Beteranoak izan arren, lehiarako pronto daudela erakutsi dute Joseba Ezkurdiak eta Beñat Rezustak, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Peio Etxeberriak eta Julen Martijak ederki hasi dute neurketa, erritmo bizian, baina eten luzearen ostean nahi bezala aritu dira Ezkurdia eta Rezusta. Bi partidak irabazi dituzte, eta sailkapenaren lehen postuan kokatu dira. Peio Etxeberria eta Martija, ordea, sailkapenaren zuloan daude, bi partidak galduta.
Peio Etxeberriak eta Martijak izan dute ekimena neurketaren hasieran. Pilota azkarrak baliatu dituzte, eta haiek nahi zuten erritmoan jokatu dira lehen tantoak. Martijak agindu du, baina Peio izan da izarra. Aurrelariak oso deseroso sentiarazi du Rezusta hainbat sake zabalera aterata, eta lehen koadroetan ere asmatu egin du. Hala lortu dituzte lehen abantailak; 0-3 eta 3-8.
Ezkurdiak ere ez du hasiera erosoa izan, baina behetik gorakoa egin du. Peiok bizi ibili du pilota alde batetik bestera, eta, hari aukerarik ez emateagatik, oso gutxi sartu da errematean. Martija nekatzen ahalegindu dira Ezkurdia eta Rezusta, errematean arrisku handirik hartu gabe, eta urdinen hutsegiteak baliatu dituzte partida berdintzeko: 9-9. Hala ere, Peioren bi tantori eskerrak aurretik iritsi dira urdinak etenaldira: 11-12.
Partidako bigarren erdian, ordea, goitik behera aldatu da neurketa. Pilotak moteldu egin dira, eta Ezkurdia agertu da. Hamar tanto errenkadan egin dituzte gorriek, eta zuzenean iritsi dira 21era; erabat apurtu dute partida. Aurrez errematean askorik sartu gabe bazegoen ere, aurrerapausoa eman du Arbizuko aurrelariak. Nekea agertzen hasia zitzaien lau pilotariei pixkanaka-pixkanaka, eta orduantxe asmatu du Ezkurdiak. Lauzpabost egin ditu errematean, zein baino zein hobeak, baina 17.a izan da partidako tantorik ederrena; Rezustak egin du, seigarren koadroan paretaren ondoan zela. Horma-biko ikusgarria jo du zabaleraino, eta zaleak eserlekutik zutiarazi ditu Bergarakoak.
Markagailua apaintzea besterik ez zaie gelditu Peio Etxeberriari eta Martijari, eta 22-15 amaitu da partida. Pozik agertu da Rezusta neurketa amaitutakoan: «Hasieran ezin izan dugu gure erritmoa ezarri. Baina erreakzioa azkarra izan da, eta partida gogortu denean hobeto eutsi diogu. Bitik bi ditugu, eta ezin genuen txapelketa hobeto hasi».
Beste bat Lasok eta Iztuetak
Bilbon, Unai Lasok eta Martxel Iztuetak 22-18 garaitu dituzte Erik Jaka eta Ander Imaz. Jakak partida hasiera ona izan du, eta errematean ohikoa duen distira erakutsi du. Iztuetak, berriz, hainbat pilota galdu ditu, eta lehen abantailak Jakarentzat eta Imazentzat izan dira: 12-6 eta 15-8.
Hala ere, Iruñean gertatu bezala, markagailua irauli dute galtzen ari zirenek. Iztueta biziberritu egin da, partidari neurria hartuta, eta Lasok asmatu egin du errematean. Gainera, Imazek min hartu du, eta Jakak lagundu behar izan dio atzeko koadroetan. Urdinek baliatu egin dute; 16na berdindu dute lehendabizi, eta azkenerako 22-18 irabazi dute. Hala, Lasok eta Iztuetak jokatu dituzten bi partidak irabazi dituzte. Jakak eta Imazek, berriz, garaipen bat eta porrot bat bildu dituzte orain arte.
Bestalde, Bihar jokatuko da txapelketako bigarren jardunaldiari dagokion azken-aurreko partida. Jokin Altuna eta Aitor Aranguren ligaxkako bigarren puntuaren bila kantxaratuko dira Aitor Elordiren eta Jose Javier Zabaletaren aurka. Azken horiek galdu egin zuten lehen jardunaldian, eta lehen garaipena lehen baino lehen lortu nahi dute. Atano III.a pilotalekuan neurtuko dituzte indarrak (17:00, ETB1).