Asdrubal Las Palmaseko jokalariak arauzko denbora bete ondoren sartu zuen etxekoen gola, eta, hortaz, Eibarri azken unean ihes egin zion garaipenak atzo Kanaria Handia estadioan. Gaizka Garitanok entrenatzen duen taldeak 14. minutuan hartu zuen aurrea Ander Caparen golari esker, baina ezin izan zuen bigarrena sartu, etxeko taldeak azkeneko hamar minutuak jokalari bat gutxiagorekin jokatu zuen arren. Halere, ona da berdinketa, Eibarrek etxetik kanpo galdu gabe jarraitzen baitu.
Partidaren hasieran sufritu zuen apur bat Eibarrek, baina behin gola sartuta —Yuriren pasea baliatu zuen Capak— nagusi izan zen, eta Moralesek gutxigatik ez zuen bigarrena sartu 33. minutuan. Etxekoak ez ziren gai arriskua sortzeko, eta zaleak ez zeuden, ez, gustura.
Bigarren zatian apenas aldatu ziren gauzak, eta Medie Jimenez epaileak David Garcia kanporatu zuen, Barbosa atezainaren aurrean gelditzekotan zegoenean Capari bultza egiteagatik. Baina Eibarrek ezin izan zion horri etekikin atera, eta Asdrubal harrobiko jokalariak berdindu egin zuen lehia, erremate gurutzatua sarera bidalita. Datorren astean Kordoba hartuko du Ipuruan Eibarrek.
Alaves Kordoban ariko da
Kordobaren kontra jokatuko du gaur Alavesek (18:00). Natxo Gonzalez entrenatzaileak pazientzia eskatu die zaleei, eta daukanarekin gustura dagoen arren, esan du taldeak beste lauzpabost aste beharko dituela sasoiko jartzeko. «Orduan, oso talde ona izango gara». Arcangel estadioan ezin izango ditu zelairatu Juanma eta Quiroga, biak min hartuta baitaude; Jarosik fitxatu berria, aldiz, deialdian sartu du. Alavesek puntu bakarra batu zuen aurreneko bi jardunaldietan: Gironan galdu zuen, eta Las Palmasen kontra Mendizorrotzan berdindu. Kordobak, berriz, bi partidak irabazi ditu. Pablo Villanuevak entrenatzen duen taldeari, gainera, ez diote golik sartu. Jens Janse atzelariak uste du Alavesek atzean itxarongo diela.
Eibarri azken unean ihes egin dio garaipenak Las Palmasen estadioan (1-1)
Gipuzkoarren gola Capak sartu du, baina Asdrubalek arauzko denboratik kanpo berdindu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu