Eibar 1-0 Cartagena

Eibarrek irabazi egin dio Cartagenari, baina ez da igoko gaur zuzenean

Valladolidek berdindu egin du Alcorconen aurka, eta horrek galarazi du talde armagina zuzenean igotzea Ligako Lehen Mailara.

Stoichkov gola ospatzen
Stoichkov gol bat ospatzen, artxiboko argazki batean. Jon Urbe / Foku
Edu Lartzanguren.
2024ko maiatzaren 19a
17:16
Entzun

Eibarrek 1-0 irabazi dio Cartagenari. Ez da emaitza ikusgarria, baina ondorio bikainak eduki ditzake. Izan ere, garaipenarekin talde armaginak ziurtatu egin du Ligako Lehen Mailara igotzeko kanporaketak jokatuko dituela, baina egon da aukera kontua harago joateko. Izan ere, Valladolid galduz joan da Alcorconen aurka. Galduz gero, zuzenean igoko zen Gipuzkoako taldea Ligako Lehen Mailara. Azkenean ez da gertatu, Valladolidek bana berdindu baitu.

Ez da partida erraza izan. Espainiarrek ez zuten ezer jokoan, baina, halere, gogor egin diote aurre Eibarri. Defentsa sendoa antolatu dute.

Baina 10. minutuan, korner bat jaurti dute armaginek, eta Stoichkovek erraz sartu du gola. Nahasmena sortu da hasieran, epaileak baliogabetu egin duelako gola. Edonola ere, bideoa ikusi ostean ontzat eman behar izan du Sanchez Toca epaileak.

Beste gol bat sartzeko zorian egon da Eibar, bost minuturen ostean. Baloiak eskuineko zurtoina jo du, eta kanpora joan da.

Cartagenak eragin du ezustekoa, edonola ere, 20. minutuan, eta Arbillak salbatu behar izan du. Hiru minuturen ostean, gogor jaurti du Luis Muñozek eibartarren atearen kontra, eta Luca Zidane atezainak esku hartu behar izan du.

Eibarrek garaipena ziurtatu nahi izan du, eta Sergio Leonek aukera izan du lehen zatia amaitu baino apur bat lehenago. Raul Lizoain atezainak gelditu egin du, ordea.

Bigarren zatian, grinatsu zelairatu da Cartagena. Berriz ere, Muñozek bidali du baloi bat atera, eta lana eman dio Lucari. Eibarrek, orduan, kontraerasoa jo du, eta Konradek jaurtitako baloia gelditu behar izan du Lizoainek.

Baina Cartagenak ere jakin du kontraerasoan egiten, eta partida berdintzeko zorian egon da Alarcon.

Azkeneko minutuetan, Eibarrek urrezko abantaila defendatzeari ekin dio. Baloia ongi kontrolatu du, eta 75. minutuan beste aukera bat izan du bigarrena sartzeko. Qasmik botaren puntarekin jo dio baloiari, eta Lizoainek geldiketa ikusgarria egin behar izan du.

Beraz, hiru puntuak eraman ditu Eibarrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.