Elektrikariek sendatzen dutenean

Lau hilabetez jokatu gabe egon ondoren, Oier Mendizabal gaur itzuliko da pilotalekuetara. Sendabide luzean, mesede egin dio Maulen eginiko elektroestimulazio tratamenduak, batzuetan nahiko mingarria izan arren.

Oier Mendizabal, pilota astintzeko zorian. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2011ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Pozik ageri da Oier Mendizabal (Añorga, Donostia, 1984). «Normala da», dio berak, eta ulertzekoa da, lau hilabetez jokatu gabe egon ondoren gaur itzuliko baita jaialdietara, Iruñean. Eskuko minak izan du geldirik, baina ez etxean sartuta, makina bat buelta eman baititu oinazea sendatzeko. Lehenbizi kortisonak lagundu zion, eta gero elekroestimulazio saio luzeek. «Mingarriak izan dira batzuetan, baina tira, eskua sendatzeko balio izan badu, ni pozik; garrasi pare bat, eta aurrera».

Otsailaren 5ean erabaki zuen gelditzea Mendizabalek, Zallan galdu ondoren. Eskuin eskua handituta eta moretuta zuela bukatu zuen. Normalean eskuak denbora behar izaten du berera itzultzeko, baina aste horretan Añorgakoarenak handituta jarraitu zuen. Masajistarengana joan, eta ezer ez, medikuarenera... Denek berdina esaten zioten: denbora kontua da. Egoera berria zen Mendizabalentzat, eskuak inoiz ez baitira arazo izan berarentzat. 18 urte zituenean hiru hilabetez egon zen geldirik, baina harrezkeroztik ez diote jokatzea eragotzi. «Pazientziaz hartu behar nuela ikusi nuen, pilota pixka bat ahaztu eta arreta eskuan jarriz».

Eskuan zituen odolbildu batzuek eragiten zioten hantura. Gogortu egin zitzaizkion. Infiltrazio batzuk ere egin zituen eskuan, eta hantura jaistea lortu zuen. Eskuak hobera egin zuela zirudien, baina, duela bi hilabete, Ibai Zabalarekin entrenatzen ari zela, berriz ere handitu zitzaizkion. Berriz ere moretuta.

Konponbide bila, beste ate bat jo zuen, Salva Bergararen gomendioz. Jean Agerre masajistarena, Maulen. Hantura baino, arazoa mina zen. Eta asmatu zuen Agerrek, hamar saio ingurutan, masaje eta elektrizitatearekin. «Eskuaren bi aldeetan partxeak jartzen dizkizu, eta deskarga moduko batzuk ematen ditu. Eskua itxita duzu eta 'pum!' ematen dizu, kontraktura moduko bat sortzen da, eta eskua zabalarazten dizu». Mingarria da? «Bai, baina sendatzen banau...». Ez da terapia gozoa izan, saioak luzeak baitziren,ordubete edo ordubete eta laurdenekoak. «Askotan eskua anestesiatua nuela bukatzen nuen, ez nuela deus ere sentitzen», gogoratu du atzelariak. Baina hobekuntza sumatu zuen, eta horrek ilusioa elikatzen du.

«Berriz ere pilotari sentitzeko» irrikan dago Mendizabal. Jokoa hartzea kostatu zaio, baina entrenamenduak minik gabe bukatzeak aldartea alaitu dio. Orain sentsazio horiek pilotalekura eraman behar ditu. Itzulera partidamaila onekoa da, baina ez estelarra, Mendizabalek jokatu izan dituenak bezalakoa. Horrek, baina, ez dio ardura. «Berriz ere jokatzen gozatzea da nire helburua».

Oteiza, eta Taintaren debuta

Javi Oteiza atzelari zarauztarrak beste urte batez jarraituko du Asegarcen. Kepa Peñagarikanori eskaintza berdina egin diote. Bilboko enpresak, era berean, erabaki du Iker Taintak hilaren 24ean egingo duela debuta, ziur asko Barañainen. Bestalde, Garfe 11k jokatzen jarraitzeko eskaintza egingo die Iñigo Diaz eta Aratz Mendizabali.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.