Ekaitzak erdian harrapatu du

Kirol emaitza onak ez dira nahikoa izan Gaizka Garitanok Athleticeko aulkiari eusteko; taldeak sormenean erakutsi dituen gabeziak eta, batez ere, haustura instituzionalak kondenatu dute.

Gaizka Garitano, herenegun, San Mamesen, aginduak ematen. MIGUEL TOÑA / EFE.
haritz gallastegi
2021eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Gaizka Garitanok ez du Athletic laurogeita hamargarren aldiz zuzenduko. Ez da San Mamesen etxeko entrenatzailearentzat gordeta dagoen aulkian gehiago eseriko. Aitor Elizegi buru duen klubaren zuzendaritzak kirol arloan norabide aldaketa baten premia ikusi du. Elxeri merezita irabaztea ez da nahikoa izan proiektuari segida emateko. Neurketa amaitu eta komunikabideen aurrean ohiko agerraldia egin ostean bere lan taldearekin batera indarrak hartzen ari zela jakinarazi zioten Garitanori maleta egin beharko zuela. Akabo bi urte pasatxoko ibilbideari —2018ko abenduaren 5ean hartu zuen taldearen ardura—. Marcelino Garcia Toral hasi da bere ordezko lanak egiten.

Irakurri gehiago: Sua piztu duen aldaketa.

Garitanok meritu handiko lana egin du Athleticen. Lehen erronka ez zen makala izan: Eduardo Berizzoren lekukoa hartzeko aukeratu zuten. Mende hasierako biurteko beltzaren ostean, garairik gaitzenean zegoen Athletic. Jaitsierako postuetan. Hautsita. Egoera iraultzea nekeza zirudien. Baina azterketa nota onarekin gainditu zuen derioztarrak: hasteko, sakabanatuta zeuden piezak elkartu, eta noraezean zebiltzan jokalariak batu zituen; defentsako lana oinarri hartuta, puntuak pilatzen hasi zen taldea; abenduan dena beltz ikusten zuen taldeak Europarako txartela izan zuen jokoan txapelketako azken partidan. Sanchez Pizjuanen Sevillaren kontra galduta sari barik gelditu zen.

Taldeari egindako ekarpenak beste urtebetez jarraitzeko aukera eman zion, eta bigarrenean ere helburuak bete zituen: COVID- 19ak eragindako pandemiak baldintzatutako denboraldian, Espainiako Kopako finalerako txartela eskuratzeaz gain, bigarren urtez jarraian azken jardunaldira arte Europa Ligarako txartela eskuratzeko lehian egon zen Athletic. Bigarrenean ere kale, ordea. Hala ere, ba al dago talde zuri-gorriko entrenatzaileari emaitza hobeak eskatzerik? Zein da taldeak dituen jokalariekin egokitzen zaion lekua? Sasoi honetakoa izan da kirol mailarik gorabeheratsuena. Taldeak ez du gaitasunik izan bi edo hiru emaitza on kateatzeko. Emaitzak alde batera utzita, taldearen jokoa oso kritikatua izan da.

Emaitzen atzean zer dagoen

Futbol entrenatzaileak emaitzen menpe daude; helburuak lortu ezean etxera bidaltzen dituzte, baina salbuespenak ere badaude. Zenbait kasutan beste faktore batzuek ere pisu handia izaten dute klubetako agintarien erabakietan; bestela, ezinezkoa litzateke justifikatzea Athletic bederatzigarren postuan daukan entrenatzaile bat kargutik kendu izana. Europako postuak eta jaitsierakoak sei puntura ditu, eta hori guztia, taldearen ardura hartu zuenetik ia fitxaketarik egin gabe, taldea indartu barik. Berenguer izan da azken bi urteetako apustu nagusia. Berenguer baino ez. Talde barruan lehiakortasuna areagotzen lagundu du, baina ez du taldearen maila nabarmen hobetu.

Bistan da Garitanok Athleticen egin duen beharra aintzat hartu behar dela. Bere aurrekoek, Berizzok eta Jose Angel Zigandak egindako lana dezentez hobetu du. Baina ez da nahikoa izan, partida egunetan islatzen den egunerako lanaz gain, beste gauza batzuk ere zaindu egin behar baitira. Taldeak zelaian zer transmititzen duen garrantzitsua da, ezinbestekoa. Bada, Garitanoren Athleticek inguruaren babes handia izan du garai latzetan, baina behin zailtasunak gainditutakoan beste urrats bat egiteko eskatu zaio, eta ez du lortu. Taldeari kosta egin zaio harmailarekin bat egitea, jarraitzaile batzuekin, behintzat. Gainera, egungo futbolean garrantzitsua da norberen burua eta proiektua saltzen asmatzea. Garitano zuzena eta zorrotza da; pentsatzen duena esaten du, eta kosta egiten zaio zaleek entzun gura duten mezua igortzea. Horrek asko balio du futbolean.

Gainera, kosta egin zaio jokalari gazteen aldeko apustua egitea. Athleticen oinarri nagusia haztegia da, eta lehen taldean zerbait falta denean, beheko taldeetan dauden harribitxien aldeko apustua egin behar da; zalantza egin barik, gainera. Garitanori kosta egin zaio pausua ematea. Akaso gazte mailetan zer zegoen ondo ezagutzen zuelako, eta argi zuelako aukeraren zain zeudenek ez zutela gaitasunik gorengo mailan lehiatzen ari zirenen maila berdintzeko. Bitxikeria gisa, esan behar da, baina, belaunaldi aldaketaren aldeko apustua inoiz baino sendoago egiten ari zenean kaleratu dutela.

Norberak kontrolatu ezin ditzakeen egoerak ere badaude teknikari baten ibilbidean. Garitanori krisi instituzional sakonean murgilduta dagoen talde bat zuzentzea egokitu zaio. Athletic familian haustura dago. Korronte ezberdinak beti egon ohi dira, baina azken urteetan banaketa handia dago. Horrek desgaste handia eragin du. Ildo horretan, azken batzarrean egungo zuzendaritzaren kudeaketak jaso zuen belarrondokoak aurreratu egin du erabakia. Arlo ekonomikoan egoera aldatzerik ez dagoenez, kirol arlora jo dute agintariek. Entrenatzailearen gaineko erabakia Elxeren kontrako partidaren aurretik zegoen hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.