Espainiako Lehen Mailara igotzeko kanporaketek maldizio kutsua dute Eibarrentzat. Hirutan jokatu ditu azken hiru urteetan, eta beti geratu da erdibidean. Bakar batean ez da gai izan finalerdiak gainditu eta finala jokatzeko. Guztiek izan dute amaiera bera, kolpe latza, baita ondorio bera ere: beste urtebetez Bigarren Mailan aritzea.
Eibarren (Gipuzkoa) sinetsita zeuden hirugarren ahalegina arrakastatsua izango zela. Baina ez da horrela izan, eta ustela izan da beste behin. Joseba Etxeberriak entrenatutako taldeak aukera ederra zuen lehen aldiz finalerako sailkatzeko. Nahikoa zuen gaur Oviedorekin berdintzea, hutsean berdindu baitzuten joanekoan Oviedon (Espainia), eta ligan aurretik sailkatu baitzen. Alferrik: ez da gai izan abantaila horri etekina ateratzeko, eta galdu egin du Ipuruan, 0-2. Akabo berriz ere onenekin aritzeko ametsa.
Egungo futbolean funtsezkoa da bi areatan asmatzea: norberarenean eta aurkariarenean. Horretan egin du huts Eibarrek gaur. Aukera garbiak izan ditu partidako lehen gola sartzeko, baina ez Corpasek, ez Aketxek ez dute lortu Leo Roman Oviedoko atezaina gainditzea. Erasoan, eskas, eta defentsan, samur.
Bisitariak, ordea, oso eraginkor aritu dira, eta ezin hobeto baliatu dituzte aukerak. 59. minutuan, Alemaok buruz sartu du gola. Golak jota utzi ditu etxekoak, eta, nola edo hala suspertzen hasi direnean, bigarren gola sartu du Oviedok. Sebas Moyanok sartu du, 79. minutuan, Borja Bastonek Anaitz Arbillari baloia kendu eta erdiratu ondoren. Gol horrek azkena eman dio Eibarri.
Partida amaieran, tristura eta etsipena nagusitu da Ipuruan. Gutxienez, beste urtebetez itxaron beharko dute. Luzea egiten ari da itxaronaldia.