Esperantza da azkena galtzen dena, eta matematikak kontrakoa esan bitartean, Eibarrek sinesten jarraituko du. Sasoiko partidarik borobilena egin zuen du talde armaginak, eta Alavesek, aldiz, txarrena. Markagailuak ez du gezurrik esaten: 3-0 etxeko taldearentzat, nagusitasun osoz. Urtarrillaren 3tik ez zuen partida bat irabazten Eibarrek. Orduan ere Ipuruan izan zen, Granadaren aurka (2-0). Irabazi gabeko hamasei partideko boladari amaiera ematea lortzeaz gain, mailari eusteko helburua bizirik mantentzea lortu dute.
Gipuzkoarren garaipenarekin are gehiago estutu da sailkapenaren beheko aldea, armaginen onurarako eta babazorroen kaltetarako. Eibarrek zuloan jarraitzen du, 26 punturekin, eta laura ditu Elx, Huesca eta Valladolid (bihar jokatuko du), eta haiekin batera, aurreko astera arte hain urruti zegoen salbazioa. Gasteiztarren egoera hobea da, baina ez daude etxafuegoak botatzeko moduan. 31 punturekin, jaitsiera postuetatik puntu bakar batera da Alaves. Lau jardunaldi geratzen dira, eta ezer ere ez dago erabakita. Adi ibili behar.
Egoerak hala behartuta, gogor ekin dio Eibarrek lehiari. Lehen zatian, partidaren jaun eta jabe izan dira gipuzkoarrak. Aurreneko minutuetatik armaginek hain berea duten jokoa egitea lortu dute: goian presionatu, aurkariaren atetik gertu lapurtu, eta area erdiraketaz josi. Jose Luis Mendilibarrek aise irabazi dio arbeleko lehia Javi Callejari. Arabako taldea lo zelairatu da, haizeak nondik jotzen zien ere ez zekiten jokalariek. Etxeko taldearen betiko jokoak ezustean harrapatu dituela ematen zuen. Eibarrek hasiera-hasieratik eraman du berdeguneko nagusitasuna markagailura. Hirugarren minuturako aurretik zen etxeko taldea. Alboko sake bat area barruan sartu, eta jokalari guztien artean Kike Garciari, nori bestela, erori zaio baloia: 1-0. Hain jardunaldi gutxiren faltan, eta gauzak nola dauden ikusita, talde askok abantaila babestea aukeratuko zuketeen, baina Mendilibarren taldea ezberdina da, eta justu kontrakoa egitea erabaki du: bigarrenaren bila joatea. Aldea bikoizteko abaguneak izan ditu. Kike Garcia, Bryan Gil eta Edu Exposito gola egitetik gertu izan dira, baina ez dute baloia Pachecoren ate barrura bidaltzea lortu. Errenta txikiegia zen zelaian ikusi zenerako.
Babazorroak noraezean egon dir lehen zati osoan. Apenas iritsi dira Eibarren area ingurura. 32. minutuan jaurti dute estreinakoz hiru zutoinen artean, Lucas Perezen bitartez. Atsedenaldira gol bateko desabantailarekin bakarrik iristea izan da gasteiztarrentzat albiste on bakarra.
Bigarren zatia hasi bezain pronto lortu du etxeko taldeak partidako bigarren gola. Kike Garciak, berriz ere, bikain baliatu du Edu Expositoren erdiraketa, eta hanka puntarekin Pacheco gainditzea lortu du. Plana ondo ez zihoala ikusita, zuhaitza astindu eta bi aldaketa egin ditu Callejak: Pere Pons eta Luis Rioja zelairatu ditu Pinaren eta Edgarren ordez. Jokalariak bai, baina jokatzeko era ez du aldatu teknikari gasteiztarrak, eta Eibarren nagusitasunak bere horretan jarraitu du. Hori berresteko egin du hirugarrena Kikek, beretzat lehedabizikoa, eta Eibarreko jokalari batek Lehen Mailan sartzen duen aurreneko hat-trick-a. Hirugarren golarekin partidako erritmoa asko jaitsi da. Datorrem jardunaldian, Eibarrek Getaferi egin beharko dio bisita eta Alavesek Levante jasoko du.