FUTBOLA

Eibar sinetsita dago

Eibartarrek Lehen Mailara igotzeko finala jokatu nahi dute, eta, horretarako, nahikoa dute gaur Ipuruan Oviedorekin berdintzea. Hala ere, ez dute aritu nahi joanekoaren emaitzari begira.

Joseba Etxeberria eta Eibarreko jokalariak zaleak agurtzen, joaneko partidaren amaieran. PACO PAREDES / EFE
Joseba Etxeberria eta Eibarreko jokalariak zaleak agurtzen, joaneko partidaren amaieran. PACO PAREDES / EFE
pettan uralde
2024ko ekainaren 12a
05:00
Entzun

Eibarrek abantaila handia du bi kontu hauetan: etxean bertan jokatuko du eta kanporaketa berdinketarekin amaituta ere sailkatzea lortuko du. Hark irabazi du pribilegio hori, liga osoan erregular izan baita, eta, hala, hirugarren postu preziatua lortu du. Oviedon (Espainia) egin zuen lehen urratsa Joseba Etxeberriak zuzendutako taldeak, hutsean berdinduta, eta Ipuruan erabakiko da gaur bi taldeen etorkizuna (21:00, LaLiga TV). Eibarrek sinetsi leloa zabaldu du kanporaketaren hasieratik, baina, gaur, sinesteaz gain, gauzatu egin nahi du.

Hirugarren urtez jarraian jokatuko du Eibarrek Espainiako Lehen Mailara igotzeko kanporaketa, eta, aurreko bi aldietan ez bezala, oso kontzentratuta aritu zen joanekoan, akatsik egin gabe eta oso modu fidagarrian jokatuz. Izan ere, esperientzia lagun handia da horrelako kanporaketetan, eta Eibarreko belaunaldi honek ongi ikasi du nola aurre egin partida gogorrei. 

«Berdinketak balio digula jakinda ere, ezin gara espekulatzen aritu. Eibar izan behar dugu. Jakina, partida erabakigarria da, eta ezin dugu erokeriarik egin».

JOSEBA ETXEBERRIAEibarreko entrenatzailea

Eibarrek ez zituen oso modu onean amaitu azken bi kanporaketen joaneko partidak: jokalari bat gutxiagorekin, eta txartel mordo bat jasota. Larunbatean, ordea, txartel hori bakarra jaso zuen, eta sendotasun handiko talde moduan aritu zen Carlos Tartieren. Erasoan ez zen aritu beti bezain fin, baina Etxeberriaren taldeak heldutasunez jokatu zuen partida osoa, eta ez zituen hartu behar baino arrisku gehiago. 

Tentsio handiko partida izan arren, Eibarrek momentu oro kontrolpean izan zituen etxeko taldearen erasoaldiak, eta baloiarekin ez zen korrika eta presaka ibili. Jokalariek bazekiten ezin zituztela iragan kanporaketen akatsak errepikatu, eta lehentasuna eman zioten horri. Etxeberriak berak errepikatutako mezua zen golak sartzeko ahalmena ez zela nahikoa izango aurrera egiteko, eta defentsan gora egin behar zutela. Jokalariek mezua jaso zuten, eta itzuliko partidarako ere garrantzitsua izango dute sendotasun hori erakustea.

Gaurkoan Eibarri berdinketak mesede egiten dion arren, Joseba Etxeberriak adierazi du ez direla espekulatzera aterako. «Ezin dugu 120 minutuko partida bat planteatu. Irabazten saiatuko gara, baina jakinda berdinketa horri eusten badiogu, amaiera hurbildu ahala, Oviedo estuago sentituko dela. Partida ligakoa balitz bezala planteatuko dugu». Entrenatzaile elgoibartarrak garaipena nahi du: «Berdinketak balio digula jakinda ere, ezin gara espekulatzen aritu. Eibar izan behar dugu. Hirugarren postu hori bermatu badugu, taldea beti irabazteko asmoz atera delako bermatu dugu. Jakina, partida erabakigarria da, eta ezin dugu erokeriarik egin».

Zaleen bultzada

«Oraintxe bertan saihetsezina da urduritasun puntu hori, jokatzen ari zarena aintzat hartuta. Horrekin moldatzen jakin behar da, eta gero askatu; bestela, horrek arrisku egoera gehiago sorraraziko baitizkigu. Oso garrantzitsua da emozio horiek kudeatzea eta zentzuz jokatzea», adierazi du prestatzaileak. Hain zuzen, Ipuruan izango diren milaka eibarzaleek euren jokalariei transmitituko dizkiete emozio horiek. «Energia eta indarra ematen digute. Guk haiengatik egiten dugu, eta gu une oro babestuta sentitzeak bizitza ematen digu».

Elgoibartarrak ezin izango du Bautista zelairatu, eta Nolaskoainek asteleheneko entrenamendua utzi zuen amaitu baino lehen: «Perurekin kontu pixka bat izan dugu, baina ez du ezer larririk. Bautista izan ezik, gainerakoak bete-betean daude. Arlo fisikoaz ez ezik, arlo mentalaz ere hitz egiten dut. Gero, zelaian erakutsi behar da, baina nire irudipena da oso garai onean heldu garela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.