Aitor Elizegi Athleticeko presidenteak prentsaurrekoa eman zuen atzo, Jose Iragorri prentsa aretoan, San Mamesen. Zuzendaritzaren eta kirol agintarien batasun irudi bat erakutsi nahi izan du klubak, alboan baitzeuden zuzendaritzako kide guztiak, baita Rafa Alkorta eta Joseba Agirre ere, gizonezkoen eta emakumezkoen taldeetako kirol arduradunak, hurrenez hurren. Juan Carlos Erkoreka Fundazioako presidentea eta Manolo Delgado Meco kirol arloko aholkularia ere han ziren. Baina hizketan hasi orduko, hitzek irudiaren indarra birrindu zuten. Hitz batzuek irudi batek baino indar handiagoa izan zuten atzo. «Ez da egia jokalarien egitasmo bat izan zenik Fernando Llorente fitxatzeko saiakera», bota zuen Elizegik. Asteartean, Alkortak jokalarien burutazioa izan zela esan zuen.
Presidenteak iradoki egin zuen Llorente bera ez ote zen izan itzuleraren aukera mahai gainean jarri zuena: «Ez dakit zeinek aktibatu zuen hura fitxatzeko operazioa. Kluba ez zen izan, eta Gaizka [Garitano] ere ez». Onartu zuen klubak Llorenterekin hitz egin zuela: «Hori egia da, baina ez genuen negoziaziorik abian jarri». Baieztapen honetan bota zuen iradokizunarena: «Ibaiganeko ateak irekitzen dizkiogu gure etxera deitzen dutenei».
Alkortak esan zuenak hankaz gora jarri zituen edozein klubetan dauden aginte mailen bereizketak, jokalarien balizko botereari haizea emanez. Elizegik zehaztu egin zuen hori: «Gure betebeharra da profesionalei entzutea, eta jokalariek iritzia ematen dute, baina, betiere, zuzendaritzarekiko eta kirol egitasmoarekiko errespetu osoarekin. Gero, zuzendaritzak hartzen ditu erabakiak».
Llorente ez, baina Alex Berenguer fitxatu du Athleticek jokalarien azkeneko salerosketa aldian. «Denok ekarri nahi genuen jokalari bat, eta Alex [Berenguer] du izena. Gurekin dago»,azaldu zuen Elizegik. Llorente bezala, etorri ez den beste jokalari baten inguruan ere hitz egin zuen: «Javi Martinezen inguruan adostasuna zegoen klubean. Jokalariarengana gerturatu ginen, bere egoera zein den galdetu genion. Orduan hasi ginen galdezka nola egon daitekeen 32 urteko jokalari bat». Eta Berenguerrekin uztartu zuen azalpena, Martinezen balizko fitxaketaren inguruko zalantza bat iradokiz: «25 urterekin dator, eta denboraldi asko dauzka aurretik».
Garitanori babesa
Fitxaketen aldiaren amaierak gaina hartu dio Athleticen inguruan eztabaida eragile izaten ari den beste gai bati: Gaizka Garitanoren etorkizuna, eta entrenatzailearen lanaren inguruko kritika zorrotza. Presidenteak babestu egin zuen, aurreko bi denboraldietan Garitanoren agindupean taldeak lorturiko emaitza onak gogora ekarriz. Ondoren esan zuenak adierazi zuen entrenatzailea babesten duela, baina beste iradokizun bat egin zuen aldagelaren ezaugarriez: «Gaizka da ziurgabetasun honetan jokalari multzo hau gobernatzeko gaitasuna duen pertsona».
Aurreko denboraldiko Espainiako Kopako finalaren balizko dataz ere aritu zen, Athleticen eta Realaren arteko partida horretaz. Lehendik esaten ari dena berretsi zuen: «Sasoi honetako finala apirilaren 17rako dago aurreikusita, eta horren aurretik izan beharko luke gure finalak». Sevillako Cartuja estadioan izateko aukera handiak daudela gehitu zuen, eta honako hau esan zuen zaleen presentziaz: «Espero dugu ahalik eta bazkide gehien egotea bertan, eta, gainera, asteburuan jokatzea». Onartu zuen, dena den, «ziurgabetasuna» dagoela gai horretan ere, pandemia betean egoteagatik: «Nahiak eta hipotesiak dira asmo horiek guztiak».
Kirol kontuez gain, diruarenei ere egin zien aipamena Elizegik, eta zenbaki gordina bota zuen: «20 milioi euroko galerak aurkeztuko ditugu azaroaren 15eko batzarran».
Elizegik gezurtatu egin du Alkortak Llorenteren inguruan esandakoa
«Ez zuten jokalariek eskatu», dio Athleticeko buruak. Iradoki du Llorentek bere burua eskaini duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu