Javi Graciak ziur zalantza bat baino gehiago izan ohi duela hasierako hamaikakoa aukeratzean. Ziur ez dela atepean nor jarriko. Zalantzarik ez du postu horri dagokionez: Andres Fernandez da horren jabe. Hala da 2011-12ko sasoitik, Asier Riesgok estreinako partidan min hartu eta Jose Luis Mendilibarrek haren alde egin zuenetik. Ehun aldiz jarri da jada Iruñeko taldearen atepean. Bi lagun besterik ez ditu aurretik Osasunarekin lehia gehien jokatu duten atezainen sailkapenean: Roberto Santamaria (239) eta Ricardo Lopez (190).
Joan zen igandean iritsi zen zenbaki biribil horretara, Atletico Madrilen aurkako norgehiagokan. Egun biribila izan zen. Batetik, Osasunak garaipen bikaina lortu zuen ligako hiru oilarretako baten aurka (3-0). Bestetik, talde osoak egin bezala, Andresek ere partida oso ona egin zuen. Ondorioa, Iruñeko taldeari ez zioten golik sartu. Bolada hori, ordea, ez da egun bateko kontua. Azken hiru partidetan Osasunari ez diote gol bakar bat ere sartu. Ez Getafe, ez Elx, ez Atletico Madril ez dira gai izan Andresi gol bat sartzeko. Horrek, noski, izan du ondoriorik, gorritxoek zazpi puntu lortu baitituzte eta zazpi punturen aldea ireki baitute jaitsierarekiko. Aldartea oso bestelakoa da orain Iruñean, azkenaldian apaltzeraino Andresi egindako kritikak. «Futbolak horixe dauka, hilabetean dena alda daiteke; lanean gogor jarraituz gero bolada txarrak aldatu egiten dira. Niregan zalantzak izan direnik ez dut sentitu, nik neure buruarekin nahikoa daukat, eta besteek nitaz pentsa dezaketenari ez diot jaramonik egiten», aitortu du aste honetan atezainak.
Debuta, 2007an
2007ko urriaren 21ean jarri zen Andres lehen aldiz Osasunaren atepean, Almerian (Espainia). Patuak eraman zuen atepera. Ricardo zigortuta zegoenez, Andres sartu zuen deialdian Jose Angel Zigandak. Juantxo Eliak jokatu zuen hasieratik. Aulkiak behar zuen Andresen lekua. Eta hala izan zen hiru ordu laurden pasatxoan. Baina bigarren zatia hasi eta gutxira, epaileak Elia kanporatu zuen, eta Andres zelairatu zen. Felipe Melo zuen zain penalti puntuan. Ez zuen penaltia gelditu, ezta minutu batzuk geroago Alvaro Negredok jaurtitakoa ere. 2-0 amaitu zen partida.
Sasoi hartan ez zuen beste aukerarik izan, eta hurrengo bi sasoietan Huescan aritu zen utzita, Bigarren Mailan. 2010-11ko sasoian, Huescan aritu zen azkenekoan, nabarmendu zen, gol gutxien sartu zioten atezaina izan baitzen. Horrek Osasunako ateak zabaldu zizkion berriz. Hala ere, hirugarren atezain gisa ekin zion sasoiari. Ricardo eta Asier Riesgo zituen aurretik.
Riesgok hasi zuen sasoia atezain titular gisa. Atezain gipuzkoarrak, ordea, zorigaiztoko estreinakoa izan zuen sasoi horretan, Vicente Calderonen, estreinako partidan, belaunean min hartu baitzuen. Andresek ordezkatu zuen, eta harrezkero ligako bi partidatan besterik ez da egon atepean. Iragan sasoiko azken partidan, salbazioa ziurtatuta Riesgok jokatu zuen hasieratik Santiago Bernabeun. Sasoi honetako hemeretzigarren jardunaldian, berriz, epaileak txartel gorria atera zion Andresi Betisen zelaian, eta Riesgok jokatu zuen haren ordez Granadan (Espainia).
Sasoia kaskarrena
Riesgo ondo aritu zen Granadan —hutsean amaitu zen partida—, eta Iruñean batek baino gehiagok hark jokatzen jarraitzeko eskatu zuen. Javi Graciak berak onartu zuen bietako edonork joka zezakeela, Osasunak «bi atezain bikain» dituela argudiatuta. Hala ere, Andres jokatzeko moduan izan zenean, berriz haren alde egin zuen berriro Osasunako entrenatzaileak. «Nik ez dut inoiz zalantzarik izan», esan zuen.
Andres merezita dago dagoen tokian. Hori bai, horrek ezin du ezkutatu aurreko sasoiekin alderatuta behera egin duela bere errendimenduak denboraldi honetan. Behin baino gehiagotan egin du huts. Huts nabarmenak izan dira, gainera. Adibidez, Espainiako Kopan, Real Madrilen aurkako kanporaketan Cristiano Ronaldok falta jaurtiketa batean sartu zion golean. Horri, Riesgoren sasoi bikaina gehituz gero, normala da zalantzak izatea. Baina Andres da Osasunako atezain titularra gaur-gaurkoz. Udan, beste behin, saldu egin nahiko du klubak, eta gorritxoen arduradunek badakite jokatzen duen futbolari batek jokatzen ez duen batek baino gehiago balio duela.
Ehun aldiz, Andres
Osasunako atezainak ehun partida jokatu ditu jada Lehen Mailan. Azken hiru partidetan golik sartu ez diotenez, isildu egin dira haren aurkako kritikak. Javi Graciak uste osoa du harengan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu