Ipuruako harmaila batean eserita erantzun die galderei Mikel Arruabarrenak (Tolosa, Gipuzkoa, 1983). Elkarrizketa bukatu eta berehala, zarata handi batek hartu du ingurua. Alfako sirena zaharraren hotsa da, Eibarrek gola sartutakoan entzuten dena. Orduantxe jotzea kasualitatea izan zein ez, taldeko kapitaina da klubaren historian Lehen Mailako golegilerik onena: hamar daramatza dagoeneko.
Gaurkoa ez da beste edozein partida bezalakoa.
Derbia da, eta badu berezitik. Gu inoiz baino hobeto gaude; aurreneko partida irabazita gatoz, eta haiek, aldiz, nekatu samarrak ez ote dauden, partida asko ari baitira jokatzen. Hauxe da momentua haiei min egiteko. Etxean ariko gara, eta zergatik ez hiru puntu batu?
Gakoetako bat izan daiteke erritmo bizia jartzea Eibarrek, Athleticen nekea baliatzeko?
Dudarik gabe. Ostegunean jokatu zuten, eta partida asko ari dira jokatzen denbora gutxian, eta gakoetako bat erritmoa izango da.
Iragan sasoiko derbira oso aldarte ezberdinean heldu zineten.
Bai. Gainera, gure partidarik txarrena izan zen. Hilda bezala geunden. Ea denboraldi honetan, jokalari berriekin eta ilusioarekin, aurre ondo egiten diogun partidari. Ez daukagu ezer galtzeko.
Hamalau jokalari berri dituzue taldean, eta etxekoen lana izan da aste honetan derbi baten garrantzia kontatzea haiei?
Entzunda daukate zer den, eta, gainera, Ipurua beteta ikusi orduko konturatuko dira nolako partida garrantzitsua den. Guretzat denak dira finalak, baina hau berezia da, Athleticen aurka delako.
Athleticen ibilia zara zu. Oso oroitzapen onak dituzula entzun izan dizut noizbait.
Hala da. Hamasei urterekin joan eta hogeita bi neuzkan arte egon nintzen; sei urte denera. Ez nintzen heldu goiko taldera. Jokalari gisa asko lagundu zidaten; oso ondo hartu ninduten, eta ezagun eta lagun asko egin nituen. Orain nagoen lekuraino heltzeko oso garrantzitsuak izan ziren sei urte haiek; asko ikasi nuen.
Athleticen ba al da zurekin han jokatutakoren bat?
Ez dut uste. Baina jokalariak Derioko egoitza batean bizi ginen, eta han zeuden Iraizoz, Aduriz eta Gurpegi. Osasunan egon nintzen Kike Solarekin ere, eta hura bai, hura taldekide izan nuen.
Egoitza hartan denak futbolariak zineten?
Bai, eta nahikoa lan izaten zuten gu denok kontrolatzen [barrezka].
Zein izan zenituen entrenatzaile sei urte haietan?
Edorta Murua, Felix Sarriugarte eta Patxi Ripodas. Muruarekin lau urte egon nintzen.
Hel diezaiegun gaurko kontuei berriz. Gola sartu zenuen berriz Granadan, eta aurreko sasoiko bolada onari eutsi diozu.
Bai. Hamargarrena dut Lehen Mailan, eta pozik; batez ere, taldeak irabazi egin zuelako. Horrek betetzen nau, taldeak irabazteak. Aurreko sasoian, bederatzi gol sartu nituen, baina ez zuten balio handirik izan, taldea jaitsi egin baitzen. Ea nire golek puntuak hirunaka gehitzeko balio duten.
Itxura ona eman zenuten Granadan, eta, irabazteaz gain, horrek konfiantza handia ematen du, ezta?
Bai. Taldea oso ondo ibili zen. Lehen zatian, taktikoki ondo ibili ginen, eta talde itxura eman genuen. Gero, asmatu egin genuen atearen aurrean, aurreko sasoian ez bezala, eta Lehen Mailan horrek balio du, atearen aurrean asmatzeak eta gero ondo defendatzeak.
Jokalari berriez gainera, ba al dago ezberdintasunik aurreko denboraldiko taldearen eta oraingoaren artean?
Aurreko sasoian, taldea egina zegoen, eta Gaizkaren [Garitano] estiloa ondo ezagutzen genuen. Aurten, aldiz, jokalari berriak dira asko, eta izen handiagoa daukate. Baina horrek ez dizkigu emango puntuak. Bakoitza hasten bada bere aldetik jokatzen, gaizki ibiliko da taldea. Umil jarraitu behar dugu, Eibar garela ahaztu gabe. Klubaren betiko balioak hartuz joan behar dute berriek, eta segituan ikasiko dute, gosearekin datoz eta.
Nolakoa da Jose Luis Mendilibar?
Oso garbi dauka zer nahi duen, eta adierazi ere horrela adierazten digu. Gaizka eta bera antzekoak dira. Antzematen da Gaizkak ere Mendilibar izan zuela entrenatzaile. Gauza asko ikasi zituen, eta biak jokalarien gainean egoten dira, esaterako. Biek atera nahi izaten diote dena jokalariari.
Jokalariek gustuko al duzue entrenatzailea gainean edukitzea?
Denetarik dago. Eta, gainera, uneak eta uneak daude gainean egoteko eta ez egoteko. Garrantzitsuena da entrenatzaileak jakitea nola eman atera diezaiokeen onena jokalari bakoitzari. Ezberdinak gara jokalariak, eta batzuei gainean egonda ateratzen zaie onena, eta beste batzuei, aldiz, ez.
Eibarren geratu zara azkenean. Indiara joateko aukera ere izan omen zenuen.
Egia da hori, bai, eta atzerriko beste eskaintza batzuk ere eduki nituen. Diruz aukera onak ziren, baina Eibarrek nahi zuen ni hemen geratzea, eta nik ere nahi nuen Lehen Mailan jarraitu. Bi aldeek jarri dugu geuretik, eta tratua lotu genuen. Pozik nago.
Polonian jokatu zenuen aldi labur batez, eta, esperientzia ona izan ez zenez, horregatik ere erabaki duzu atzerrira ez joatea?
Ez. Gazteagoa nintzen —24 urte neuzkan orduan—, eta buruan nuena zen ahalik eta gehien jokatzea, taldean jokalari garrantzitsua izatea eta antzeko gauzak. Orain beste gauza batzuei ematen diet garrantzia.
Mikel Arruabarrena. Eibarreko kapitaina
«Eibar garela ezin dugu ahaztu»
Berezia izango da derbia Arruabarrenarentzat, bertakoa delako eta bere garaian Athleticen harrobian jokatu zuelako. Eibar konfiantzaz ikusten du kapitainak; Athletic, berriz, nekatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu