Lara Arruabarrena. Tenislaria

«Ehun onenak tenisetik bizi daitezke; hortik behera, ez»

WTAko 85. sailkatua da, baina haren egungo joko maila gorago egoteko modukoa da. Hurrengo astean Wimbledonen ariko da, atarikorik gabe, eta bere hobekuntza erakutsi nahi du han.

Imanol Magro Eizmendi.
2015eko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Eastbournen (Ingalaterra) lehiatzen ari da orain, belar gainean, Wimbledongo torneoari ekin aurretik. Hilaren 29tik aurrera han lehiatuko da, All England Clubeko mistikaren erdian. Duela zortzi urte joan zen Lara Arruabarrena Bartzelonara: «Donostian gelditu izan banintz, ez nintzateke tenislari izango». Gogor entrenatzen da, astean sei egunez, eta horri hegazkin dantza gehitu behar zaio. Agenda estua du, baina tarte bat atera du BERRIArekin hitz egiteko.

Hurrengo astean Wimbledonen ariko zara, eta atarikorik gabe.

Koadro finalean sartuko naiz; pausotxo bat eman dut, egia da, baina orain beste bat ematea falta zait, eta ea kanporaketaren bat pasatzen dudan.

Agian hori falta zaizu, zorte pixka bat. Grand Slam batean gora egin, eta final-zortzirenetan sartu.

Zortea ez, final-zortzirenetara iristeko ona izan behar duzu. Hori da kontua. Zortearekin bakarrik ez zara final-zortzirenetara iristen; horretarako bi edo hiru zerrendabururi irabazi behar diezu. Baina, tira, zozketa ere garrantzitsua da. Lehen 32.ak zerrendaburuak dira, baina besteei edozer gauza egokitu dakiguke: Xarapova edo munduko 80.a.

Wimbledon, gainera, berezia da.

Tradizioarengatik, zuriz jokatze hori... Baina belarretan jokatzea da berezitasun nagusia. Bestela beste Grand Slam bat da.

Grand Slamak nolakoak dira?

Hobekien antolatuta dagoena, nire ustez, Australia da. Arreta jokalariei, dena... Roland Garros niretzat ondo dago lur gainean delako, nire zoru gustukoena delako, eta maite dut. Huraxe irabaziko nuke gustuen. Wimbledon berezia da, belarra delako eta egiten diren aurkezpenak bereziak direlako. Eta AEBetako Irekian ere ondo tratatzen zaituzte. Tira, guztietan ondo zaintzen zaituzte, ondo antolatuak egon behar direlako. Elitea da, jende asko doa, diru asko dago...

Alde handia dago, esaterako, Master 1000 torneoekin?

Master 1000 torneoak oso ondo antolatuta daude. Nire torneo kutuna esan beharko banu, ez nuke Grand Slam bat esango, denbora asko pasatzen duzulako zain.Jende pila bat dago, eta askotan goizeko hamarretan joan behar duzu arratsaldeko zazpietan jokatzeko, eta ito egiten zara. Nik nahiago ditut torneo txikiak, denak daudelako ondo antolatuta. Niretzat, adibidez, Indian Wellsek ez du Grand Slamen inbidiarik.

Tenisa emakumezko kirolaren elitea da. Zuek hala bizi duzue?

Beste kirol batzuen aldean, baietz esan daiteke. Emakumezko tenislari bat bizi daiteke tenisetik, eta ona bada, diru asko irabaz dezake. Beste kirol batzuk, aldiz, telebistan ez dira agertu ere egiten, eta ez dago hortik bizitzeko aukerarik.

Dena den, hor ere aldeak daude gizonezkoekiko.

Bai. Azken urteetan gizonezkoek kexa hori azaleratu dute, ea emakumezkoek zergatik ditugun dirusari berak Grand Slametan set gutxiago jokatzen baditugu. Esaten ez dena da urte osoan gizonezkoek guk baino diru gehiago irabazten dutela. Gizonezkoen eta emakumezkoen sailkapeneko 60.ak irabazten duena alderatuz gero, gizonak, agian, hiru aldiz gehiago irabazi du.

Nola ikusten duzu zeure burua zirkuituan? 85.a zara, 23 urte...

Benetan diot sailkapenean gorago egon nintekeela. Egun jokatzen ari naizen mailarengatik diot. Sailkapenak ez nau itsutzen, egun inoiz izan dudan mailarik onenetarikoa dudalako. Baina, tira, gero, Roland Garros hasi zen, eta lehen kanporaketan joan nintzen etxera. Bacsinszky egokitu zitzaidan; ni baino hobea da, eta kito. Baina partida garrantzitsuak irabazten ari naiz, eta galdu dudanean jende onaren aurka galdu dut.

Zein da hobekuntzaren gakoa?

Xehetasun txikietan kontzentratu naiz. Serioago jarri naiz hobetu beharreko gauza pare batean. 30. eta 90. sailkatuaren artean ez dago hainbesteko alderik. Jokoan ez dago alderik. Serenarekin alderatzen bazara, ez duzu inoiz izango bere indarra, baina beste tarte horretan aldea xehetasunak dira, eta izaera. Izaera lehiakorra.

Astelehenero begiratzen al diozu WTAko sailkapenari?

Ez nau itsutzen. Azkenean non zauden jakiten duzu, sare sozialen bitartez-eta esaten dizutelako.

Posturen bat baduzu helburutzat?

Nire sailkapenak erakusten duena baino maila altuagoan nago orain. Halere, hori pistan erakutsi behar da. Emaitzek esango dute hori urte amaieran. Entrenamenduetan hobekuntzak ikusten ditut; orain, irabaztea falta da.

Samantha Stosurri irabazi zenion. Grand Slam bat irabazita eta beste final bat jokatuta dauzka. Izen handi bati irabazteak asko indartuko zaitu, ezta?

Partida hartan nik oso-oso ondo jokatu nuen. Baina hurrengo partida galdu egin nuen. Zein da hutsa? Partida hark higatu egin ninduen; tanto guztiak luze jokatu genituen. Nik pozik bukatu nuen, baina, leher eginda, eta hurrengo egunean Kerberrek astindua eman zidan. Nik Stosurren aurka bezala jokatu nuen harekin; aldea zein da? Stosurren aurka fresko nengoela eta Kerberren aurka leher eginda. Nik kontrario gogor baten aurka modu jakin batera irabazten badut, hurrengo partida ezin dut berdin jokatu, ez bainago ohituta bi edo hiru partida gogor jarraian jokatzera. Gorputza egokitu egiten da; bi astean behin hiru partida gogor jokatuko banitu gorputzak eutsiko lioke. Nik ez dut beti Stosur, Kerber eta Ivanovicen aurka jarraian jokatzen.

Tenislari handien aurka jokatu duzu: Simona Halep, Agnieszka Radwanska, Maria Xarapova... Baten batek harritu al zaitu?

Harritu ez. Badakizu ondo jokatuko dutela, sailkapenean hor badaude zerbaitegatik dela. Jokatzen askotan ikusi ditut, zuzenean, telebistan... eta kanpotik dirudien bezainbeste jokatzen dute. Ezustekoa hartzekotan, agian, eurak, ni ez bainaute Xarapova adina jokatzen ikusi.

Maria Xarapovak dirudien bezain ondo sakatzen al du?

Begira, bere aurka jokatu nuenean, beroketa piloteoan oso gogor ematen hasi zen. Oso gogor. Nik ezin nion ezta pilota bat ere bueltatu! Nire barnean pentsatzen zuen: «Hau hala bada, hogei minutuan nireak egin du». Eta gero, partidan, askoz gutxiago zen. Nire ustez, ni kikiltzeko hasi zen horrela... eta pixka bat lortu zuen! Gero 5-4 egon nintzen aurretik lehen setean, berak irabazi zidan arren. Gero, beste batzuek aurkakoa egiten dute; Kvitovak, esaterako. Nik ez dut haren aurka jokatu, baina esan didate leun piloteatzen duela eta gero partidan egurrean hasten dela.

Williamstarrekin ez duzu jokatu; arantza ba al duzu?

Ez. Arantza? Wimbledonen lehen txandan egokitzen ez bazaizkit, hobe. Ez da kendu nahi dudan arantza bat. Baina, tira, noizbait jokatuko dut euren aurka.

Serena Williams emakumezko kirolari ezagunenetakoa da.

Onena da, eta kito. Hori da laburpena.

Idolorik ba al duzu?

Erretiroa hartuta dago, baina lehen, Justine Henin. Ona zen.

Argazkirik eskatu al duzu noizbait?

Bai [barrez]. Duela urte pare bat Indian Wellsen, Roger Federerri. Ez nintzaion zale ero bezala joan, paseatzen ikusi nuen eta argazkia eskatu diot.

Erabat profesionala zara?

Bai, ez dut besterik egiten.

Beka batekin hasi zinen, ezta?.

Espainiako federazioarekin aritu nintzen 20 urtera arte. Nire lana da tenisa. Irabaziak torneoetatik eta babesleengandik datoz.

Mundu garestia da.

Bai, batez ere hasieran. Nik zortea izan nuen beka hori jaso nuelako, eta dena ordaintzen zidan, baina hasieran dena oso garestia da: bidaiak, entrenamenduak, fisioak... Beheko torneoetako bat irabazten baduzu, diru gutxi da gastatu duzunarentzako. Ni, zorionez, federaziotik irten nintzenerako Top 100ean nengoen, eta ez da gauza bera. Hor diru gehiago irabazten duzu. Lehen ehunak tenisetik bizi daitezke; hortik behera, ez. Aldea Grand Slamek markatzen dute. Lauretan zuzenean sartzen bazara, dirua irabaz dezakezu, nahiz eta lehen partida galdu, baina horretarako lehen ehun sailkatuen artean egon behar duzu.

Zuk hori lortu duzu aurten, eta, ondo bidean, AEBetako Irekian ere sartuko zara. Lasaitasuna emango du horrek?

Bai. Australian, esaterako, sasoiaren hasieran, bizitza aldatzen dizu azken koadroan zuzenean sartu edo atarikoak jokatzeak.

Krisia tenisera iritsi al da?

Jokatzen duzun mailaren araberakoa da hori. Beheko mailetan gehiago. Niri ez zait iritsi. Grand Slametan, esaterako, urtez urte diru kopurua handitzen ari da. Beraz, hor, ez.Babesle mailan gehiago nabaritzen da, duela bi urtez geroztik hainbat kirol etxek tenislari gutxiago dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.