Lehen Mailako jokalari baten izena ehun aldiz entzutea ez da gaitza egun, etengabe baitaude komunikabideen eta zaleen ahotan. Baina futbolariaren izena eta gola ehun aldiz lotzea ez da horren ohikoa; oso gutxi dira hori egiteko gai. Athleticen, hemezortzi futbolarik baino ez dute lortu. Fernando Llorente izan da mugarri berezi horretara ailegatzen azkena, herenegun Miranda Ebron (Espainia), bi gol sartuta. Llorentek 75 gol sartu ditu Ligan, hamabost Kopan, eta hamar Europako lehiaketetan.
Gol bi sartu eta eta taldea Kopako finalera gerturatzea baino sari handiagorik ez dago. «Oso pozik nago. Garrantzitsua da taldeari laguntzeko, eta, gainera, Kopako finalerdietan sartu ditut. Zaleak zoriontsu egiteko gogoa dugu, eta ea lortzen dugun», esan zuen Llorentek neurketa amaitu berritan. Anduvan sartutako gol biei esker, urrun utzi ditu Kuko Ziganda (91), Txetxu Rojo (67), Estanis Argote (76) eta enparauak, eta aurrera begira jarraitzen du. Atzean utziko duen hurrengoa Joseba Etxeberria izango da (104), eta, ondo bidean, laster gaindituko ditu Jose Iraragorri (112), Rafa Iriondo (115), Carlos Ruiz (115), Julen Guerrero (116) eta Manu Sarabia (118). Hori asko da Athleticen.
Ehun gol sartu dituen jokalari baten inguruan gol sen aparta ez daukala esatea kontraesana izan daiteke. Baina hala da: 12 urte zituenean fitxatu zuen Athleticek, eta, ordutik, Lezaman harribitxi batek merezi duen zaintza izan du, gazte-gaztetatik erakutsi baitzuen dohain handikoa zela; haren dohainak, ordea, ez ziren aurrelari handiek dituztenak. Gehiago ematen zuen jokoa sortzen, golak sartzen baino. Eta, era berean, oinekin hobeto moldatzen zen buruz baino. Baina ikasi egin du. Asko kosta zitzaion Lehen Mailari neurri hartzea. Garaia izan arren, bigunegia zen, eta aurkariek erraz kontrolatzen zuten, baina eskarmentuak asko eman dio Llorenteri. Bere gorputza erabiltzen ikasi du. Erdiko atzelari indartsu eta gogorrei aurre egiten ikasi du. Eta horrek aurrelari dominatzailea egin du. Jokalari handi eta teknika onekoa zaintzea nekeza da oso, goitik zein behetik sor baitezake arriskua Llorentek. Gainera, aurrelari batentzat ezinbestekoa dena ikasi du: eraginkor izaten. Ez dauka Messi, Cristiano Ronaldo, Higuain edo Falcaoren erraztasuna, baina golak sartzen ditu. Ehun jada. Horietatik hamasei denboraldion lortu ditu.
Egun ez daude jokalari asko Llorentek baino gehiago balio dutenak, berezko dohainak, heldutasuna eta gaztetasuna pilatzen dituelako. 27 urte betetzear, bere kirol ibilbideko bizpahiru urterik onenen aurrean egon daiteke. Lesioek errespetatzen badute, erreferentzia izango da. Gauza handia eta, era berean, kezkagarria da jarraitzaile zuri-gorrientzat. Izan ere, egun Athleticen egiten duen lana beste lekua batean egiteko interesa agertu baitute talde indartsuek. Llorentek badaki bere ibilbideko abiadura handiko azken trena dela. Ez duela arlo ekonomikoan zein kirol arloan hobetzeko aukera aproposagorik izango. Hortaz, Athletici bere urte on guztiak eskaini edo ez erabaki behar du orain.
Datorren sasoiaren amaieran amaituko zaio Athleticekin duen hitzarmena, baina bai klubak eta baita jokalariak ere argi dute zirt edo zart egin beharko duela denboraldi hau amaitu aurretik. Akordiorik lortu ezean Josu Urrutia buru duen zuzendaritzak beste talde baten eskaintza onartu beharrean egongo baita. Jokalaria lotu ezin bada, etekin ekonomikoa lortzera behartuta egongo baita. Beraz, auziak ez dauka irtenbide erraza. Hori argi dagoen gauza da. Horren isla Vallecasen hiru gol sartu ostean taldekideek baloian sinatutakoa izan daiteke. «Bost garbi eta kito!», idatzi zuen Fernando Amorebietak. Hau da, bost milioi euro garbi eman beharko dizkiola klubak kontratua luzatzeko. Ezinezkoa dirudi. Markel Susaetak, berriz, txantxa erabili zuen presidenteak orain arte izan duen arazorik larrienari irtenbidea emateko. «Eta orain kontratua luzatzera. Aurrera Josu!». Bada, bi eskaintza horiek garbi erakusten dute zein zaila izango den Athleticeko itsasargia taldean mantentzea.
Beste urtebeterako kontratua
Hilabeteak daramatza Llorentek bere kontratua luzatzeko asmoz klubarekin negoziatzen. Inguruak beste erronka batzuei aurre egiteko unea dela esaten dio. Edo esaten zion behintzat. Izan ere, Marcelo Bielsaren etorrerak gauza asko aldatu baititu Athleticen. Talde zuri-gorriak jarrera aldatu du, eta talde irabazlea ari da bilakatzen. Hori izan daiteke aurrelaria konbentzitzeko giltza nagusietako bat. Baina ez da bakarra. Athleticek alde du jokalariak ondo ezagutzen duela etxea. Halaber, jokalariak badaki protagonismoa bermatuta izango duela. Eta iraganean izan ez zuen zaleen errespetua lortu ondoren, arlo ekonomikoan ere ondo zainduko dutela. Nahikoa izango al da? Balantzaren beste aldean dagoena ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula: kontratu hobea, mediatikoki jarraipen handiagoa, tituluak irabazteko aukera gehiago… gauza erakargarri asko. Baina beti ez da samurra izaten talde, inguru eta kultura berri batera egokitzea.
Ikusi egin beharko da zer gertatzen den hurrengo hilabeteetan, baina Athleticeko jokalaria den bitartean gozatu egin behar da Llorenterekin. Belauneko lesio bat tarteko taldetik kanpo egon zen bitartean nabarmen egin zuen behera Athleticek. Orain, sasoi betean dago eta bere golei esker ari da garaipenak eskuratzen talde zuri-gorria. Kopako finala ate-joka dago, eta Txapeldunen Ligako postuak bi puntura. Bada, Llorentek golak sartzen eta Athleticek irabazten jarraitzen duen bitartean arrazoi gehiago egongo dira aurrelaria Athleticen jarraitzeko. Eta, kontraesana badirudi ere, zenbat eta gol gehiago sartu, orduan eta arrazoi gehiago egongo dira talde zuri-gorritik urruntzeko: sartzen duen gol bakoitzeko garestiagoa izango baita, eta gainera, talde gehiagoren arreta piztuko du. Susaetak arrazoi zuen: zorte on, Josu!
Ehun aldiz Llorente
Athleticeko aurrelariak zortzi gol sartu ditu azken sei partidetan, eta dagoeneko ehun egin ditu elastiko zuri-gorriarekinKlubarekin negoziatzen ari da berritzeko, baina ez da samurra izango akordioa lortzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu