Ikusi orduko, elkar besarkatu dute Gaizka Garitanok (Derio, 1975) eta Joseba Llorentek (Hondarribia, 1979). Lagun zaharrak dira. Taldekideak izanak, Eibarren. Badute zer kontatu, eta segituan hasi dira hizketan. Ordu asko pasatutakoak dira elkarrekin Eibarren: aldagelan, autobuseko bidaia amaigabeetan, partidetan, ondoren... Realak ere lotzen ditu, biak baitira Realeko ere izanak. Eta, Eibarren, Jose Luis Mendilibar izan zuten entrenatzaile,2004-2005 ia miragarri hartan.
Elkartzen al zarete biok?
GAIZKA GARITANO: Realean lagun handiak ditugu biok, oraingoak eta lehengoak, eta horren aitzakian elkartzen gara tarteka.
Futboletik ateratzen den onena da lagunak egitea?
JOSEBA LLORENTE: Polita da. Batzuk jarraitzen dugu elkartzen, geure istorioak kontatzeko.
G.G.: Lagunik onenak futbolaren bidez egin ditut nik.
Eibarren jokatuta, errazagoa al da gero laguntasunari eustea?
J.L.: Izan daiteke errazagoa. Eibarren beti egon izan dira hiruzpalau jokalari beterano, betiko giro onari segida emateko ardurarekin. Eta berriak ginenok berehala sartzen ginen giro horretan. Adibidez, entrenamendu bakoitzaren ondoren, zerbait jatera eta hartzera joaten ginen.
Beterano horietakoa Garitano bera zen zu, Llorente, taldera bildu zinenean, 2003ko udan. Nolakoa zen Llorente gazte hura?
J.L.: Barkatu moztea, baina Gaizka kapitaina zen. Nagusia. Errespetua genion, eta kapitainari kasu handiagoa egiten diozu entrenatzaileari baino. Ondo entrenatzen zuen, bere onena ematen zuen beti. Berak Oskar Artetxe eta beste batzuengandik jaso zuen lekukoa eta lan egiteko era hori, eta ondo helarazi zigun mezua.
Llorente ez zen kexatuko gogoa jarri behar zen horrekin, ezta?
G.G.: Elkarrekin edukitzen genituen iskanbilak, hau ere gogorra zelako [barrezka]. 2004-2005eko sasoiko talde hura osoki zen grinatsua, gogorra. Kalitate tekniko asko zutenak ere baziren, David Silva esaterako, baina nerbio handiko taldea ginen, entrenatzailea ere [Jose Luis Mendilibar] nerbio handikoa zelako. Entrenamenduak beroak izaten ziren, bai. Gero, oso ondo konpontzen ginen. Joseba izango zen lehiakorrena talde hartan.
Sekulako taldea zenutela erakutsi du denborak, orduan gazteak zirelako Silva bezalakoak. Denboraldi-aurrean antzeman zenioten taldeari oso ona zela?
G.G.: Kontrakoa. Jaitsi egingo ginela pentsatzen genuen. Liga hasi baino bost egun lehenago hamabi jokalari bakarrik geunden taldean. Azkeneko astean etorri ziren sei edo zazpi jokalari berri. Gogoan daukat Zumaiakoren aurka jokatu genuela abuztuan Zumaian, eta zeharo barregarri geratu ginen. Uste dut 1-1 berdindu genuela. Aurreko denboraldietan ere Eibarren nengoen, eta, aurreko taldeekin alderatuta, eskasa zela iruditzen zitzaidan.
Hala ere, ezustean, talde hura oso handi zen ligan.
G.G.: Hala izan zen, bai. Begira, Silva zortzigarren jardunaldian-edo hasi zen jokatzen, eta ordurako goian ginen. Gero, bera zen artista, baina dinamika oso ona zen.
Nola ulertzen da hain denboraldi-aurre eskasa egin, eta berehala oso ondo ibiltzea?
J.L.: Ideia berritzailea zen Mendilibarrena Eibarren. Ez zen ohikoa hain goian presio egitea Eibarren historian. Aurreko denboraldietan, Blasekin-eta [Blas Ziarreta], baloia gora bidaltzera jokatzen genuen, ea Olanok edo besteren batek baliatzen zuen aukeratxo hura. 1-0 eta etxera; horrela jokatzen genuen. Baina Mendik aldatu egin zuen dena. Lan fisiko handia egin genuen denboraldi-aurrean, eta liga hasi orduko sasoi betean geunden.
Estilo aldaketa ez zen hasi denboraldi bat lehenago, Jose Mari Amorrorturekin?
G.G.: Bai, baina aldeak daude Amorrortu eta Mendiren artean. Amorrorturekin gehiago jokatzen saiatzen ginen, baloia atzetik atera nahi izaten genuen. Hori bai izan zela aldaketa handia Ziarretarekin alderatuta. Mendirekin presio handiagoa egiten genuen, goian lapurtzeko baloia aurkariei; taldea askoz biziagoa zen. Trantsizioak azkarragoak ziren Mendirekin. Blas, Amorrortu eta Mendi ezberdinak dira, baina denek dute zerbait ona.
Amorrortu heldu zenean bere eredu berritzailearekin, zer pentsatu zenuten aldagelan?
G.G.: Blasekin urte onak egin genituen, eta Jose Marik [Amorrortu] ere emaitza onak lortu zituen. Egia da jokalarientzat gustagarriagoa izan zela baloia gehiago erabiltzen hastea.
Baloia ukitzeko eredua ez al zuen Kike Ormaetxeak ere ezarri nahi izan 1998-1999 denboraldian? Gaizka, zu talde hartan zinen, gainera.
G.G.: Kike saiatu zen horretan, baina emaitza onak atera gabe, eta zuzendaritzak bidali egin zuen. Ormaetxea izan zen ideia berria sartu zuena, baina lehengora itzuli ginen segituan Blasekin-eta. Orduko jokalariak sendoak eta indartsuak ziren, eta egokiagoak zurrunago jokatzeko.
Zure ibilbidean, Joseba, gakoa izan da Mendilibar.
J.L.: Harekin gustura eta eroso egon izan naiz beti. Taldeak ondo jartzen zituen. Levanten okertu zitzaion gauza aurreko sasoian, bere eredura jokatzera inola ere ohitu gabeko taldea zelako. Garai bateko Eibarren aldean, defentsiboagoa izan da Levante. Atera kontuak! [barrezka].
2004-2005eko denboraldian ezagun egin zen Eibarren erabiltzen zenuten metodo hau: lesioei aurrea hartzeko izotzetan gorputza sartzea.
G.G.: Mito bat izan zen hori, aurreko denboraldietan ere erabiltzen genuelako. Alfonso Barasoainekin erabili izan genuen.
Eibar Realaren pare dago orain, baina zuen jokalari garaian ez. Nola begiratzen zitzaion Realari Eibartik?
G.G.: Eibar Bigarren eta Bigarren B mailan egon da ia beti, eta Reala ezberdin ikusten zen, klub handia bezala. Eibar txikia izan da beti, orain aldatzen ari den arren.
Non egiten zenituzten entrenamenduak garai hartan?
J.L.: Unbeko kirol guneko errugbi zelaian asko ibili ginen. Baita Abadiñon ere. Orduan, Ipurua alboko zelai txikia harrizkoa zen.
G.G.: Guk entrenatzen genuenharrizkoan. Kike Ormaetxearekin, eta gero Barasoainekin ere bai tarteka. Bigarren Mailan egon arren, hantxe ibiltzen ginen; ez genuen besterik. Gero egin zuten Unbeko berrikuntza. Gu ere joaten ginen kanpora, beste herrietara.
J.L.: Besterik ez bazegoen, zegoenari heldu behar. Orain hasi da Eibar egoera hori hobetzen, Gaizkarekin Lehen Mailara igo ondoren. Berrikuntza hauek onak dira, eta iraun dezala urte asko taldeak maila nagusian. Baina jaisten bada ere, berritasun denak hor egongo dira.
2004-2005eko sasoian, hamahiru talde zeuden Bigarren Mailan Galizia, Andaluzia eta Murtziakoak. Bidaiak autobusez egiten zenituzten. Gogorra?
J.L.: Bai zera! Horixe izaten zen onena. Noizean behin egiteko politak ziren bidaiak. Taldea egiteko oso ona zen. Beti Pancorbon (Burgos, Espainia) geratzen ginen gosaltzeko, eta Madrilen ere egiten genuen geldialdia, aldizkari pila bat erosteko. Bidaia okerrenak Almeria eta Ejidorainokoak izaten ziren.
G.G.: Karta jokoan ibiltzen ginen.
J.L.: Partxisean ere bai.
G.G.: 2004-2005eko denboraldiko talde hartatik Silva, Joseba bera eta beste batzuk aipatzen dira, baina oso gutxi jokatzen zuten bi aipatuko ditut nik: Iñigo Velez de Mendizabal eta Mikel Arregi. Giroa jartzen zutenak ziren talde barruan, beti umore onean zeuden, eta bidaia haietatik bi horiek ditut gogoan. Cabrejo galiziarra ere ona zen horretan.
Zuek hainbestean bidaia haietan, profesionalak zinetelako, baina, aurreko urteetan, baziren jokalariak lantegietara joan behar zutenak bidaiatik bueltan.
J.L.: Ohe moduko bat prestatzen zuten autobusaren atzeko aldean, lo egiteko. Gu ondo. Orduan haurrik ere ez genuen, futboletik bizi ginen, eta astelehen goizetan lo egiteko aukera izaten genuen etxean.
G.G.: Horiena bai zela meritua! Lanera joan behar, bidaien ondoren.
J.L.: Maisu onenak ziren guretzat. Entrenatzen dena ematen zuten gero.
G.G.: Gure lana zen haiei begiratzea, ikustea eta ikastea.
Denboraldi aparta eginagatik, Lehen Mailara ezin igo, orduko hartan. Arantza hori sartua al duzu, Llorente?
J.L.: Berriz ere futbolari sentitu nintzen, eta denboraldi ona izan zen. Baina, bai, onartzen dut, pena geratu zait sasoi hartan ez igotzeagatik. Gero, talde hartako ia denok Lehen Mailan jokatu genuen, eta horrekin geratu behar. Gero, Gaizkak-eta igo zuten taldea, eta begira orain.
Nolakoa izen zen Eibar uzteko unea?
J.L.: Gogorra. Jaime Barriuso zena zegoen presidente orduan, eta biok negarrez elkar agurtu genuen. Asko kosta zitzaidan erabakia hartzea.
G.G.: Urte asko neramatzan Eibarren, eta beti nenbilen azkeneko urtea izango zela esaten, baina geratu egiten nintzen gero. 2005ean, Realak eskaintza egin, eta ezin, bada, ezetz esan. Gainera, etxean bertan. Zorte handia izan nuen.
Garitanori antzematen al zitzaion entrenatzaile ezpala bazuela?
J.L.: Futbolak bizi zuen, eta bazeukan horrelako zerbait, bai.
Zuk, berriz, zeharo utzia duzu futbola.
J.L.: Itzuliko naiz egunen batean... Asko eman behar diozu futbolari, eta behar nuen atseden luze bat.
Zer ikasi zenuten Eibarren?
J.L.: Realeko entrenatzaileek asko erakutsi zidaten lan egin behar zela, eta Eibarrekoa segida izan zen. Sendotu egin ninduen. Eskola ona da Eibar.
G.G.: Taldea jokalari baten edo bestearen interesen gainetik dagoela ikasi nuen. Eta inoiz amore ez ematen ere ikasi nuen. Josebarekin ados nago, eskola ona da Eibar.
Hitz egin beharko dugu derbiaz. Nolakoa izan daiteke?
G.G.: Derbia izanda, zaila izango da bientzat. Faboritoa Reala da, ardura berea izango da, etxean jokatzen du, gainera; Eibar, berriz, egiten duena egiten duela ondo egongo da, nahiz eta Eibar Reala baino hobeto dagoen orain.
J.L.: Polita izango da, biek antzera jokatuko dutelako, goian presioeginez. Ea zein moldatzen den ondoen borroka horretan.
Gaizka Garitano eta Joseba Llorente. Eibarreko eta Realeko jokalari ohiak
«Eibar oso eskola ona da»
Eibarren ondo aritu ondoren heldu ziren biak Lehen Mailara. Oroitzapen onak dituzte armaginekin bizi izandakoaz, eta, gaurko derbiaren aitzakian, kontu zaharrak gogoratzen aritu dira biak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu