Uda okerragoak izan ditut, ez pentsa», azaldu du Iñigo Simon Asegarceko medikuak. Serio dio, gainera. Azken hilabetean sei pilotari min hartuta izan dituela esan eta lasai azaldu du egoera. Gerra txosten bat bezalakoa da, eta, zorionez, kasu batzuetan aurki hustuko du. «Elezkano II.ak partida du gaur Miarritzen, eta, ondo bidean, jokatuko du».
PABLO BERASALUZE
«Hurrengo astean jokatzeko moduan egotea espero dut. Proba bat egingo dugu, eta ea nola irteten den. Txapelketa bat jokatzeko moduan ez da egongo, baina jokatzeko bai». Berasaluzek iragan abuztuaren 26an egin zuen luxazioa sorbaldan, eta berrindartze prozesua oso bizkor joan da. Orain zalantza da lau t'erdiko txapelketa jokatuko duen ala ez. ETBko partida emanaldi batean ez zuela jokatuko esan zuen iragan astean, prestatzea gero eta gehiago kostatzen zitzaiolako. Beraz, erabakia hartua duela dirudi. 2012an jokatu zuen azkenekoz, azken bi urteetan min hartuta egon delako. «Horregatik izan daiteke, agian», zehaztu du Simonek, «baina ordurako fisikoki sasoi betean egongo da».
MIKEL IDOATE
Geldirik dago berriz, eskuetako arazoekin. Ez du batere zorterik. «Ni ere pixka bat galduta nago, eta hura, etsita. Zorionez, oso gogorra da buruz», azaldu du medikuak. Txantreako aurrelaria ia urtebetez egon zen geldirik eskuko ebakuntzaren ondoren, eta, itzuli zenetik, bederatzi partida jokatu ditu udan. Berriz ere gelditu egin behar izan du, baina. Hezur gammagrafia bat egin diote, eta arazoa ez da ageri. Itxura txarra du. Pilotariak berak onartu du itzuli zenetik gauzak ez direla joan berak nahiko lukeen bezala, baina ez du itxaropenik galdu berriz jokatzeko.
IÑAKI IZA
Idoateren antzeko kasua da. Hura ere eskuetako arazoekin dabil. Uda hasieran hilabete geldirik egin ondoren, bi partida jokatu eta berriz ere geldirik dago. Atzelari dotorea da, baina beti sufritu izan du eskuetatik. «Tarte batean jokatu gabe egongo da, baina ez dakit zenbat. Hiru aste izan daitezke, baina berdin hilabete bat edo bi aste», azaldu du Simonek. Eskuetako minarentzako tratamendu normala du pilotariak.
MIKEL BEROIZ
«Bi aste», hor jarri du epea Simonek. Sanmateoetako torneoan ez dute sartu, baina atzelariren batek kale egiten badu, Logroñon jokatuko du, agian. «Hezur edema bat du oinazpian, eta bere kasa sendatuko da. Minak ere baldintzatuko du sendatze epea». Itzuli bitartean, lan fisikoa egin dezake.
ASIER AGIRRE
«Urrirako» egotea espero du medikuak. Aste honetan kenduko dizkiote eskuin eskuko hatz nagian sartu zizkioten orratzak. Plastiko gogorrez eginiko babes bat jarriko diote gero apurka eskuak egin ahal izateko. Agirrek ekainaren 13an egin zuen debuta, eta uztailaren 12az geroztik jokatu gabe dago hatz okertuaren erruz. Abuztuaren 7an egin zioten ebakuntza hatzean. Orain berrindartze prozesua hasteko irrikan dago.
JOSE JAVIER ZABALETA
Ez da Asegarcekoa, baina min hartuta dago. Urrirako sendatzea espero dute Aspen. Orkatilako arazoekin dabil udaberritik, eta apirilaren 12an jokatu zuen azken partida. Ebakuntza, aldiz, ekain hasieran egin zioten. Iaz lau t'erdiko txapelketan parte hartu zuen, baina aurten ez da iritsiko.
Eguzkirik gabeko uda
Min harturiko hainbat pilotari dago egun, denetariko kasuak tartean. Berasaluze izango da, ziur asko, itzultzen aurrenekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu