Ekaitz Saralegik lau t'erdiko txapelketako finalerdia jokatuko du. Zalantza askorik ez zegoen arren, atzo baieztatu zuen erabakia, Iruñean, Labrit pilotalekuan entrenamendu saioa egin ondoren. Azken asteetako gogorrena izan zen,eta Amezketakoa gustura gelditu zen, batez ere ezker eskuarekin sakeak eramateko gai dela ikusi zuelako. Beraz, larunbatean, Iruñean, Saralegik eta Aimar Olaizolak finalean Juan Martinez de Irujorekin lehiatzeko eskubidea izango dute jokoan.
«Urrundik ere ez nago nire sasoirik onenean, baina jokatu ahal izango dut». Saralegi lasaitua hartu zuen Labriten. Iragan asteko partidari uko egin ondoren, ezker eskuko hatz luzeko hausturak hobera egin dio, eta jokatu ahal izango du, neurrira eginiko babes batekin. Mina ez da joan, baina larunbatean ia hilabete beteko da hatz punta hautsi zuenetik, eta hori zen hasieran ezarritako sendatze eperik baikorrena. Pilotariak berak onartu du minak hobera egin duela, eta larunbatera arteko epea ere baduela.
Sakeak errestatzeko garaian zuen zalantza handiena, eta ondo ikusi zuen bere burua. «Hor nuen beldurrik handiena, behetik datozen pilotakada gogor horietan, baina nahiko ondo ibili naiz. Baina, tira, beti da zaila zazpi t'erditik pilota kendu eta aurkaria saihestea». Olaizolak eta Saralegik bihar egingo dute pilota aukeraketa. Kantxako sarrerek 40 euro balio dute, eta merkeenek, hogei.
Irujoren 21. finala
Martinez de Irujo herenegun sailkatu zen lau t'erdiko finalerako, Oinatz Bengoetxeari 22-16 irabazita. Ondo bidean, abenduaren 14an jokatu beharko litzateke, larunbateko finalerditik bi astera. Hasieran, 8a zen eguna, baina litekeena da atzeratzea. Irujok ez du hiru astez geldirik egon izan nahi, eta igandean lau t'erdiko partida jokatuko du Joseba Ezkurdiaren aurka, Eibarren, San Andres eguneko jaialdian.
Irujok profesional ibilbidean —2003ko ekainean egin zuen debuta— jokatuko duen 21. finala izango da lau t'erdikoa, eta seigarrena jarraian, iazko binakakoaz geroztik denak jokatu baititu. Lau t'erdiko txapelketari dagokionez, zazpigarren finala du, eta azken seietatik bost jokatu ditu. Aurreko seietatik bi irabazi ditu, biak Abel Barriolaren aurka, 2006an eta 2010ean. Aurtengo ere irabaziko balu 2014ko hiru txapelak jantziko lituzke.
Ekaitz Saralegi, jokatzeko prest
Entrenamendu gogorra egin du Iruñean, eta gustura gelditu da emaniko mailarekin; bereziki, ezkerrarekin sakeak ondo eraman dituelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu