Ekialdeko sarjentuak

Laboral Kutxak Balkanetako bost entrenatzaile izan ditu azken hamabost urteetan. Josean Kerejetak oso gustuko du euren zorroztasuna, baina gehienak ez dira ondo irten Gasteiztik.

Velimir Perasovic, aginduak ematen partida batean. Bera izango da Laboral Kutxaren hurrengo entrenatzailea. J. C. C. /EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Josean Kerejetak entrenatzaile gogorrak gustuko ditu. Laboral Kutxa Baskoniako presidente karguan eginiko urteei erreparatzea aski da ezten zorrotzeko teknikariak lehenesten dituela jakiteko, eta tankera horretako saskibaloi harrobi oparoena Europako ekialdean dago. Ekialdean, baina ez gehiegi, Mediterraneoko izaera beroa ere gustatzen zaiolako. Tarteko hori nahi du, eta, mapan bezala, tarteko hori Balkanetan dago, Jugoslavia zen hartan. Azken 15 urteetan, Baskoniak Balkanetako bost entrenatzaile izan ditu.Heldu den urterako harantz begiratu du berriz: Velimir Perasovic itzuliko da.

Zerrenda ezaguna da: Dusko Ivanovicek, zortzi sasoi eta erdi; Velimir Perasovicek, bi sasoi erdi; Bozidar Maljkovicek, sasoi erdi; Neven Spahijak, sasoi bat, eta Zan Tabakek, sasoi erdi. Hiru kroaziar eta serbiar eta montenegroar bana. Edo, beste modu batera esanda, hiru ACB liga, lau Espainiako Kopa, Euroligako bi final galdu eta bost Lauko Finaletarako sailkapena. Kasualitatea edo ez, Baskoniaren urrezko aroa balkandarrekin bat iritsi zen. Hori bai, ia denek amaiera iluna izan zuten.

Dusko Ivanovic da zerrendako maitatuena, baina ez zen lehen balkandarra izan, 1989an Zeljko Pavlicevicek bukatu baitzuen Manu Morenok hasitako lana. Taldea kanporaketetan sartu zuen, baina ez zioten kontratua berritu. Hamar urte pasa behar izan ziren Ivanovic fitxatzeko. Jugoplastikako jokalari ohia txapeldun izan berri zen Limogesen, eta Kerejeta liluratu zuen.

Ivanovicek bi aro izan zituen Gasteizen; lehena, bereziki arrakastatsua. Aspaldian ikusitako teknikaririk zorrotzena: saio nekagarriak, aitzakien etsaia... Liga bat irabazi zuen (2000-2001), eta bi Kopa, eta bi aldiz izan zen Euroligako txapeldunorde. Bartzelonak tentatu zuen arte. Pedro Martinez saiatu zen hura ordezkatzen, baina ez zuen lortu, eta larrialdi neurria Balkanetakoa izan zen: Velimir Perasovic. Ezaguna zen etxean: 1990eko hamarkadan lau sasoi jokatu zituen Baskonian.

Perasovic 2005eko azaroan iritsi zen. Sasoi hartan, Kopa irabazi zuen, ligako txapeldunorde izan zen, eta taldea Lauko Finalean sartu zuen. Ondo merezita berritu zuen,baita liga hasiera ona egin ere: 16-4ko balantzea ligan, eta 12-2koa Euroligan. Kopan, baina, finalerdietan kanporatu zuten, eta, ligako hurrengo partidan, bularreko angina izan zuen. Taldeak senda agiria lortu aurretik bilatu zion ordezkoa. Ordurako, bili-bolo zebilen zuzendaritzan ez zeudela gustura haren lanarekin.

Ordezkoa berehala iritsi zen: Bozidar Maljkovic beteranoa. Euroligako premia izan zen presaka ibiltzeko arrazoia. «Baskoniak eta nik topo egin behar genuen noizbait», esan zuen aurkezpenean. Sasoi erdia egin, eta taldea Lauko Finalean sartu zuen, baina finalerdietan kanporatu zuten. Aldagelako giroa, baina, ez zen ona, eta ez zioten kontratua berritu. Maljkovic, bere garaian, Ivanovic, Perasovic eta Tabaken entrenatzailea izan zen Jugoplastikan.

Spahija, ezberdina

Neven Spahija izan zen hurrengo balkandarra, 2007-2008 sasoian. Kroaziarra, baina ez hain gogorra. Arrakasta lortu zuen: liga irabazi zuen, eta Lauko Finalean sartu zuen taldea. Jarraitzeko moduko emaitzak ziren, baina talde barnean diziplina arazoak zeudela zabaldu zen, eta Kerejetak kontratua eten zion. Artaldea baretzeko, artzainik gogorrena aukeratu zuen: Dusko Ivanovic, berriz ere. Kutunak hiru denboraldi eta erdi egin zituen (2008-2012). Aurrenekoan, liga txapeldunorde eta Kopako txapeldun izan zen, eta, bigarrenean, liga irabazi zuen berriz.

Hura izan zen taldeak ACBko finala jokatu zuen azken aldia. Beherakada ekonomikoa iristen hasia zen, eta ezinezkoa zen handiekin lehiatzea. Ivanovici, 2012ko azaroan eten zioten kontratua, Obradoiroren aurka etxean galdu ondoren. Azaroa beti da hilabete kritikoa Baskonian. Ordezkoa Zan Tabak izan zen, Buesa Arenako aulkian eseri den azken balkandarra.Taldearen norabidea zuzendu zuen, eta 17 partida jarraian irabazi. Euroligan miraria egin zuen, baina ACB ligako final-laurdenetan kanporatu zuten. Hor bukatu zuen bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.