Espainiako Kopako ibiliari ekingo dio gaur Eibarrek Gijonen, Sportingen aurka. Final-hamaseirenetako kanporaketaren joaneko partida izango da, eta, aurkaria Bigarren Mailakoa izanik, eibartarrak dira bidegurutze honetan aurrera jarraitzeko faboritoak. Baina izenari izana gehitu beharko dio Jose Luis Mendilibarrentaldeak gaur, faborito sentituz bakarrik komeriak izango dituelako. Horretaz aritu zen entrenatzailea atzo: «Lehen Mailakoak garenez, faboritoak gu gara, baina gu Lehen Mailako behealdeko taldea gara, eta Sporting, Bigarren Mailako goialdekoa». Jokalariak erne jartzeko modua du Mendilibarrek.
Jokatzen dutenek, dena dela, ez dute lo hartzeko motiborik izango, ligan gutxien ari direnen aldeko hautua egingo duelako entrenatzaileak: «Kopa lehiaketa ona da taldearentzat, ligan gutxien jokatzen ari direnei aukera emateko. Oso ondo ari dira entrenatzen guztiak, eta gogorra egiten da asteburuero sei jokalari deialditik kanpo uztea. Kopari esker, denek dute jokatzeko aukera».
Hemezortzi jokalari daude Gijonen, eta bigarren taldeko bakarra Markel Areitio atezaina da, Dmitrovicek min hartua segitzen baitu. Min hartuta dauden besteak Pedro Leon, Escalante eta Enrich dira. Atseden izango dute gaur Orellanak eta Peñak.
Sporting eta Eibar elkarren aurka duela bi denboraldi ere aritu ziren Kopan, eta armaginek0-2 irabazi zuten Gijonen, eta 3-1 Ipuruan.
SPORTING-EIBAR
Sporting. Dani Martin; Geraldes, Juan Rodriguez, Peybernes, Noblejas; Salvador, Sousa, Cerro, Perez; Traver eta Djurdjevic.
Eibar. Areitio; Calavera, Paulo, Bigas, Cucurella; Hervias, Sergio, Diop, Milla; Cardona eta Charles.
Epailea. Jaime Latre
Lekua. El Molinon estadioa.
Ordua. 12:00etan (BeIN La Liga).
Eibarrek faborito dela ekingo dio gaur Kopari, Sportingen zelaian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu