaitu, eta banekien Andonirekin arituta aukera ona nuela arantza ateratzeko. Atera dut, eta oso pozik nago. Bakeak egin ditut pentatloiarekin. Oso eskertuta nago Andoniri; asko lagundu dit».
Batek, jarraitu; besteak, utzi
Binakako pentatloian aritu ondoren, oso bestelako asmoak dituzte Izeta VI.ak eta Etxeberriak. Aiarra buru-belarri entrenatuko da, banakako txapelari eusteko asmoz. Aizkorako bi txapelketa eta ohiko erakustaldiak aprobetxatuko ditu egutegiko egunik garrantzitsuenera sasoi betean iristeko. Irailaren 3an ariko da pentatloiaren bigarren kanporaketan, Azpeitian (Gipuzkoa), eta, sailkatuko balitz, toki berean ariko litzateke finalean, irailaren 24an. «Errespetu handia ematen dit kanporaketak. Aurkari gogorrak ariko dira; lan laburra da, eta horretan ondo moldatzen dira asko; edozeinek eman dezake ezustekoa. Oso ondo prestatu behar dut».
Oriotarrak, berriz, harriari helduko dio berriro. «Gustura aritu naiz pentatloian, baina nik harriarekin gozatzen dut gehien, eta urtarriletik dut utzia. 27 urte ditut, eta nire kirol ibilbideko bost-hamar urterik onenak datoz orain. Harriarekin ibili nahi dut buru-belarri». Bi erronka dauzka begiz jota udarako: bata, harri baldarren Bi Harri txapelketa, Zarautzen (Gipuzkoa); eta bestea, Igeldoko Harria, Donostian.
Elkarlanaren txapela
Andoni Iruretagoiena 'Izeta VI.a'-k eta Gorka Etxeberriak binakako pentatloia irabazi berri dute. Argi dute zein izan den gakoa: «Lan handia egin dugu, eta bikote ona osatu dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu