Elezkano II.a-Rezusta 22-19 Irribarria-Zabaleta

Elezkanok eta Rezustak irabazi dute binakako txapela

Amaierara arte neurketa lehiatua jokatu dute bi bikoteek. Egindako huts kopuruan egon da aldea. Irribarriak eta Zabaletak partida bi aldiz berdintzea lortu dute (10-10 eta 16-16), baina ez dute aurretik jartzea lortu.

2019ko apirilaren 7a
11:38
Entzun

Gorriak aurreratu dira markagailuan partidako lehen tantoetan. Rezustak bikain hasi du partida, pilota indartsu astintzen, eta Elezkanok aurrean hutsunea bilatzen asmatu du. Urdinek, berriz, kale asko egin dituzte. Markagailua 9-5 zegoenerako, zortzi kale zituzten eginak Irribarriak eta Zabaletak.

Urdinak partidan sartuz joan dira, ordea. Irribarria aurrean ausartago jokatzen hasi da, eta atzean estu hartu dute Rezusta. Partida berdintzea lortu dute (10-10).

Irribarriaren eta Zabaletaren hutsek hauspoa eman diete Elezkanori eta Rezustari. Berriro ere abantaila hartu dute (16-11). Elezkanok konfiantza handiagoarekin bilatu du pilota aurrean, eta erritmoa sartu dio partidari aurreko koadroetan.

Bost tantoren aldea murriztea lortu dute urdinek. Irribarriak urrats bat egin du aurrera, eta tantoaren bila abiatu da ausart. Boleaz eta gantxoz tanto ederrak egin ditu. Partida berdindu dute, 16-16. Hurrengo tantoan, Irribarriari txapara joan zaio gantxo bat, eta berriro ere markagailuan aurretik jartzeko aukerak ihes egin die urdinei. Elezkanok eta Rezustak lanean jarraitu dute, eta 19-16 jarri dira.

Atzean sendo segi dute bi atzelariek, eta aurreko hutsek eta erremateek erabaki dituzte azken tantoak. 19-17, 20-17, 21-19. Norgehiagokaren, hil ala bizi ari zen Irribarria, eta azken tantoan txokoan dejada egitera joan da, baina errematea txapara joan zaio. Amaieran, beraz, 22-19 nagusitu dira Elezkano II:a eta Rezusta.

Nabarmentzekoa da Rezustak hasieratik amaierara arte nola jokatu duen. Ziurtasun handiz aritu da, eta Irribarriaren eta Zabaletaren joari ederki eutsi die.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.