Realak fitxatu zuenetik, «amets bat» bizitzen aritu da Aintzane Encinas (Donostia, 1988). Amets hori amaitzear dago. Baina Encinasek ez du iratzarri nahi. «Futbolarekin harremanetan jarraitu nahi dut, etxeko korridorean bada ere». Gogor borrokatu da emakumeen futbolak Realean merezi duen lekua izan dezan. Baikor da etorkizunarekin.
Zergatik erabaki duzu orain erretiroa hartzea?
Uste dut uzteko garaia zela. Futbola beste aldetik ikusi eta bizi nahi dut. Ez da izan egun batetik bestera hartutako erabakia; pixkanaka sentituz eta jabetuz joan naiz garaia zela. Baina, bat-batean, konturatzen zara esateko garaia dela. Une hori nahiko gogorra da, emozio handikoa.
Asko pentsatu al duzu?
Bai, buelta bat baino gehiago eman dizkiot, txikitako ametsarekin amaitzea baita. Erabakia hartu nuenean, lehenbizi klubari jakinarazi nion. Ondoren, taldekideei esan nien. Aldagelan bildu nituen, eta han kontatu nien. Leku horretan bizi izan ditut poz eta pena handienak, eta leku horren falta sumatuko dut gehien.
Azken denboraldian ez duzu askorik jokatu. Horrek izan al du eraginik zure erabakian?
Ez da izan eragin gehien eduki duen faktorea.
388 partida jokatu dituzu Realarekin, eta hamahiru denboraldi egon zara klubean. Zer esaten dizute datu horiek?
Nire txikitako ametsa betetzeko aukera izan dudala urte askoan.Entrenamendu, partida eta taldekide bakoitza ikasgai bat izan dira. Niretzat, zenbakiak ez, hori da garrantzitsuena: urte hauetan ikasi eta bizi izan dudana. Uneekin eta pertsonekin geratzen naiz. Ez dut sekula ahaztuko Zubietako azken partida. Oso eskertuta nago.
Zein izan dira urte hauetan jaso dituzun ikasgai horiek?
Duela hamahiru urte nituen amets eta ilusio berberak ditut, baina ez naiz pertsona bera. Futbolak laguntasuna zer den erakutsi dit, eta besteekin zintzoa eta egiazkoa izaten, baita nire gaitasun eta gabezietatik onena ateratzen ere. Oso ikasgai baliagarriak dira bizitzarako, eta taldekideek eta aurkariek erakutsi dizkidate. Realari eta futbolari esker hazi eta hezi egin naiz.
Lotsatia, umila, bizkorra, egiazkoa, borrokalaria... Halaxe definitu zaituzte azken asteetan. Zuk, ordea, nola definituko zenuke zure burua?
Ez da batere erraza norberak bere burua definitzea. Baina esango nuke pertsonalki eta profesionalki gauzak txukun eta zentzuz egiten saiatzen den pertsona bat naizela. Ez bakarrik niregatik, baita ingurukoengatik ere.
Zein arrasto edo ikasgai utzi nahi duzu zuk taldekideen artean?
Futbolean biziko duten une bakoitza irribarre batekin gogora dezatela esan diet taldekideei, ez direlako berriro gertatuko. Goza dezatela ahalik eta gehiena.
Zure anaiarekin hasi zinen jokatzen, Axierrekin. Zein oroitzapen dituzu?
Irribarre batekin gogoratzen ditut. Anaia lagunekin jokatzera jaisten zen auzora, eta ni, harekin. Eskolako patioan jokatzen genuen, Mundaizen. Hasieran, lagunen batek galdetu zuen zer egiten nuen nik han, neska bat nintzela. Baina, oro har, denek ondo hartu ninduten. Gero, eskolako futbol taldean jokatzen hasi nintzen. Urte hauetan bizi izan dudan unerik politenetakoa Mundaizko belar artifizialeko zelaiaren inaugurazioa izan da. Guk jokatzen genuenean, harri txintxarrez beteta zegoen. Ohorea izan zen inauguratzea.
Añorgak fitxatu zintuen gero. Orduan, Gipuzkoako futbol talderik onena zen. Nola bizi izan zenuen aukera hura?
Niretzat ikaragarria izan zen. 14 urte baino ez nituen, eta Arantxa del Puerto jokalariarekin aritzeko aukera izatea sinestezina zen, izugarria. Nire adina halako bi zuten.
Ez duzu, ordea, ahaztuko Realak fitxatu zintuen eguna. Beldurrez sartu omen zinen fitxaketaren berri eman zizuten bulegora.
Aurrena, Realak proba moduko batzuk antolatu zituen, eta, gero, Tolosan [Gipuzkoa] jokatu behar zuten txapelketa batean parte hartzeko deitu ziguten hainbat jokalariri. Txapelketa hori prestatzeko, zenbait entrenamendu egin genituen Zubietan. Ilusio ikaragarria egin zidan horrek. Txapelketa hura oso polita eta berezia izan zen, lehen aldiz Realaren elastikoa jarri genuelako. Handik egun batzuetara, guztiak Zubietan bildu gintuzten. Garbiñe Etxeberriak eta Iñigo Dominguezek banan-banan deitu gintuzten beraien bulegora. Oso serio eta lotsatuta sartu nintzen. Nire ametsa zen, eta ezin nuen sinetsi horren gertu egotea. Denak ni baino helduagoak ziren, eta zaila iruditzen zitzaidan ni hautatzea. Baina Iñigok [Dominguez] esan zidan fitxatu egingo nindutela. Sekula ez nuen pentsatuko hamahiru denboraldi egingo nituenik.
Zenbat eta zertan aldatu da Reala urte hauetan?
Aldaketa handia izan da, bai jokalarien aldetik, bai klubaren aldetik jasotzen dugun babesari dagokionez. Gauza txikiena ere borrokatu egin behar genuen, ordu arte gizonezkoen taldeak baino ez zeudelako Realean. Ez da erraza izan, baina pixkanaka urratsak eginez joan gara, gaur egun dugun egoerara iritsi arte. Dena eman behar izan dugu, eta egunero lan egin honaino iritsi arte. Inork ez digu ezer oparitu. Ondo merezita lortu dugu daukaguna.
Bulegoetan asko borrokatu behar izan duzue?
Leku askotan egin behar izan dugu borroka. Saiatu gara gure lana aitortua izan dadin, besterik ez.
Emakumeen futbola dagokion lekua lortzen ari da?
Profesionalizazioaren bidea hasi besterik ez da egin. Garai batean baino errazago egiten ari gara bide hori, baina asko dago egiteko. Gero eta diru gehiago sartzen ari da, eta klubak handitzen ari dira emakumeen taldeentzako aurrekontua. Telebistan ere ematen ari dira partidak. Horri guztiari esker, Ligaren kalitatea hobetzen ari da, eta gero eta zale eta jarraitzaile gehiago ditu emakumeen futbolak. Gure eskubideak ere hobetzen ari dira, baina oztopo asko gainditu behar ditugu oraindik. Horma asko daude botatzeko oraindik emakumeen futbolean. Profesionalen pare jokatzen dugu eta entrenatzen gara, baina ekonomikoki jasotzen dugun ordaina oso txikia da oraindik.
Nahikari Garciak zioen Realarekin kontratua berritzeko proiektu lehiakor bat eskaini behar ziotela. Azkenean, luzatu du. Realak ba al du gaur egun etorkizuneko egitasmo lehiakor hori?
Uste dut Realak beti izan duela proiektu lehiakor bat, eta egun ere oso maila eta kalitate handiko taldea duela. Gauzak ondo egiten jarraituz gero, goiko postuetan sailkatzeko lehian egongo da. Klubaren aldetik, emakumeen taldearen aldeko apustu bat ikusten dut, eta hala jarraitzea espero dut. Jokalariek ere orain arte bezala jarraitu behar dute lanean.
Azken urteetan, urrats nabarmenak egin ditu taldeak. Baina zer falta zaio Atletico Madrilen, Bartzelonaren, Valentziaren edo Athleticen mailara ailegatzeko?
Nik uste dut falta dena sinestea dela. Edozeinekin aurrez aurre lehiatzeko gai garela sinetsi behar dugu, batez ere barrura begira. Bakoitzak aurrerapauso bat eman behar du, baita klubak ere. Uste dut lan ona egiten ari direla, etorkizunekoa eta lehiakorra den proiektu bat osatzen ari delako.
Leire Fernandezek, Itsaso Uriartek eta Mariasun Quiñonesek ere kontratua berritu dute, besteak beste. Horiek al dira etorkizuneko proiektuaren oinarria?
Egun taldean dagoen edozein jokalari izan daiteke taldeko liderra, gaitasuna baitute. Uste dut futbolak berak erabakiko duela zeinek duen lider rola. Denek elkarrekin egin behar dute bidea.
Zein ezaugarri izan behar ditu lider horrek?
Lehiakorra izatea, proiektuan sinestea, taldekideei entzutea eta futbola asko bizitzea eta sentitzea.
Nola ikusten duzu harrobia?
Gipuzkoan, emakumeen futbolak oinarri on bat du. Baina Lehen Mailatik Bigarren Mailara salto handia dago, eta horregatik fitxatu behar izan dituzte kanpoko jokalariak. Harrobitik iritsi direnak ere oso gazteak dira. Baina harrobiak izan behar du taldearen nortasunaren ardatza.
Hemendik aurrera, zeintzuk dira zure asmoak?
Denbora daramat hori prestatzen. Soin Hezkuntzan lizentziaduna naiz, eta, gaur egun, taldeen zuzendaritzari buruzko ikasgai bat ematen dut entrenatzaileen eskolan. Nire asmoa da kirolarekin harremanetan jarraitzea. Taldeak entrenatzen jarraitu nahi dut, futbolarekin lotura izaten, etxeko korridorean edo ametsetan bada ere. Futbolean, erronka berriei heltzeko prestatzen ari naiz. Egunen batean Realeko entrenatzaile izan nahiko nuke.
Liburu bat idatzia duzu: Latidos de futbolista, eta erretiroa hartuko duzula iragartzeko ere eskutitz bat idatzi zenuen. Zer ematen dizu idazteak?
Bizitzen ari nintzena beti gordeta izateko hasi nintzen idazten, baita barrena askatzeko ere. Gero, guztia blog batean jasotzea erabaki nuen, eta han idazten jarraitzea. Izan ere, iruditzen zitzaidan hedabideek gutxi hitz egiten zutela emakumeen futbolaz, eta egiten zutenean ez zutela nik gustuko nuen moduan egiten. Kirol egunkari batean ere zutabe bat idatzi nuen. Orain, niretzat idazten jarraitzen dut. Gustatu egiten zait, eta barrena askatzen dut .
13 urte hauen inguruan liburu edo artikulu bat idatzi beharko bazenu, zein izenburu jarriko zenioke?
Jokatzeak ametsak sortzen ditu.
Aintzane Encinas. Realeko jokalaria
«Egunen batean Realeko entrenatzaile izan nahiko nuke»
Hamahiru sasoi talde txuri-urdinean jokatu eta gero, erretiroa hartzea erabaki du. Garaia dela «ikusi eta sentitu» du. Irribarrez gogoratuko ditu urte hauetan futbolean eduki dituen bizipenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu