Zimurrak atera zaizkio Mendizorrotzari. Alavesen tenpluak duela ehun urte zabaldu zituen lehenengoz ateak, 1924ko apirilaren 27an, hain zuzen ere. Kandelei bihar bertan egingo die putz, gasteiztarrek Celtaren aurka jokatuko duten partidan (18:30, Movistar). Egitarau zabala antolatu du klubak, estadioaren mendeurrena behar bezala ospatzeko. Hasieratik, zaletasun handi baten epizentro izan da Mendizorrotza. Belaunaldiz belaunaldi, milaka zale elkartu dira bertako harmailetan, eta debozioz babestu dute Alaves. Zirraraz dar-dar egiten dute estadioaren zutabeek, lehen bezala orain. Eta burrunba hori oinarrizkoa izan da beti Arabako taldearentzat. Hauspoa eman dio goraldietan, eta iratzarri egin du galbidean izan denetan. Gorabehera askoren lekuko izan da Mendizorrotza, baina zutik eta harro dirau ehun urteren ondoren.
Estadioaren historia zehatz-mehatz ezagutzen du Santiago de Pablok (Tabuenca, Espainia, 1959). Historia Garaikidean katedraduna da EHUn, eta Alavesen jarraitzaile sutsua da 70eko hamarkadaz geroztik. Hamar urterekin ikusi zuen bere lehen partida Mendizorrotzan, taldea Erregional mailan zegoela. Bere begiekin ikusi du azken 50 urteetan Gasteizko estadioan zer gertatu den. Eta lehen hamarkaden berri ere badu, Alavesen mendeurrenari buruzko liburua idatzi baitzuen 2021ean. Estatuan zelairik zaharrenetako bat da Mendizorrotza, eta «berezitasun handi bat» du, De Pabloren esanetan: hasierako toki berean mantendu dela. «Hiriaren egiturarekin du zerikusia. Erdigunetik urrun zegoen lehen estadioa, eta, hiria zabalduz joan den arren, Mendizorrotza ez da inoiz etxebizitzaz inguratuta egon».
Estadioaren jabetza eskuz esku ibili da, eta horrek ere balio du azaltzeko estadioaren kokapena zergatik ez den aldatu. «Zelaia hasieran klubarena zen, baina Gerra Zibilaren aurretik Gasteizko aurrezki kutxari saldu behar izan zion, arazo ekonomikoen ondorioz. Gero, frankismoaren erakunde ofizial bat bihurtu zen jabe. Hezkuntza eta Atsedena deitzen zen. Eta aurrerago, udalak erosi zuen; kokapenarekin konforme egon da beti». Izena ere, beti berbera izan du Mendizorrotzak. Ondoan daukan muinoan du jatorria. «Lehen urtean, zelaiak ez zuen izenik izan, eta prentsan inkesta moduko bat egin zen. Hainbat aukera zeuden, batzuk espainieraz, eta beste batzuk euskaraz. Azkenean, erabaki zen inguruko toponimo baten izena hartu behar zuela. Punta zorrotzeko muino bat zegoen ondoan, Mendizorrotza izenekoa, eta estadioari halaxe deitu zioten».
Alaves 1921ean sortu zen, eta hasieran ez zeukan zelairik. Belardi batean jokatzen zuen, Cervantes pasealekutik gertu, eta partida bakoitzaren aurretik jartzen zituzten bi ateak. Aldagelarik ez zegoen, noski. Alabaina, 1923an zuzendaritza berri bat iritsi zen agintera, eta hark sustatu zuen estadioa eraikitzea. «Jende diruduna sartu zen klubean. Kontaktuak zituzten instituzioetan. Alaves federatu gabe zegoen, eta lehiatzen has zedin nahi zuten. Horretarako, estadio bat behar zuen. Bada, aurrez jokatzen zuen eremuan eraiki zuten». Anbizio handiko proiektua izan zen. Ez zuten futbol zelai hutsa izaterik nahi. «Teniseko pista ere bazeukan, eta belodromo bat erantsi zioten berehala; Europako onenetako bat omen zen».
«20ko hamarkadan, Alaveseko bazkideen %20 emakumezkoak ziren. Garai hartarako asko da».
SANTIAGO DE PABLO Historia Garaikidean katedraduna EHUn
Apirilaren 27an inauguratu zuten, San Prudentzio egunaren bezperan. Ez zen kasualitatea izan. «Ekitaldia festen parte izatea nahi zuten. Lehen ideia, aurreko urteko Andre Maria Zuriaren jaietan zabaltzea zen. Baina ez ziren garaiz ibili. Egun berezi batean egin nahi zuten irekiera, eta apirilaren 27a aukeratu zuten azkenean. Data egokia da; mendeurrenaz jai giroan gozatuko dugu». Estadioa estreinatu eta berehala, lorpen handiak ospatu zituen Alavesek: Kopako finala jokatu zuen 1928an, eta Lehen Mailara igo zen bi urte geroago. «Alaves Bizkaiko Erregional mailan hasi zen, Araban ez baitzeukan norekin lehiatu. Gorenera iritsi zen oso urte gutxiren buruan, eta hori ez zukeen lortuko Mendizorrotza bezalako estadio bat izan ez balu».
Harmailak, gizartearen isla
Momentu on asko izan da geroztik, baina txarrak ere ez dira gutxi izan. «Igoerak, Europako partidak, jaitsierak… Oso emozio indartsuak bizi izan ditugu hemen. Giroa aldatuz joan da garaiaren arabera, eta momentu batzuk hotzagoak izan dira: adibidez, 80ko hamarkadan, taldea desagertzear egon zenean. Baina beti egon da zale fidelen multzo finko bat, momentu zailenetan ere Mendizorrotzara joan dena».
De Pablok uste du estadioa «elkargune bat» izan dela beti, «maila sozial nahiz ideologikoan». «Pentsaera, jatorri eta maila sozial oso ezberdineko jendea elkartu izan da hasieratik. Errealitate sozialaren ispilu izan da. Lotura hori ikusten dut Mendizorrotza jaio berriaren eta egungoaren artean. Taldearekiko pasioak ere hor jarraitzen du». Gizartearen isla izanik, orain emakumezko gehiago ikusten da harmailetan. Dena den, betidanik izan dute presentzia Alavesen zelaian. «20ko hamarkadan, bazkideen %20 emakumeak ziren. Garai hartarako asko da. Bestalde, 1926an lehen emakumezko zinegotziak izendatu zituzten Gasteizko udalean. Bi ziren, eta argazki batzuetan agintarien palkoan ageri dira».
Hasieran, zaleek zutik ikusten zituzten partidak. Gizonek jaka eta gorbata janzten zuten, partidak igandeetan baitziren. Inor ez zihoan taldearen elastikoarekin. Gauzak asko aldatu dira, eta bihar harmailak zuriz eta urdinez koloreztatuko dituzte zaleek. Itxura apaina izango du estadioak, baina, aldi berean, zaharkituta geratu dela uste dute askok. Iritzi hori du De Pablok. «Hiru eraberritze handi izan ditu; azkena, 1998an. Izkinak itxi ziren, eta oraingo itxura hartu zuen. Urte asko pasatu dira, eta garai berrietara egokitu beharra dago. Klubak eta instituzioek ados jarri behar dute. Uste dut jarriko direla, Euskal Herriko beste hiri batzuetan gertatu bezala».