Jon Ansotegi. Eibarreko jokalaria

«Egunerokoa ondo egin behar da, gerokoa ona izateko »

Eibarren jokalari egin, Realean heldu, eta berriz ere Eibarrera. Izan du AEBetara joateko aukera, baina armaginen deia jaso, eta ez zuen zalantzarik egin. «Burua hemen daukat orain», esan dio BERRIAri.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Arrasate
2016ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Urteko orain arteko goizik hotzenari egin behar izan dio aurre entrenamenduan Jon Ansotegik (Berriatua, Bizkaia, 1982). Ez dago, baina, halako jokalari garaia eta sendoa botako duen hotzik. Daukan onena eman du zelai erdi izoztuan, eta aldagelatik azkar atera da, elkarrizketa egitera. Zintzotasunez eta errespetuz beti.

Zer moduz Eibarren, etxean bezala?

Ondo. Hainbeste urte leku batean egon eta gero, banuen kezka apur bat nolakoa izango zen aldaketa, baina primeran ari naiz moldatzen.

Kezka, aldaketa Realetik Eibarrera izanda ere?

Ez da gauza bera Realetik atera eta Eibarrera etortzea, edo kanpora joatea; hori horrela da. Banekien Eibarrek deitu zidanean etxean nengoela, klubeko zenbait jende ezagutzen dut, eta ikusten nuen beste inon baino azkarrago moldatuko nintzela hemen. Baina beti egoten da zerbait hor barruan bueltaka...

Eibar izan beharrean beste klub bat agertu izan balitzaizu parean, utziko zenuen Reala?

Auskalo. Ikusi egin beharko zen zein zen aukera hori. Nire kasuan, Realetik ateratzekotan aukera ona izan behar zuen, eta Eibarrena bada aukera ona. Realean nengoen bezala egonda, izan nezakeen aukerarik onena atera zait Eibarrekin.

Ez zinen ari jokatzen, eta horregatik bakarrik utzi duzu Reala?

Ikusten nuen amaitua zegoela Realeko nire jarduna. Maiatzaren erdialdera arte bertan jarraitzea zen nire asmoa, eta gero beste aukera berri batzuk probatu nahi nituen. Baina neguko fitxaketen aldia bukatzeko bi egun falta zirela, Eibarren aukera atera zitzaidan, eta baiezkoa eman nion, nire lehengo taldea delako, etxetik gertu nagoelako eta Lehen Mailan jokatzen jarraitzeko aukera izango dudalako. Denborak esango du asmatu dudan edo ez, baina hartutako erabakiak ondo hartuak izaten dira beti.

AEBetara, New Yorkeko taldera joateko aukera ere izan duzu. Kontatuko duzu zerbait horretaz?

Ez zeukaten presarik ni hara joateko, liga apiril aldera hasten dutelako. Hitz egiten jardun genuen, eta bazuten interesa ni fitxatzeko. Niri ere aukera ona iruditu zitzaidan. Kanpora joateko aukerari balioa eman nion, beste bizimodu bat ezagutu nahi nuen, beste hizkuntza bat eta beste kultura bat. Eibarrena atera zenean, burutik kendu nuen AEBetakoa, baina ate bat zabalik geratu da. Badut asmoa etorkizunean hara joateko.

Zerbait lotuta utzi duzu haiekin?

Lotuta ez. Eibarren aukeraren berri eman nienean, ulertu zuten nire erabakia, eta atea zabalik geratu da. Bi aldeen interesak berdin jarraitzen badu, ez da zaila izango tratu egitea.

Eibarrekin egindako tratuan jasota utzi duzue AEBetara joateko aukera?

Zazpi partida jokatzen baditut Eibarren sasoi honetan, kontratua beste denboraldi batez berrituko dut automatikoki, baina kanpora joateko aukerari atea irekita utzi diogu kontratuan. Hala ere, nire gogoa eta burua Eibarren bakarrik daude orain. Ahalik eta maila onena eman nahi dut. Eta, gero, aukera onena zein den aukeratuko dut, baina orain ez daukat asmorik hemendik mugitzeko.

Zazpi partida horietako aurrenekoa jokatu duzu jada.

Bai, eta irabazi egin genuen [barrezka]. Hau luzea da, ordea, eta ez nabil kontuak egiten zenbat partida jokatu behar ditudan edo ez. Nik nire lana ahalik eta ondoen egingo dut; horrela eginda geratzen da bat lasai bere buruarekin.

Kontratuen gorabehera horiek arreta galarazten dizuete?

Ez dut uste. Bakoitza den bezalakoa da, eta denok ez gara berdinak, baina ez dut uste arreta kentzen digutenik. Nik garbi daukat futbolean ezin dela bizi epe luzera eta ertainera begira. Zerbait ikasi badut, horixe izan da: eguneroko lana ondo egitea. Gaur gaurkoa, eta bihar biharkoa, helburuak epe motzekoak jarriz. Hori da bide egokiena epe luzeko gauzak ondo ateratzeko.

Hortaz, ez da betiko esaldi bat futbolean egunetik egunera joan behar dela dioen hori?

Jende guztiak esaten du, eta zerbaitegatik izango da. Denoi gustatzen zaigu lehiaketaren hasieran esatea hau eta bestea lortuko dugula, baina bidean edozer gauza gerta daiteke. Horregatik, bidea ondo egitea da helburuak betetzeko modu errazena.

Nola aurkitu duzu Eibar?

Ezberdin lehengo aldean. Orain, Lehen Mailan dago, eta ni hemen egon nintzenean Bigarrenean zegoen. Bestela, lagun giroa betiko da. Eibar beti izango da Eibar. Ohitura zahar batzuk ez dira galdu, eta horiek ematen diote nortasuna Eibarri.

Zein dira ohitura horiek?

Gehienbat, normaltasuna, umiltasuna eta sinpletasuna jokalarietan eta klubean. Ez da erraz aurkitzen Lehen Mailan. Hori da Eibarren ezaugarri handiena. Aldagelan ere giro bikaina dago. Hona datorren jokalariak badaki lan egin beharko duela zerbait lortzeko, eta hori oso ona da.

Zubietatik Atxabalpeko instalazio eta baliabideetara, zer-nolako aldea, ezta?

Bai, baina hau ere hobeto dago lehengo aldean. Kadeteak-eta ginenean, Atxabalpen jokatzen genuenean, harrizko zelaia ere bazen hemen. Zubietan beste era bateko inbertsioak daude eginda, baina eman Eibarri denbora halakoak egiteko, pixkanaka joan beharra dago.

Azkenean, jokalariek moldatu egin behar duzue dagoenera.

Dudarik gabe. Futbolean egiteko ez da askoz gehiago behar. Bi zelai daude, eta bat ondo egotea nahikoa da; aldagelan jantzi eta dutxatu baino ez da egin behar, eta, horretarako, ez da gehiago behar.

Nola utzi duzu Reala?

Nahiko ondo utzi dut. Iritsi nintzenean, gorabehera handiak zeuden sozialki, eta egoera ekonomikoa ere ez zen ona. Orain, egonkortasun handiagoa dago. Bide onean doa. Kirol emaitza bi edo hiruk ezin dute bide bat baldintzatu, eta oraingo agintariek ondo egin dute pazientzia edukitzen, denbora emanez eta lanean utziz etxeko jendeari. Zenbat eta gehiago egon etxekoak, taldea gorago egongo da.

Eibarren ez dago Realean bezalako oihartzun mediatikorik, eta ingurua ere lasaiagoa da. Jokalariak zer du nahiago?

Batzuek nahiagoko dute hura, saltsa egotea eta hortik etekina ateratzea gustatzen zaienak ere badirelako. Beste batzuek, aldiz, ez dute ezer jakin nahi horren inguruan, lasai lan egin eta lasai bizi baino ez. Nik neuk nahiago dut lasai ibili, erdi ezkutuan egon.

Zer iruditu zaizu Jose Luis Mendilibar eta bere lan egiteko modua?

Ez da berria Eibarren, eta esperientzia handia dauka jokalariak entrenatzen Lehen Mailan. Uste dut Eibar leku egokia dela Mendilibarrentzat. Lan ona egiten du. Gerta daiteke lan ona egin eta emaitzak onak ez izatea, baina ez da hori kasua.

Makina bat entrenatzaile izan duzu Eibarren eta Realean. Bi berdin ez daudela esaten da. Hala da?

Ez daude bi berdin, ez. Denek dauzkate gauza onak, eta denengatik ikasi behar da.

Hitz egin dezagun gaurko partidaz. Celta da aurkaria. Horien kontra jokatzea beste batzuen aurka aritzea bezalakoa ez omen da, haien jokatzeko moldeagatik. Zer diozu?

Defendatzeko eredua ez da asko ikusten Lehen Mailan, buruz buruko zaintza egiten duelako askotan. Ezberdina da. Denbora gutxiago daukazu pentsatzeko, baina ahalik eta lanik onena egin behar dugu.

Entrenatzaile ikasketak eginda dauzkazu, eta gustatzen zaizu jokatzeko moldeak-eta aztertzea.

Bai. Gure gorputzak ematen du berea ematen duen arte, eta ondo etortzen da zelaian azkarrago pentsatzeko teoria jakitea. Azkarra eta ona denak ez dauka beharrik, baina ni bezalakoei ondo etortzen zaizkigu ikasketa horiek zelaian erabiltzeko. Besteak baino azkarrago gauzak ikusten saiatu behar dugu.

Teoria jakitea, hortaz, laguntza ona da praktikarako.

Bai, baina praktika bera ere bere horretan oso ondo etortzen da. Egunero ikasten dugu zerbait, eta niretzat oso garrantzitsuak izan dira teoriak, eta baita zelaian pasatzen ditugun ordu mordo horiek ere.

Entrenatzaile izango zara egunen batean?

Batek daki. Egunean egunekoa bizi behar da. Lan merkatua ez dago ondo, eta lanik gabe egoteak ez du samurra izan behar, iritsi astelehena eta curriculumak bidaltzen ibili beharra oso gogorra da. Futbola gustatzen zait, eta ea aukera dudan gustuko dudan honetan aritzekoa gero ere.

Ikasketak, baina, eginda dauzkazu.

Ingeniaritza Mekanikoa egin nuen Arrasaten, eta Goi Mailakoa Donostian. Berez, futbolean jarraitu nahiko nuke, baina aukerarik ez bazait sortzen, ikasketak ere hor daude. Dena dela, uste dut futbolean gehiago eman dezakedala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.