Hormadi Angelu

Elitea itzuli da Barrara

Aurreko bi denboraldietan Lehen Mailara igotzeko kanporaketetan kale egin ondoren, Hormadik arantza atera zuen herenegun Bresten aurka, eta Magnus ligara itzuli da 11 urte geroago.

Angeluko jokalari, teknikari eta zuzendaribatzordeko kideak, Magnus ligara igo izana ospatzen, herenegun. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Angeluko Barra izotz jauregia goraino bete zen herenegun. Hormadik ikusle fidelak izan ditu betidanik, baina herenegungoa egun handia zen. Sarrerak salgai jarri zituzten egunean, ordu laurdenean egin zuten hegan leihatilan jarritako guztiek. 1.547 ikuslek beteko zuten jauregia Frantziako Ligako Bigarren Mailako finalean. Hormadi eta Brest nor baino nor gehiago, kanporaketa bina, eta, ondorioz, irabazleak Magnus liga jokatzeko eskubidea lortuko zuen. Sasoiko egunik handiena zen, eta Hormadik ez zuen kale egin; aurreko bi denboraldietako mamuak uxatu, eta 5-3 irabazi zuen. 11 urte geroago, elitera itzuli da taldea.

Euskal izotz hockey taldeek denboraldi historikoa izan dute. Txuri-Urdinek liga irabazi zuen duela bi aste, eta Hormadi Frantziako Ligako Lehen Mailara itzuli da. Kostako da hain uzta oparoa berdintzea, hein handi batean, hurrengo urteetan Hormadiren helburua maila ez galtzea izango delako. Bere garaian, urte luzez ibili zen Magnus ligan, txapeldunorde ere izan zen, baina gainbehera oso gogorra izan zen, eta azken 11 urteak beheko mailetan bueltaka egin ditu. Hain handia izan zen beherako bidea, sasoi batez Espainiako ligan eman zuen izena.

Igandeko partidari ez zitzaion emoziorik falta izan. Angelu zen faborito, ligan hobea izan, eta azken partida etxean jokatzeko aukera zuelako, baina ez zen lehia samurra izan. Hein handi batean, Jordan Ruby Bresteko atezainak egunik aproposena aukeratu zuelako bere partidarik onena egiteko. Lehen herenean 11 geldiketa egin zituen. Bi taldeak berdinduta zeuden 42. minutuan (3-3), azken herenaren hasieran, baina Benoit Ladonnek eta Alexander Olssonek —azken minutuan, atezainik gabe— sartutako golek eromena eraman zuten harmailetara.

Ospakizun handia izan zen finalaren amaieran, eta ez zen gutxiagorako. Izan ere, Hormadi bi bizkarreko handi harturikoa zen aurreko bi sasoietan. Iragan sasoian, finalerdietara iritsi zen, eta duela bi, finalera. Niza izan zuen aurkari finalean, eta Angeluko taldeak 3-2 galdu zuen. Sasoi honetakoa, baina, ezberdina izan da, liga erregularrean Hormadi izan da talderik onena, eta berretsi egin du kanporaketetan.

Bigarrenez izan da Bigarren Mailako txapeldun, 1997an egin bezala. Orduan iritsi zen taldearen urrezko aroa. Bederatzi denboraldi egin zituen Magnus ligan, 2006-07an berriz ere Bigarren Mailara jaitsi zen arte. Tarte horretan ligako eta kopako txapeldunorde izan zen, eta Europan jokatzeko sailkatu zen. Behin mailaz galduta, baina, gainbehera hasi zen. Hirugarren Mailara jaitsi, eta urtebetez jokatu zuen Espainiako ligan. Taldea, baina, apurka indartuz joan zen; Frantziako ligan izena eman, eta 2009-10ean Bigarren Mailara igo zen. Han egin ditu azken zortzi denboraldiak.

Magnus ligara itzultzea jauzi handia da. Hormadi taldeak egitura profesionala du, eta sasoi honetan 850.000 euroko aurrekontua izan du —2016an 744.000 eurokoa zen—, eta, Gregoire Delage taldeko presidentearen arabera, heldu den sasoian 1,1 milioi euro izango ditu kutxan. Magnus liga hamalaugarrena da Europako izotz-hockey txapelketen zerrendan, eta atzerriko jokalariz josita dago. Kirol maila handiagoa da, eta Hormadik kilometro pila bat egin beharko ditu. Magnus ligan hamabi talde daude, eta ligak lau itzuli ditu —44 partida dira, kanporaketetakoak zenbatu gabe—. Ligako beste 11 taldeak aztertuta, gehienak hiriburu handietan kokatuta daude, eta Bordele da gertu dagoen bakarra. Beste guztiak 700 kilometrotik gora daude —Lyon da bigarren gertuen dagoena, 730 kilometrora—. Talde bakarrak galtzen du maila, eta postu hori saihestu nahiko du Hormadik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.