Agirrezabalaga-Garcia Zarauzko (Gipuzkoa) sendia jostailu denda baten jabe da aspaldi. Ehunka jostailu dituzte salgai. Han gustura ibiltzen ziren gaztetan familiako hiru semeak: Mikel, David eta Alberto. Haientzat, ordea, sobera zeuden jostailu ia guztiak. Nahikoa zuten bakarrarekin, baloiarekin. Makina bat ordu egiten zuten futbolean, saskibaloian, eskubaloian, beti baloiaren jirabiran.
Urte asko joan dira ordutik, gazte horiek helduak dira jada, baina oraindik ere baloiaren jirabiran dabiltza. Hirurek jokatzen dute eskubaloian. Mikelek eta Albertok, anaia helduenak eta gazteenak, ogibide bilakatu dute gaztetako jolasa. Hamarkada bat daramate punta-puntan jokatzen. Haiek baino koska bat beherago dago David erdiko anaia (27 urte). Ogibide baino gehiago, zaletasuna du hark eskubaloia. Espainiako Ohorezko B Mailan ari da, halere, etxeko taldean. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. «Asobal ligan jokatzeko ahalmena du sobera, eta erakutsi du, jokatu duen talde guztietan gol pila sartu baititu. Baina zortea falta izan zaio, eta kirolean zorte pixka bat izan behar da, une aproposean toki aproposean egon». Alberto anaiarena da azalpena.
David etxeko beroan ari da. Mikel eta Alberto, aldiz, etxetik kanpoko hotzean. Etxetik oso urrun eta hotza gogotik pasatzen ari baitira biak. Mikel da urrutien dagoena. Minsken bizi da, Bielorrusiako hiriburuan, etxetik 3.000 kilometrora. Gertuago bizi da Alberto, Csurgoi Hungariako herrian, Zarauztik 2.000 kilometrora.
Udan iritsi ziren biak bizileku berrira, eta orain arte ez dira Euskal Herrira etorri bisitan. Astebete eskas daramate etxean. Europako Txapelketa dela eta, liga guztiak etenda daudela aprobetxatu dute aspaldiko partez etxekoekin egoteko. Mikelek egun batzuk ditu lasai-lasai egoteko. Alberto, ordea, gaur bertan joango da Santanderrera (Espainia), Espainiako selekzioaren egonaldira.
«Hau bai negu ederra», bota du irribarretsu Albertok BERRIArekin egindako hitzordura iritsi bezain laster. Eguzkia dago zeruan, eta gustura egoten da kalean. Horretarako aukera gutxi izan dute orain arte. Ez denborarik, ez modurik. «Bi mila biztanle eskaseko herri batean bizi naiz. Herria, gainera, oso zabala da, hamabi kilometro luze da. Oso sakabanatuta dagodena, eta apenas dabilen jenderik kalean. Ez dago batere girorik. Gainera, bakarrik bizi naiz. Gogorra da». Albertok berehala deskribatu du Csurgoi, haren bizileku berria.
Anaia helduenak hartu dio lekukoa. Hark ere ez du hitz on askorik bizileku berriaz. «Oso hiri handia da Minsk, ia hiru milioi biztanlekoa. Gune komertzial asko ditu, eta, alde horretatik, nahi dugun dena dugu eskuragarri. Hori bai, ez dago batere prestatuta haurrentzat [2 urte eskaseko semearekin bizi dira Mikel eta bere emaztea]. Kalean ere ez da haurrik ikusten. Ni buru-belarri ari naiz entrenatzen eta jokatzen. Ez dut aisialdirako denbora askorik. Haientzat da gogorren horrelako hiri arrotz batean bizitzea».
Ezin dute ezkutatu ez dutela sobera gustuko bizileku berria. «Dagoena da, eta kito». Horra haien filosofia. Eskubaloian jokatzera joan dira hara, eta horretan, behintzat, nahiko ondo doakie dena. Mikelen taldea, adibidez, lider da ligan, eta partida guztiak irabazi ditu. Txapeldunen Ligan ere ari da, eta badu aukera oraindik lehen ligaxka gainditzeko. Anaiaren taldea, berriz, hirugarren da ligan, Csurgoi baino koska bat gorago baitaude Veszprem eta Pick Szeged indartsuak. EHF kopan ere bete-betean ari da.
Ez dago gaizki, baina gutxi da Mikelentzat. Bartzelona ahaltsutik, inoizko talde onenetik zetorren bera, eta nabaritu du aldea. «Oso liga eskasa da Bielorrusiakoa. Sei talde besterik ez gaude, eta zaleek ez dute gehiegi jarraitzen. Etxeko partidetara, adibidez, hogei bat lagun joaten dira. Txapeldunen Ligako partidetan, ordea, beste pabiloi batean jokatzen dugu, eta 4.000 lagun inguru joaten dira. Gero neurketa bereziak daude, Txapeldunen Ligan Bartzelonaren aurka jokatu genuenekoa, adibidez. Hiriko pabiloi handienean jokatu genuen, Minsk Arenan, eta 15.000 ikusle izan ziren harmailetan [Dinamo Minsk izotz hockey taldeak jokatzen du bertan]. Baina salbuespena da, normalean jende gutxi joaten da gure partidetara». Albertok ez du kexarik zaleekin. 1.500 inguru joaten dira, Csurgoi osoa kasik. «Horrelako herri txiki eta bakartu batean ba al dago beste ezer egiteko?», bota du barrez.
Hizkuntza, muga
Komunikazioa. Horixe sumatzen dute faltan biek. Hizkuntza muga handia da. Ingelesa jakiteak ezer gutxirako balio die. «Bielorrusiera, errusiera eta serbiera dira nire taldeko hizkuntza nagusiak. Beraz, pentsatu nola moldatzen naizen ni. Zorionez, taldean badago kroaziar bat, eta harekin ingelesez hitz egin dezaket». Ez da makala Mikelen panorama, eta ez da askoz hobea anaiarena. «Taldeko ia jokalari guztiak hungariarrak dira, eta hungarieraz hitz egiten dute elkarrekin. Zorionez, taldean badaude Espainiako ligan jokatutako bi jokalari, eta gaztelania hitz egiten dute nola edo hala. Nire itzultzaile ofizialak dira».
Ez da ere askoz hobea elkar ulertzea entrenatzailearekin: esloveniarra da Mikelena, eta hungariarra Albertorena. «Nola edo hala» ulertzen dituzte haien aginduak. Ez dute ere askoren beharrik, haien teknikariek ez baitiote garrantzi handirik ematen taktikari. Valero Rivera, Talant Duixebaev, Manolo Cadenas... entrenatzaile ospetsuenak izan dituzte euren ibilbideetan batak zein besteak, eta igarri dute aldaketa, okerrera, noski. «Entrenatzea besterik ez dute buruan, baina egiten dugunak askotan ez du ez hanka ez buru. Uste dute ordu asko entrenatzeagatik gauzak hobeto aterako direla. Eta ez da horrela, inondik inora. Gakoa ez da asko entrenatzea, ondo entrenatzea baizik», azaldu du Albertok.
Bizilekuarekin kexak, lehiaketarekin ere bai, eta hizkuntzarekin hamaika komeria. Eta dena, etxetik milaka kilometrora. Merezi du horrek guztiak? Bai. «Beste aukerarik» ez baitute. Krisiak oso gogor jo du Asobal liga, eta asko dira maleta egin behar izan dutenak oso urrun joateko: Bielorrusiara, Mazedoniara, Hungariara, Alemaniara, Norvegiara, Danimarkara, Frantziara... «Mila euro inguru hilabetean, eta etxea zure kontu. Horra Asobal ligako talde asko eskaintzen ari direna. Horrelako panoramarekin atzerrira joan beste aukerarik ez duzu ogibide honetaz bizitzen jarraitu nahi baduzu», azpimarratu du Mikelek. Horra bi anaiak etxetik milaka kilometrora egotearen arrazoia.
Panorama beltza
Bi anaien kasuen artean, ordea, badago ñabardurarik. Albertok 2012ko udan erabaki zuen Espainiako liga uztea eta urrun joatea. San Antonion bizitako esperientzia txarrak aspalditik buruan zebilenari eman zion bide —taldeak dirua zor dio oraindik, eta kobratzeko esperantza galdu du, San Antonio desagertu egin baita—. Iruñera utzita, Eslovenian aritu zen urtebetez, Trimo Trebnje talde apalean. Kobratu gabe jokatu zuen, baina berdin izan zion. «Oso gustura egon nintzen. Batetik, neska-lagunarekin bizitzeko aukera izan nuen [Carmen Martin du neska-laguna, Itxakoko jokalari ohia eta egun Krim Mercator Ljubljanan ari dena]. Bestetik, hegalean beharrean, alboan jokatu nuen. Ilusio handia egin zidan, eta oso urte ederra pasatu nuen. Horregatik nago orain horrenbeste sufritzen, bakarrik. Zorionez, hiru ordu eskasera dut Ljubljana, eta egun eta erdi-edo libre dudanean hara joaten naiz, neska-lagunarekin egotera. Asko sumatzen dut haren falta».
Mikelek ez zuen pentsatuta maleta egitea. Gustura ari zen Bartzelonan, eta beste urtebeterako kontratua zuen. Baina klubak Nikola Karabatic frantziarra fitxatu zuen, azken hamarkadako jokalari onena. Mikel berehala jabetu zail izango zuela jokatzea. «Klubak Karabatic fitxatu zuenean entrenatzailearekin hitz egin nuen, eta berak argi esan zidan Karabatic taldean zela gutxi jokatuko nuela. Orduan erabaki nuen Bartzelona uztea. Kolpea izan zen, baina ezin diet ezer leporatu. Nik aukera izango banu ere fitxatu nuke Karabatic. Harekin Bartzelonak bi koska egin ditu gora».
Biek dute sasoia amaitu arteko kontratua, eta biei esan die jada klubak taldean nahi dituela beste urtebetez. Ez dute erantzun, ez dute presarik, ondo aztertu nahi dute merkatua, ea aukera hobeagoak ote dauden. «Oso zail» ikusten dute Asobal ligara itzultzea, ez behintzat orain. Albertok, adibidez, Alemanian jokatzea du amets. Argi dago: ekialdetik irteten da eguzkia eskubaloian.
Ekialdetik irteten baita eguzkia
Krisiak gogor jo du Asobal liga, eta oso urrun joatera behar ditu jokalari asko. Mikel eta Alberto Agirrezabalaga dira haietako bi. Zarauzko bi anaiak Europa Ekialdean ari dira: Mikel, Bielorrusian, eta Alberto, Hungarian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu