Baikor dago Igor Anton (Galdakao, Bizkaia, 1983). Espainiako Vueltari nahi bezain ongi ekin ez arren, badirudi behetik gora doala, eta euskal zaleei pozen bat emateko moduan dagoela. Horixe da, behintzat, bizkaitarraren nahia. Presio apur bat sentitu arren, lo arazorik gabe egiten du, eta buruan ibiltzen dituen amets horiek errepidean erakustea gustatuko litzaioke. Orain arte itzalpean geratu da haren jarduna, ez baita izarren artean ibili, baina eguzki izpiak ateratzen hasi direla dirudi, eta eginiko prestakuntza lanak merezitako fruitua eman zain dago. Atseden eguna baliatuta, umiltasunez hartu dio telefonoa BERRIAri.
Zinez eskertuko da, noski, etaparik gabeko egun bat.
Izugarri eskertzen da, ezin daiteke imajinatu ere egin. Lehenengo astea inork uste baino gogorragoa izan da, gainera. Egunero gertatzen da zerbait, erorikoa ez bada erritmo aldaketaren bat, eta horrek guztiak nekea eta tentsioa sortzen du.
Nolako aho zaporea utzi dizu orain arte egindako lanak?
Denetik tokatu zait: egun onak eta txarrak. Valdezkarain eta Jakan sufritu egin nuen, baina gainontzeko maldetan onenekin batera ibili naiz, eta onak orain etorriko dira. Egun txar horiei alde ona bilatzen saiatu naiz. Hiru asteko itzulietan helmugan minutu erdi galtzea ez da asko, eta iruditzen zait txakalaldiak gainditu ditudala. Hemendik aurrera lan hobea egingo dut, egunetik egunera hobeto sentitu bainaiz. Beroa arerio gogorra izan dugu, baina ematen du eguraldia laguntzen hasi zaigula. Beroa ez da aitzakia, baina nekatuta ibili naiz.
Egun txarretan taldekideak alboan izan dituzu.
Zalantzarik gabe. Gorka Verdugok eta Amets Txurrukak gogotik egin dute lan nire mesederako, eta asko eskertzen diet. Valdezkarain bien artean eraman ninduten aurrera, eta eurak gabe denbora gehiago galduko nuen. Etapa lauetan ere beharrezkoa da taldekideen presentzia, babesean eramaten bainaute.
Garbi dago, ordea, zu zeu gero eta hobeto zaudela.
Nik hori nabaritzen dut, baina errepideak dauka azken hitza. Gutxienez, azken egunetakoari eutsi nahi diot, eta, ahal bada, aurrerago ibili. Faboritoen gurpilean ibiltzeko moduan ikusten dut neure burua oraintxe. Eurek egun txarren bat izanez gero, hor egon nahiko nuke. Prestakuntza handia egin dut Vueltarako, eta ez dut aukera alferrik galdu nahi.
Dezepzioa hartuko al zenuke orain artekoa ez hobetuta?
Nire iritziz, sekula baino prestakuntza hobea egin dut, mimo askorekin aritu naiz lanean, baina horrek fruituak ematea ez da batere erraza. Kirola krudela dela ulertu behar da askotan. 2010ean bezain pedal kolpe biziarekin ez nago. Orduko sasoia berriz hartzea zaila izango da, baina nabaritzen dut ongi eta gogotsu nagoela. Horri eustea izango da gakoa.
Helburua hitza aipatuta, zer datorkizu burura?
Jendeak eta taldeak zera esaktzen dit, tarteka etapa garaipenen bat lortzea. Baina dagoeneko lau baditut Vueltan lortuak, eta badakit momentu polit hori bizitzea zer den. Nire asmoa da sailkapen nagusian ahalik eta hobekien sailkatzea. Seigarren egiten badut, ba, seigarren, eta kito. Barruak husten baditut eta dakidana ematen badut, gustura itzuliko naiz etxera. Ez dakit noraino heldu ahal naizen oraindik.
Presiorik sentitzen al duzu?
Bai, nabaritzen dut, lehenengo egunetik, gainera. Halere, esperientzia hartzen ari naiz, eta lo egiteko arazorik ez dut izaten. Ikasi egiten da horrekin lehiatzen eta garai txarretatik ateratzen. Garrantzitsuena kontzentratuta egotea da, eta ahalik eta atseden handiena hartzea.
Euskaltel-Euskadik Wourld Tourrerako puntuak batu beharra dauka. Orain arte ez zarete fin aritu. Zeharka bada ere, horri begiratuko diozue.
Eguneroko gaia dugu hori, bai. Ez dago beste aipamenik: puntuak eta puntuak. Ni saiatuko naiz Espainiako Vueltari etekina ateratzen, baina ez dago erraza. Urrira bitartean, lana erruz egin beharra daukagu puntuak pilatzen jarraitzeko. Zurrumurruak ere ugari daude, baina guk gurean kontzentratuta egon beharra daukagu.
Zurrumurruak aipatzean, Jure Kocjan esloveniarra fitxatzeko aukera esan nahi al duzu?
Talde barruan denetarik entzuten dugu, baina ezer ez da ofiziala. Ez dakigu zer den egia eta zer den gezurra. Jure Kocjanena hainbat webgunetan irakurri nuen joan den astean, baina ezin dezaket ezer esan, ez dakidalako. Txirrindulari berriak etorri ala ez, guk gure blokeari eutsiko diogu, eta Euskaltel-Euskadik ez du orain arteko izaera galduko, ziur.
Atseden eguna baliatuta, erlojupeko ibilbidea aztertzen izan zara.
Hala da, eta oso gogorra eta teknikoa izango da, ahalegin handia eskatuko du. Hamar kilometroko mendatea igo beharra dago, eta hori ongi etorriko zait. Ni ez naiz espezialista, baina denbora asko ez dut galduko, behintzat. Mendateak dauden etapetan saiatuko naiz erlojupekoan galdutako denbora berreskuratzen. Dena den, zaila izango da faboritoak atzean uztea.
Izan ere, kanpotik erraz ikusten da, baina kontuan eduki behar da Vueltan dagoen maila izugarria dela.
Hori da. Chistopher Froomek eta Alberto Contadorrek izena ematen diote lehiari. Alejandro Valverde eta Joaquim Rodriguez ere sekulako txirrindulariak dira. Ezin ditugu ahaztu Rabobankeko Bauke Mollema eta Robert Gesink. Ezeren gainetik, oso lehia polita dago, eta Vuelta ikusgarria ari da izaten. Aldeak oso murritzak dira, eta datozen bi asteetan erabakiko da dena.
Nor jotzen duzu faborito?
Lau oilarretatik batek kale egingo du, baina ez dakit nork. Contadorrek, behintzat, ez. Sasoirik onenean egon ez arren, txirrindulari aparta da, eta Vuelta irabazteko aukera asko ditu.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta . Igor Anton. Euskaltel-Euskadiko txirrindularia
«Egun txarrak pasatuta, onak orain etorriko direla uste dut»
Urte guztian egindako lanaren azterketa osatzen ari da bizkaitarra Espainiako Vueltan. Oraingoz, nota onik atera ezinda dabil, baina gero eta hobeto sentitzen ari da, eta faboritoen gurpilean ibiliko dela iruditzen zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu