Egunero argitzen du

Europa Ligatik kanpo geratu ondoren, Athleticek buru-belarri aritu nahi du Ligan eta Espainiako Kopan

Luis Maria Bonini bigarren entrenatzailea, Fernando Llorente eta Andoni Iraolari argibideak ematen. MIGUEL TOÑA / EFE.
Donostia
2012ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
«Logikoena gertatu zen; Spartak eta Lyonek berdinketa nahikoa zuten aurrera egiteko, eta halaxe gertatu zen», esan zuen atzo Markel Susaetak (Eibar, 1987). Jokalariek ere badakite final-hamaseirenetara sailkatzea gehiegi eskatzea zela, miraria ia. Spartaken eta Lyonen arteko berdinketak Europatik kanpo utzi zuen Athletic, eta joan den denboraldian egindakoa errepikatzeko aukerak ihes egin zuen. Zuri-gorriek, beraz, deus ere jokoan izan gabe jokatuko dute azaroaren 28an Hapoel Kiryaten aurka atzeratutako partida. Ondorioz, Eibarren aurkako Kopako final-hamaseirenetako itzuliko norgehiagoka abenduaren 12an jokatuko da. Ordua zehateke dago.

Europa Ligatik kanpo geratzea kolpe gogorra izan da, zalantzarik gabe. Europako txapelketa batean parte hartzea izan ohi da bilbotarren helburuetako bat denboraldi bat hasten den bakoitzean, eta amaitzeko bi jardunaldi falta direla txapelketatik kanpo geratzea etsipena da. Susaetak nabarmendu zuen aldageletako animoak ez daudela onenean. «Taldea burumakur dago. Joan den sasoiko ilusio berarekin hasi genuen txapelketa, baina hain azkar kanpoan geratzea gogorra da».

Joan den sasoian Marcelo Bielsaren jokalariek ametsetako denboraldia egin zuten txapelketan:36 urteren ostean, berriro final bat jokatu zuten, eta Europa osoan zabaldu zuten klubaren izena. Diru iturri handi bat ere izan zen, Athleticek 9,5 milioi jaso baitzituen Europa Ligako finalera iristeagatik. Aldiz, kirol arloan ez zuten zorterik izan, eta At. Madrilek titulua lortzeko ametsa zapuztu zuen. Baina orduan ere, Bizkaian argitu zuen eguna, eta hurrengo finala noiz iritsiko zain daude.

Kolpearen ostean, suspertzeko aukera du Ligan Athleticek bihar, Deportivoren aurka. Galiziako taldea sailkapeneko zuloan dago, eta azken bi partidak jarraian galdu ditu. Susaetak, dena den, bi taldeen «puntu premia» nabarmendu, eta «hasieratik partidaren bila» joango direla esan zuen. Bernabeura joan baino lehen Athleticek bere bidea aurkitu zuela zirudien Sevilla eta Granadaren aurkako partidak irabazita. Taldeak sufritzen jakin izan zuen, eta sei puntu lortu zituen jarraian. Madrilen, ostera, mamu guztiak itzuli ziren. 5-1 galdu eta zuri-gorrien gabezia guztiak agerian geratu ziren. Eibartarraren arabera, azken jardunaldiko porrota ahazteko intentzioarekin ekingo diote Deportivoren aurkako partidari. «Hasieratik presioa egin, eta indartsu jokatu behar dugu».

Llorenteren itzulera

Aritz Adurizek zigorra bete beharko du bihar, eta, dirudienez, Fernando Llorentek ordezkatuko du. San Mamesek nola hartuko duen ikusteko dago. Llorenteren inguruan ere eman zuen iritzia Susaetak, eta «taldearentzat oso jokalari garrantzitsua» dela adierazi zuen.

Horretaz gain, Bielsak beste jokalari garrantzitsuen hutsuneak nola bete pentsatu beharko du. Gurpegik ez du jokatzerik izango, eta azken ordura arte zalantzan izango da Muniainek jokatuko duen edo ez; horien ordezkoakEkiza eta Ibai Gomez izan daitezke. Iraolak ere ziurrenik ez du jokatzerik izango, eta haren ordez Toquerok jokatuko luke eskuin hegalean. Susaetak, halere, adierazi zuen min hartuta daudenak ordezkatzeko «jokalari nahikoak» daudela.

Bestalde, Iñigo Ruiz de Galarretari ostegunean egin zioten ebakuntza ezker belauneko aurreko lotailu gurutzatuan. Klubak jakitera eman duenez, ebakuntzan ez zen «inolako arazorik egon» eta baliteke jokalariak gaur bertan jasotzea senda-agiria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.