Elezkano-Tolosak lehen puntua eskuratu dute binakakoan

22-21 hartu dituzte mendean Peio Etxeberria eta Rezusta Beotibar pilotalekuan, nahiz eta 7-1 hasi diren galtzen

Danel Elezkano pilota jotzen, atzean Peio Etxeberria duela. JON URBE / FOKU.
2022ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
PILOTA. Binakako Txapelketa hasi besterik ez da egin. Txapelketa luzea da, baina beti komeni da ondo hastea, eta hasieratik puntuak biltzea. Hala egin zuten atzo Elezkano II.a-Tolosak, Peio Etxeberria-Rezustari 22-21 irabazita. Elezkano II.a Jokin Altuna ordezkatzen aritu da lehen bi jardunaldietan, eta Tolosarekin batera sufrituta lortu zuten lehen puntua.

Lehen jardunaldian galdu egin zuten bi bikoteek. Beraz, irabaztea komeni zitzaien. Partida hasiera ikusita, nekez imajina zitekeen amaierako emaitza. Izan ere, Elezkano II.a-Tolosa 7-1 hasi ziren galtzen. Rezusta atzean nagusi zen, eta horrek lasaitasuna ematen zien.

Elazkano II.a-Tolosak aurrean nahastu nahi zuten jokoa, baina hasieran ez zuten lortzen. Peio Etxeberria, ordea, nahastu egin zen. Hiruzpalau pilota galdu zituen erreskadan, eta horrek hauspoa eman zien Zaratamokoari eta Anoetakoari. Hala, partida zortzira berdintzea lortu zuten. Eta hortik 12-9ra joan ziren. Tolosa konfiantzaz aritu zen atzera hortik aurrera, eta Elezkano II.ak asmatzen segitu zuen. 18-15ekoarekin bazirudien neurketa haien alde irauliko zela. Baina nekea antzematen hasi ziren, eta hori baliatu zuten Peio Etxeberria-Rezustak 20-19 aurreratzeko. Amaiera emozioz betetakoa izan zen. 21-21ekoarekin Elezkano II.ak ezker sotamanoz egindako tanto batek erabaki zuen lehia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.