Mikel Rico (Arrigorriaga, Bizkaia, 1984) ezagutzen duenak ez du zalantza egiten bere inguruan galdetzen diotenean: zentzuduna eta goi mailako profesionala da. Lan saioko ariketa bakoitzean, daukan guztia ematen du. Lan hori Athleticen segitzeko baliatu gura du. Eskaintzaren zain dago. Kepa Arrizabalagak kontratua luzatu berritan eta Aymeric Laporteren inguruko zurrumurruak zabaldu aurretik erantzun ditu galderak.
Gutxi hitz egin da asteon ostiraleko derbiaz. Athleticek emaitza onak eskuratu ditu azken derbietan.
Bai. Batez ere San Mamesen. Baina partida gaitza izango da. Eibar oso aurkari deserosoa da, eta aurkari zuzena ere bai. Guk garaipen premia dugu.
Harritu egin al zaitu Eibarrek izan duen gorakadak?
Ni gehiago harritzen ninduen sasoi hasieran izan zituen zailtasunak gero lortu dituen emaitza onak baino. Hala ere, zazpi partidatan hemeretzi puntu irabaztea oso zaila da. Oso ondo landuta dagoen taldea da. Mendilibarrek denbora asko darama taldea zuzentzen, eta ez da haren gainean dudarik egon. Eibarrek gauzak argi ditu, eta horrek beti ekartzen ditu emaitza onak.
Zerk kezkatzen zaitu gehien aurkariaz?
Gertutik jarraitu beharreko aurrelariak ditu. Bestalde, zelai erdiko jokalariak indartsuak dira, eta hegalak, biziak.Talde osoa da. Gu baloia ondo mugitzen ahaleginduko gara. Bi taldeok ondo moldatzen gara presioan. Beraz, baloiarekin asmatzen duenak gertu izango du garaipena.
Denboraldiaren lehen erdia jokatuta, zer da Athleticek egin duen onena eta zein txarrena?
Kopako porrota da orain arteko txarrena. Eta onena, egoera txar hori iraultzeko erakutsi dugun indarra. Lur jota geundela zirudienean, ondo aritu gara Europa ligan, eta ligan ere bolada ona daramagu. Garaipenak lortzea kosta egiten zaigu, baina ondo gaude.
Gorako bidea hartzeko irteera tokian ikusten duzu taldea?
Egungo Athletic talde lehiakorra da. Gu mendean hartzea nekeza da. Taldeak sinetsi egiten du egiten duena. Pare bat emaitza on kateatzen baditugu, goiko postuetan sartuko gara, eta gai izango gara sasoia amaitu bitartean goian egoteko. Hurrengo partidak oso garrantzitsuak izango dira.
Hobetu egin duzue, baina asko kostatzen zaizue irabaztea, eta, hori egin ezean, gaitza da gora egitea. Nola lortzen da defentsaren eta erasoaren arteko oreka?
Taldeak hobetu egin du. Azken lau partidetatik bi irabazi ditugu eta beste bi berdindu. Getafen eta Espanyolen etxean puntuak irabaztea ez da erraza. Azken partidetan aukera gehiago sortzen ari gara. San Mamesen sendoagoak izan behar dugu. Alavesen kontrako partida da bidea.
Athleticen zaudenetik denboraldi hasierarikgogorrena izan da?
Ez. Ernesto Valverderen bigarren sasoi hasiera gaitzagoa izan zen. Txapeldunen Ligatik kanporatu gintuzten, ligan asko kostatu zitzaigun puntuak pilatzen hastea... Gogoan daukat Almerian Etxeitaren golari esker irabazi genuela. Larri geunden. Gero dezente hobetu genuen, baina hasiera aldapatsua izan zen.
Athleticen hobekuntzaren arrazoietako bat Zigandak irizpideak aldatzea izan da: Susaetak, Iturraspek, De Marcosek etazuk protagonismoa hartu duzue. Eskarmentua duzuen futbolarion ekarpena eskertu du taldeak.
Taldea txarto zegoenean eman ziguten aukera, eta, ordutik, taldeak hobetu egin du. Ez dakit guri esker izan den ala ez.
Inork ez du norberaren taldearen porrotik desio, baina komeni da gauzak txarto joatea jokatzen ez duenak aukera bat izateko. Arlo pertsonalean, ondo etorri zaizu taldearen krisia.
Taldeak irabazi edo galdu, jarrera berarekin entrenatzen naiz, baina, emaitzak laguntzen dutenean, taldetik at dagoenak badaki zer daukan. Dinamika txarra denean, aukera gehiago ikusten dugu, eta prest egoten saiatzen gara.
Lehen urte bietan asko jokatu ostean, azken bietan pisu gutxi izan duzu taldean. Hamaikakoan segida izateko esperantza galduta zeneukan?
Bai. Hamaika hilabetez hamaikakoan lekurik ez daukazunean, horrelako gauzak pentsatzen dira. Eguneroko lanean ahalegintzen nintzen, baina argi izanda ez zela samurra izango galdutako pisua berreskuratzea. Hilabeteotan, denetarik pasatu zait burutik.
Duela pare bat hilabete ezinezkoa zirudiena gerta daiteke: itxita zirudien kontratu berritzearen atea zabal daiteke?
Lehenik eta behin, azken bi partidetako maila hobetu nahi dut. Ez naiz fin aritu. Gero gerokoak. Jarraitzeko aukera badut, oso ondo, eta, bestela, orain arte ere zoriontsua izan naiz oso.
Klubak deitu al zaitu?
Ez, baina lasai nago.
Noiz arte itxarongo duzu?
Ez dakit. Lehen aldia da kontratuaren azken urtean nagoena. Nik ahal dudan guztia itxarongo dut. Ez dut beste ezer begiratu, baina nik jokatzen jarraitu gura dut, eta lehenago edo beranduago erabakiak hartu beharko ditut.
Zer ondorio atera beharko lirateke Keparekin gertatutakoaz?
Jokalari batek berba egin arte ezin dela ondoriorik atera da ondorio nagusia.
Mikel Rico. Athleticeko jokalaria
«Eibarrek gauzak argi ditu; horrek emaitza onak ekartzen ditu beti»
Athleticen hobekuntzaren giltzetako bat da Mikel Rico. Hala ere, ez dago pozik azken partidetan egin duen jokoarekin. Sasoiaren amaieran bukatuko zaio kontratua, eta klubak zer erabaki zain dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu