ARRAUNA KONTXAKO BANDERA

Ekaitzaren aurreko barea

Gaur jokatuko da Kontxako Banderaren lehen jardunaldia (10:45, ETB1). Atzo egin zuten azken entrenamendua talde guztiek, Donostiako kaian edo beste nonbait.

Orioko arraunlariak lehorreratzen, eta Getariakoak uretaratzen, atzo Donostiako kaian. GOTZON ARANBURU / FOKU
Orioko arraunlariak lehorreratzen, eta Getariakoak uretaratzen, atzo Donostiako kaian. GOTZON ARANBURU / FOKU
pettan uralde
Donostia
2024ko irailaren 1a
04:00
Entzun

Azken prestaketak egin zituzten atzo, Donostiako portuan, gaur goizean Kontxako Banderaren lehian arituko diren taldeek. Tradizioak markatuta, horrela egiten dute urtero bandera preziatuaren bezperan, azken sentipenak bildu eta egun handira ahalik eta sasoi onenean iristeko. Emakumezkoen eta gizonezkoen hainbat traineruk topatu zuten elkar kaiko arrapalan gora eta behera, gainontzeko ikusleen begiradapean. Aquarium goialdean zegoen AEB Ameriketako Estatu Batuetako turista kuadrilla batek zur eta lur erreparatzen zion arraunlarien jardunari. Ez zuten ulertzen zer egiten zuten ontzi arraro hori sorbaldan zeramatela. Haiek atzo jakin zuten lehen aldiz traineru estropadak zer ziren, baina eurek ere azpimarratu zuten gaurko lehia ez dutela galduko.

Lehia handiari emakumezkoen estropadak emango dio hasiera. Bertan arituko da Kaiku, lehen txandatik, sailkatze estropadan azkenengo tokia lortu ostean. Bigarren urtez jarraian lortu du sailkatzea Sestaoko traineruak. Multzo gaztea da, eta, horregatik, aurtengoak oraindik ere meritu handiagoa du. Horixe berretsi du Ainhoa Escobal arraunlariak (Sestao, Bizkaia, 2003). «Aurtengo denboraldia pixka bat zaila izan da, arraunlari asko joan baitzaizkigu. Baina pixkanaka erritmoa hartuz joan gara, udak aurrera egin ahala. Azkenengo estropadetan ondo sentitzen ginen, eta azkenean sari hau lortu dugu. Sinestezina izan da. Gainera, gizonezkoen traineruarekin hau guztia partekatu ahal izateak are bereziagoa egiten du».

Donostiarrako arraunlariak lehen paladak ematen atzoko prestaketan. G. ARANBURU / FOKU
Donostiarrako arraunlariak lehen palakadak ematen, atzoko prestaketan. G. ARANBURU / FOKU

«Azkeneko aste hauetan, traineruak pauso bat eman du aurrera, eta asteazkeneko estropadan erakutsi genuen, geure mailarik onena emanez. Gaur beste aurrerapauso bat eman nahi dugu»

 MARKEL ELORZAKaikuko arraunlaria

Escobalek dioen bezala, pozik egoteko moduan dago Sestaoko taldea, ordezkaritza bikoitza izango baitu. Gizonezkoen traineruko Markel Elorza arraunlariak (Zierbena, Bizkaia, 1990) lehen urtea du taldean, eta tentu handiz egin du taldearen azterketa. «Azkeneko aste hauetan, traineruak pauso bat eman du aurrera, eta asteazkeneko estropadan erakutsi genuen, geure mailarik onena emanez. Gaur beste aurrerapauso bat eman nahi dugu».

Kaikuko bi ontziek euren ahalegin handienak egin zituzten sailkatzea lortzeko; ez, ordea, Donostiarrakoek. Etxeko trainerua izanik, parte hartzea ziurtatuta daukate Torrekua-ko arraunlariek, eta sailkatze estropada lehorretik ikusi zuten. Hala eta guztiz ere, Iker Imaz arraunlariak (Hernani, Gipuzkoa, 1997) azpimarratu du horrek ez diela aparteko abantailarik ematen, eta beste guztiek bezala uretan erakutsi beharko dutela euren ahalmena. «Asteazkenean ez genuen estropada jokatu, baina astean zehar ere entrenatzen aritu gara aurreko asteetako dinamika berarekin. Ez dut uste sailkapena ez jokatzeak onura berezirik ematen digunik».

«Uretatik pozik ateratzea besterik ez dut espero: ondo eta gustura arraun egin dugula jakinda. Gure lana ondo eginda badago, lehiakideek jarriko gaituzte geure lekuan»

AINHOA ESCOBALKaikuko arraunlaria

Baina faboritoek ere Kontxako Banderan ezer ez daukatela ziurtatuta berretsi zuen Oriok asteazkenean. Emakumezkoen trainerua ezustea izateko zorian egon zen, azken unera arte ez baitzuen ziurtatu sailkatuko zela. Atzo beste aurpegi batekin aritu ziren lanean Donostiako kaian, izualdia ahaztuta, eta gogoz, gaurkoa iristeko zain. Maider Etxaniz patroiak (Oiartzun, Gipuzkoa, 2000) aitortu zuen «susto itzela» hartu zutela. «Momentu txarra izan zen, baina helburu nagusia lortu genuen. Ez diogu buelta handirik eman kontu horri, eta ahal bezain laster ahaztu dugu. Oso argi daukagu ostegunean egindako estropadak ez gaituela definitzen, eta hori erakusteko gogoa ere badugu». 

Bakoitzak berea, hobekien

Zirrara nabaria zen arraunlari guztien aurpegian atzoko prestaketan. Batzuek seriotasunez jardun zuten ergometroari tiraka, eta beste batzuek solasean taldekidearekin. Denek nahi dute pozik geratu estropadan egindako lanarekin, eta hori da Kaikuren helburuetako bat, Escobalek esan bezala. «Uretatik pozik ateratzea besterik ez dut espero, ondo eta gustura arraun egin dugula jakinda. Gure lana ondo eginda badago, lehiakideek jarriko gaituzte geure lekuan».

Elorzak, berriz, esan zuen lan handia egin beharko dutela gustura geratzeko. «Asteazkeneko estropada ikusita, oso estropada gogorra izango da hasieratik. Sailkatze estropadan, denbora tarteak txikiak izan ziren kanpora egindako luzean, baina poparean izan zen alde txiki horiek zabaldu egin zirenean. Gaur dena eman beharko dugu bi luzeetan». 

 Orioko arraunlariak ergometroan entrenatzen. G. ARANBURU / FOKU
Orioko arraunlariak, ergometroan entrenatzen. G. ARANBURU / FOKU

«Eguraldiaren aurreikuspenen arabera, ez dago itsaso handirik, eta uste dut estropada oso fisikoa izango dela. Azkenengo urteetan gertatu den antzera, uste dut distantziak ez direla oso handiak izango, eta bandera bigarren igandean erabakiko dela»

IKER IMAZDonostiarrako arraunlaria

Kaikuko arraunlariak aipatu duen gogortasun horrekin bat dator Imaz. «Eguraldiaren aurreikuspenen arabera, ez dago itsaso handirik, eta uste dut estropada oso fisikoa izango dela. Azkenengo urteetan gertatu den antzera, esango nuke distantziak ez direla oso handiak izango, eta bandera bigarren igandean erabakiko dela».

Emakumezkoen estropada ez da gutxiago izango, eta aurreko urteetan ikusi den lehia errepikatuko dela uste du Etxanizek. «Estropada zorrotza eta lehia handikoa espero dut. Uste dut sailkatu garen ontzi guztiek helburu bera dugula, nahiz eta maila desberdinetako ontziak izan, eta oso argi dugu inork ez duela ezer oparituko».

Estropadaz estropada

Atzo denek zuten buruan gaur jokatuko duten estropada, baina baita datorren igandekoa ere. Jardunaldi bikoitza izanik, azken igandera bizirik heltzea ezinbestekoa dute banderaren lehian aritu nahi dutenek, baina elkarrizketatutako lau arraunlariek lehentasuna ematen diote gaurkoari. Hori oso argi zutenetako bat zen Iker Imaz: «Estropadaz estropada joan behar dugu. Lehendabizi lehenengo igandekoa egitea eta bigarrenera bizirik iristea da helburua. Gu ez gara ezkutatuko; banderaren bila aterako gara, eta badakigu aurkari oso indartsuak ditugula ondoan».

Urdaibaiko arraunlariak portuko arrapalan bilduta. G. ARANBURU / FOKU
Urdaibaiko arraunlariak, portuko arrapalan bilduta. GOTZON ARANBURU / FOKU

«Denboraldia biribildu nahi dugu, eta gure lanik onena egin bi luzeetan. Lehen txandatik aterata, ahalik eta alde handiena lortu beharko dugu datorren igandera begira»

MAIDER ETXANIZOrioko patroia

Bide beretik jo zuen Etxanizek, oraindik ere garrantzi gehiago emanda lehen jardunaldiari. «Denboraldia biribildu nahi dugu, eta gure lanik onena egin bi luzeetan. Lehen txandatik aterata, ahalik eta alde handiena lortu beharko dugu datorren igandera begira».

Kaikuko bi arraunlariak «baikor» ziren lehen jardunaldian egin dezaketenaz, eta sinetsi egin nahi zuten. Elorzak adierazi zuen «beldurrik gabe» eta «estropadan borrokatzera» irtengo direla, ezin hobeto aritzeko asmoz. Escobalek ere uste du euren estropada egitera ateratzen badira «gauza positibo bat» aterako dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.