Hasieratik izan da gehiago Eibar, eta jokoan erakutsi duen nagusitasunak gola izan du sari 32. minutuan. Alejok eskuin hegaletik jarritako erdiraketak Alavesen arean utzi du baloia, eta hainbat aldaratzeren ondoren, Jordanek atea zulatzea lortu du.
Lehen zatia amaitzear zela are gehiago zaildu zaio partida Alavesi, epaileak txartel gorria atera baitio Santosi —2. txartel horia zuen—, Arbillari buruan ostikoa emateagatik.
Bigarren zatiaren hasieran ere Eibarren aldekoak izan dira aukerak. Charlesek buruz errematatu du Caparen erdiraketa bat 50. minutuan, baina Pachecok zailtasun handirik gabe gelditu du. 69. minutuan, ordea, Chalesek berak buruz egin du Eibarren bigarrena, Alejok eskuin hegaletik egindako erdiraketa baliatuz.
Eibarren bigarren golaren egileari txartel gorria atera dio epaileak 83. minutuan, baloirik gabe ostiko bat emateagatik, eta ondorioz, hamarna jokalarirekin gelditu dira Alaves eta Eibar.
Partidaren azken txanpan, 90. minutuan, markagailuko aldea murriztu du Alavesek, Burguiren egindako golarekin.