Roberto Martinez 'Tiko'. Jokalari ohia

«Eibar ondo ari da moldatzen, eta Athleticek gorantz egingo du»

Osasunan hasi eta hazi, Athleticen jarraitu, eta Eibarren amaitu. Horra haren ibilbidea. Gaurko derbiaz, zuri-gorrien eta armaginen inguruan, gorritxoen egoeraz eta bere egungo jardunaz aritu da hizketan.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2015eko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Futbola utzi, eta desagertu bezala egiten dira aktualitatetik jokalari batzuk. Horietako bat da Roberto Martinez Tiko (Iruñea, Nafarroa, 1976). Ipuruako gaurko derbiaz galdetu aurretik, itaundu egin behar zertan ari den orain. Oharkabean, bere egungo jardunak lekua hartu du solasaldian.

Futbolarekin lotuta jarraitzen duzu?

Era batera bai, baina kirolarekin orokorrean gehiago. Coaching edo kirol psikologia esaten zaiona ari naiz ikasten.

Nola eta zertan atera nahi diozu etekina trebakuntza horri?

Sekulako hutsunea ikusten dut profesionaletan eta harrobiko lanean, produktua jartzen delako gizakiaren beraren aurretik. Uste dut futbola eta kirola hobetu egingo liratekeela gizakia edo pertsona beste guztiaren aurretik jarriko balira.

Nola heldu da kirola horretara?

Diru asko mugitzen da, eta interes asko daude, eta kirolak utzi egin dio jokoa izateari, eta, ondorioz, kirolaria ere bide okerretik eramaten da. Asko eskatzen zaio kirolariari, alde batera utzita benetan zer lor dezakeen eta nolako maila duen.

Ondorio horiek guztiak zure esperientziatik ere atera dituzu?

Bai, dudarik gabe. Kirolean, muturrak oso agerikoak dira: ondo jokatzen baduzu, txaloak jasotzen dituzu, baina alderantzizkoa ere badago. Erlatibizatu egin beharko lirateke egoerak, eta gure hezkuntza emozionala landu eta indartu egin beharko genuke.

Futbolaria ez dago prest hain eskakizun handiari aurre egiteko?

Ez gaituzte hezten behar bezala; beti izan gara autodidaktak, eta bakoitza saiatzen da ahal duena egiten, dakienaren arabera. Nik neuk bizi izan dudana da badaudela metodoak emozioak ondo lantzeko.

Zuk zeuk egoera etsigarria izan zenuen zure kirol ibilbidearen azkenera: ez zenuen jokatzen, eta gero, lesioen eraginez, are eta gutxiago.

Punta-puntan zaudenean, miretsi egiten zaituzte kazetariek, zaleek eta entrenatzaileek, baina ez zaudenean, ez. Txarrean, jokalariaren autoestimua jaitsi egiten da. Ikasi behar da kanpoko egoera eta aldarte horiek ezin dizutela eragin; jokalariak bere bidea dauka, eta horri heldu behar dio. Nire kasuan, azkeneko urteetan, jokatu nahi nuen, baina entrenatzaileak ez ninduen jartzen, eta jarrera hau hartu nuen: harekin haserre egotea erabaki nuen. Mundu bat sortu nuen, berak haserre ikus nintzan, baina entrenatzaileak ez du ikusi nahi jokalaria haserre, eta ez du aintzat hartzen. Orduan, uste nuen jokatzeko bide onena hura zela, baina oker nengoen.

Athleticen gutxi jokatzen ari, eta Eibarrera joan zinen, utzita, 2008-2009ko denboraldian.

Denboraldi-aurrea hasita zegoela joan nintzen, eta ez nuen zorte handirik izan. Denboraldiaren erdialdera bizkarreko minez hasi nintzen, eta lesio hark eraginda utzi behar izan nuen futbola.

Denboraldi hura gogorra izan zen Eibarrentzat, maila galdu zuelako.

Bai. Carlos Pousok eraman ninduen Eibarrera, eta, gero, kargutik kendu zuten. Gainera, minez nenbilelako, ezin izan nion taldeari lagundu, eta sekulako etsipena neukan, ikusten nuelako denon laguntza behar zuela Eibarrek zulotik ateratzeko.

Talde hartakoak ziren Añibarro, Arruabarrena eta Xabi Irureta, eta begira non dauden orain.

Poza ematen dit nola ari diren ikusteak. Gora egin du taldeak mailaz maila, baina klubak bere izaerari eusten dio, eta hori da Eibarren indarra. Bere esku dagoena ondo egiten ari da kluba, eta erakutsi du Lehen Mailan ez dela dena diruarekin lortzen.

Athletic nola ari zara ikusten?

Denboraldi gogorra ari da izaten. Hiru lehiaketatan ibili da, eta Kopan partida bakarrera dago finaletik, baina ez da ari egiten aurreko sasoian edo Bielsaren lehen denboraldian azaldu zuen joko polita. Jokoz ez du asko erakartzen, baina jokalari onak dauzka, eta denek batera egingo dute gorantz.

Gaur derbia jokatuko dute Ipuruan. Zer itxura hartzen diozu?

Zelaia ondo dagoela esan didate, eta hobe ikuskizunarentzat. Horrek mesede egin diezaioke Athletici, bere jokatzeko eragatik. Hala ere, Eibar edozertara moldatzen da. Derbi estua izango da.

Osasunan hazia eta hezia izanik, zer iritzi duzu gertatzen ari denaz?

Tristura sortzen dit. Hainbat gauza gaizki egin dituzte agintariek eta politikariek. Ezkutuan ibili dira; ezkutatu egin dituzte hainbat gauza, eta orain ari da azaltzen guztia. Mafia antzeko bat baliatu egin da Osasunaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.