Amaitzear dira Neguko 24. Olinpiar Jokoak. Otsailaren 4an hasi ziren, Pekinen, eta hilaren 20an amaituko dira, bi egun barru. Lehiarekin batera, azken txanpa betean dira Imanol Rojo eta Manex Salsamendi euskal kirolariak ere, eta gaur goizean jokatuko dute beren azken proba; azkena, eta ziurrenik haientzat garrantzitsuena: 50 kilometroko proba. Eguraldiagatik, ordea, azkenean 30 kilometroko proba bat izango da, eta ordubete beranduago hasiko da: 08:00etan –Pekinen 15:00ak izango dira–.
Gogotsu aritu dira biak gainerako probetan. Azkena eginiko estilo klasikoko 15 kilometroko proban, adibidez, 39. postuan sailkatu zen Rojo: 10. kilometrora arte onenengandik gertu ibili zen, baina gero behera egin zuen. Gustura bukatu zuen, hala ere. «Egindakoarekin oso pozik nago», adierazi zuen. Brasilgo selekzioarekin lehian ari den Salsamendi eskiatzaile nafarra, berriz, 90. postuan sailkatu zen. 50.35 minutuan amaitu zuen, eta irabazleak 12.40 minutu atera zizkion.
→ Ikusi gehiago: Imanol Rojo 39. izan da estilo klasikoko 15 kilometroko proban, eta Manex Salsamendi, 90.
Rojo, markagailuak hausten
Lehenbiziko saiotik eman zuen zeresana Rojo eskiatzaileak: tolosarra bizi-bizi aritu zen Pekingo Olinpiar Jokoetan egindako lehen saioan. 15x15 eskiatloia izan zuen gero, eta 21. postuan sailkatu zen. Gainera, bakarkako proba batean inoiz eginiko emaitzarik onena erdietsi zuen, eta Espainiako selekzioaren marka ere hautsi zuen. Orain, hirugarren eta azken proba gelditzen zaio, eta guztietan bereziena izango dela aurreratu du. «Hauxe da nire helburu nagusia», adierazi du, eta nabarmendu du aurreko Jokoetan lortutako 17. postu hori hobetzen saiatuko dela.
Salsamendi, lehen aldiz Jokoetan
Salsamendirentzat, berriz, lehen aldia da Olinpiar Jokoetan. Oso gutxi lehiatu da azken hilabeteetan, eta Jokoak behar bezala prestatzeko baliatu ditu azken hilabeteak. BERRIAk harekin hitz egiteko aukera izan zuen Jokoak hasi baino lehen, eta gogotsu eta itxaropentsu gerturatuko zela aurreratu zuen. Nabarmendu zuen ez zuela helburu finko eta anbiziotsurik, eta bere onena ematen saiatuko zela: «Niretzat garrantzitsuena zera izango da: lasterketak amaitzean dena eman dudala ikustea, eta nire esku zegoen guztia egin dudala sentitzea».
→ Ikusi gehiago: «Esperientzia handitzea izango da helburuetako bat»
[Youtube]https://www.youtube.com/watch?v=wLuBztM-U7c[/Youtube]