Hirugarrenez esnatu da zuri-gorri Sevilla. Gaur jokatuko da Espainiako Kopako finala; beraz, bihartik aurrera ohiko errutina izango du hiriak. Urduri daude Athleticen zaleak, final bat txanpona airera botatzea bezalakoa baita, edozer gerta daiteke.
09:00. «Jendeak presa handia dauka», esan digu zerbitzariak. Lepo dago kafetegia Athleticen zaleez. Semearekin dagoen gizon bat zutitu, eta denek entzuteko moduan esan dio tabernariari «puta» croissanta jateko beranduegi dela, gehiegi itxaron duela, eta kafea hoztu aurretik edan behar izan duela. Pentsatu dut partidua 22:00etan dela, eta zerbitzaria gizonezkoa balitz, ziurrenik, ez liokeela horrela hitz egingo.
11:00. Ez da euskararik entzuten, ez gosaltzen genbiltzanean ezta marea zuri-gorriak itotako alde zaharreko kaleetan gabiltzanean ere. «Berdin du ez bada Giralda agertzen», argazkia atera nahian dabilen zale batek. Lehen hitzak entzun ditut euskaraz.
11:10. Bat-batean, katedral aurrean, giroa piztu eta auto baten inguruan bildu dira guztiak. Autotik gizon trajedun bat eta zuriz jantzitako emakume bat atera dira. Ez da «Gora ezkonberriak!» oihurik entzun; bai, ordea, «Aupa Athletic!» asko. Ez nuke bikote hori izan nahi.
12:00. «Oooooole», «ooooole»… entzuten da Trianako zubira gerturatzean. Ez da urpeko zezenketa ikuskizuna, ez; aulki mugikorreko arraunlariak zirikatzen ari dira ibaiertzetik. «Uuuuuuui», entzuten da ibaiaren beste aldetik. Ez da izan Athleticek ia-ia gola sartu duelako, arrantzaleak kasik amuarrain bat harrapatu duelako baizik.
13:00. Ezinekoa da garaiz iristea lekuetara, dena dago zale zuri-gorriz gainezka. «Barkatu, barkatu!», «utzi pasatzen, mesedez», «barkatu», «mila esker». Kosta zaigu Athletic Hirira heltzea.
13:30. Athletic Hirian gaude. «Zer behar hiri izendatzeko ez denari», pentsatu dut. «Tolosarrak dirudite». Testosterona gaindosia jaitsi da azukre apur batekin. «Gaur sentimendu bat dabil/ eta hartzen du Euskal Herri dena», kantatu du Jon Maiak. «Gaur sentimendu bat dabil/ euskaraz mintzatzen dena», eta, borobiltzeko, «gaur sentimendu bat dabil/ ta Athletic du izena».
14:00. Baritono asko dago hemen. «Athleeeeeeeeeeeeeeetic», eta atzetik: «Eup!». Berriz: «Athleeeeeeeeeeeeeeetic». Harrigarria da nola ez zaien ahotsa urratzen.
15:00. Bazkaltzeko geratu gara, atsedena. Sakelakoa atera dut. X sarean berriz agertu zait Iker Muniainen mezua Espainiako Poliziaren kontutik. Urrunean ereserkia kantatzen ari dira [«gaztedi gorri ta zuria/ zelai orlegian/ Euskal Herriaren erakusgarria»]. Oximorona iruditu zait.
17:00. Taxia hartu dugu Cartujara joateko, bestela kalejirak harrapatu eta mareak jango gaitu eta. Ez da taxia hartzen dugun lehen aldia, eta euskaldunok nola, gidari bakoitzak ere bere erara bizi du hau guztia. Batek esan digu hiria bizigaitza ari dela bihurtzen. Beste batek horrelakoek hauspo ekonomikoa ematen dutela. Hirugarren batek, emakume arrazializatua denak, jasandako indarkeria azaldu digu. Hori bai, guztiak txanda bukatzeko gogoz zeuden.
20:30. Unique in the world. Mezu horrekin errotulatu dute Cartujara heldu den autobus gorria. [«Herritik sortu zinelako, maite zaitu herriak»]. Nago herria baino mundua dugula, gero eta gehiago, joko eremutzat. Ba, hori, lelo txuri-urdinak dioen moduan, we are Real.
22:00. Hastear da Espainiako Kopako finala. Espainiako ereserkia entzun da epaileak txilibitua jota partidari hasiera eman aurretik. «Errespetuz» jokatzeko eskatu zuen klubak. Zabaldutako oharrean hala zioen: «Futbolean nortasun paregabea izateaz harro dagoen erakundea gara, #MadeInEuskalHerria». Athleticzaleek txistu dezenterekin eta kantu askorekin erantzun dute. Zabaldu duten oihal handian zioen moduan: «euskaldun zintzoak» dira. Zuek zer uste duzue, edozein ikur edo ereserkiri zor zaio errespetua?
Orain bai, has dadila partida.