Goi mailako bi kirolari aurrez aurre daudenean, detaile txikiek erabakitzen dituzte demak. Hala gertatu zen atzo Iker Vicenteren eta Mikel Larrañagaren arteko apustua. Izan ere,Vicente nagusi izan zen, eta harentzat izan ziren jokoan zeuden 7.000 euroak. Baina eusteko ahalmen handia erakutsiz ez zizkion gauzak erraz jarri Larrañagak. Bosgarren oinbikoan, ordea, adar-begi bat agertu zitzaion Larrañagari, eta jada aurretik zegoen Vicente aldea handituz joan zen. Azkenean, 1.53ko aldearekin gailendu zen. 47.47ko denbora behar izan zuen otsagabiarrak atzoko lanak egiteko; azpeitiarrak, berriz, 49.40koa.
Aizkolariek egin beharreko lana hau izan zen: sei oinbiko (72 ontzako enborrak) eta hamabi kana-erdiko ebaki behar zituzten (54 ontzakoak). Larrañagak eraman zituen oinbikoak; atzo erabilitako egurrik handienak izan ziren, 1,6 metroko perimetrokoak. Bi kana-erdiko ere hark jarri zituen —1,2 metrokoak—. Gainontzeko hamar kana-erdikoez Vicente arduratu zen.
Ikusmina sortu zuen atzoko apustuak, eta lehia hasi baino ordubete eta 45 minutu lehenago jada hasi ziren Tolosako zezen plaza betetzen zaleak. Bete egin zen plaza azkenerako, eta zaleen hauspoa jaso zuten bi aizkolariek. Kontuan izan behar da azken hiru urteetan maila nagusiko txapelketan lehen bi postuetan sailkatu diren bi aizkolariak zeudela nor baino nor gehiago. Vicente izan zen txapeldun 2019an, 2020an eta 2021ean, eta Larrañaga txapeldunorde. Aldiz, azpeitiarra nagusitu zen iazko beste txapelketa nagusian: Urrezko Kopan.
Lan zailetatik abiatu zen Vicente: oinbikoetatik; Larrañaga, berriz, kana-erdikoetatik. Teknika da Vicenteren ezaugarri nagusia, eta hala erakutsi zuen beste behin apustu guztian zehar. Halako aurkari bati irabazteko onena eman beharko zuela ere jakitun zegoen Larrañaga, eta, 10 kilo jaitsita, fin plazaratu zen, eta antzeman egin zen. Teknikoki ez ezik, hauspo aldetik ere parez pare aritu ziren hasieran. Lan erdietara 23 bat segundoko aldearekin baino ez zenailegatu Vicente. Horra iritsi aurretik moztutako kana-erdiko horietan, bizitu egin zuen erritmoa.
Lanen bigarren zatian estrategia aldatu zuen Larrañagak. Eta, lehen zatian ez bezala, bigarrenean oinbikoekin ekin zion. Atzetik joan arren, Vicentek ez zion ihes egiten; eusten ari zitzaion. Bainabosgarren oinbikoan adar-begia agertu zen, eta hor hasi zen zapuzten demari buelta emateko itxaropena Larrañagarentzat.Hortik aurrera, kolpez kolpe errenta handituz joan zen Vicente, eta azken bi kana-erdikoetan gozatu egin zuen, jakitun baitzegoen poltsikoan zuela garaipena.
Gustura zen Vicente amaieran: «Oso pozik nago. Sasoiko ikusi dut neure burua, eta gustura nago egindako lanarekin», adierazi zuen Euskadi Irratian. Apustua irabazita noiz ikusi zuen galdetuta, hau erantzun zuen: «Halako lan luze batean zaila da kalkulatzea. Lan erdietaraino oso parekatuta egon gara, eta uneren batean arriskuan ikusi dut garaipena». Penaz zen, ordea, Larrañaga. «Ez da posible izan, eta pena da. Izan ere, gustura aritu naiz. Baina, oinbikoan adar-begia agertu ostean, ezinezkoa izan da».
Bi aizkolariek garrantzia eman zioten atzoko egunari, eta herri kirolarentzat zuen garrantzia nabarmendu zuten: «Jende asko etorri da. Hau gure mundua da, eta aurrera atera nahi dugu».
Egur batek erabaki du
Iker Vicentek irabazi du Mikel Larrañagaren aurkako aizkora apustua. Otsagabiarrak 47.47ko denbora egin du; azpeitiarrak, berriz, 49.40koa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu