Arratsalde txarra izan dute Espainiako Lehen Mailan ari diren euskal taldeek. Bik jokatu dute, Eibarrek eta Realak, eta biek galdu dute. Hori gutxi ez, eta etxean galdu dute.
Yerai Martinek entrenatutako taldeak galdu du lehenbizi: 1-2 Madril CFFren aurka, Ipuruan. Etxekoak nahi eta ezin aritu dira partida osoan. Laura Caminok sartu du Eibarren gola, luzapenean, 0-2 galtzen ari zirenean.
Jose Luis Sanchez Verak entrenatutakoek, berriz, goitik behera egin dute Zubietan. Elene Guridik sartu du partidako lehen gola, aurreneko zatian, baina, bigarrenean, Galiziako taldeak emaitza irauli du: 1-2.
Athleticek bihar jokatuko du, Betisen zelaian (16:00, Dazn). Zuri-gorriek irabazi egin nahi dute, etxean Eibarren aurka galdu izanak eragindako mina arintzeko.
Koparen ondorena
Realak eta Osasunak, berriz, berriro jokatuko dute Espainiako Kopan elkarren aurka aritu eta gero. Txuri-urdinek Espanyol hartuko dute bihar Anoetan (18:30, Movistar). Finalerdietarako sailkatu izanak ligan mesede egitea nahi dute, bolada txarrean baitaude: azken hiru partidak galdu dituzte.
Osasunak, berriz, astelehenean jokatuko du, Jagoba Arrasateren Mallorcaren zelaian (21:00, Movistar). Gorritxoek ligako bolada txarra eten zuten Anoetan irabazita, eta horri eutsi nahi diote.